‘Gau Beltz’, ‘Gatzbako’, ‘Gibel egin’ eta ‘Mahaipetik txistu’ Euskaltzaindiaren Hiztegian

Bizkaie! 2025-06-17 12:46   Euskerea berbagai

Danetara, 52.091 forma jasoten ditu orain hiztegiak.

Azken sei hilebeteotan, Euskaltzaindiak 774 forma barri jaso ditu bere hiztegian (265 sarrera, 364 azpisarrera eta 145 ohiko lexia). Gainera, 1.635 forma zuzendu edo osotu ditu, hiru sarrera eta beste hiru azpisarrera hiztegitik kendu eta 10 sarreraren buruak aldatu egin ditu (Exonomastika batzordeak aspaldi araututako hizkuntza-izenak dira horreetatik 9).

Eguneratze horreenondoenz, 52.091 forma jasoten ditu orain hiztegiak (39.809 sarrera, 11.214 azpisarrera, 1.068 ohiko lexia), 70.291 adiera, 116.226 adibide eta 519 esaerazahar. Oraingo honetan, 2025eko lehen eguneratzean eginiko lanari eutsi eta sukaldaritzearen atala osotu da, ardaogintza eta hazkurri-kontuak gehituz Euskaltzaindiaren Hiztegiari.

Hona hemen adibide batzuk:

Sukaldaritzakoak: farfalle, tallarin, txipiroi(-)tinta, zainzuri fresko, gazta ondu/erdiondu/ketu, Idiazabalgo gazta, Erronkariko gazta, Ossau-Iratiko gazta, saltsa bizkaitar, saltsa beltz, saltsa napolitar...
Ardaogintzea: albariño, beaujolais, chardonnay, somontano, armagnac, orujo, erreserbako ardo, mahaiko ardo, meza(ta)ko ardo, Nafarroako ardo, Errioxako ardo, errioxa, Getariako txakolin...

Hazkurri-kontuak: txotx(-)garai, zabor(-)jan, nutrizioaren piramide, opil industrial, katalintzar...

Horrezaz gan, corpusetatik, hiztegiko adibidetegiko hitz-konbinazioetatik, beste batzordeetatik edo erabiltzaileen eskaeretatik jasotako formak be sartu dira hiztegian, besteak beste, amigdalitis, asperger, autolisi, ehem / ejem, meme, somnanbulu, airean ibili, airean erabili, altzairu herdoilgaitz, ariketa fisiko, aztarna ekologiko, bazterketa sozial, errealitate birtual, Gau Beltz, ito(-)pasada, kuku bat egin, kolpe zorririk ez jo, Ostiral Beltz, kaleko arropa, laneko arropa, lanaldi oso, lanaldi partzial, mahaipetik txistu…

Testuliburuen azpicorpusa lantzen dabil orain lantaldea, DBH eta batxilergoko lexikoa hiztegian islatzen dan ikusteko. Biologiako atala agiri da eguneratze honetan (hurrengoan landuko dira beste arloak): aldaketa genetiko, animalien zelula, arbaso komun, guruin endokrino, botox, eboluzioaren teoria, exokrino, karbono-14, mutágeno...

Azkenik, lehendik itxitako formak be gehitu dira, erabilereak egiten eban bidea ikusteko itxita egozanak, tartean, altsi bat bizk., apoplexia med., eguerdi on, etxe(-)jira, etxe(-)buelta Heg., familia ugari, galvanometro, ganorabakokeria bizk., gatzbako bizk., gibel egin Ipar., haluzinagarri, makiaveliko, zokomiran, zer suma...

Fintze-lana

Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko zuzendariak beste behin azpimarratu dau lantaldeak eten barik jarraitzen dauela hiztegia handitzen, baina, batez be, barrikusten, osotzen eta hobetzen. Esangura horretan, Urkiak esan dau fintze-lana izan dala seihileko honetan ardatz nagusia: aditz-erregimena barrikusi dogu, azpisarreretako definizinoak, sarreretako gramatika eta adiera-oharrak, adibiderik bako adierak, taxonak eta bestelakoak barrikusten gabiz. Forma asko ikutu arren lehendik geunkana berratondu, osotu, zuzendu, azken batean hobekuntza-lanetan jarri dogu indarrik handiena, hiztegia etenbarik barrikusi behar baita». Forma barriei jagokenez, daborduko oinarri sendoa dagoela azpimarratu dau Urkiak: «gero eta espezializatuagoak baitira corpusek bueltetan deuskuezan berba ezezagunak. Horregaitik, lehendik ditugunen adierak osotzeak be zenbakitan ez, baina edukia fintzen laguntzen dau.

Hona hemen fintze-lan horren adibide batzuk:

- Autismo iz. med. Nahasmendu psikologikoa, norberaren barrura batzea eta kanpoko munduagazko interes faltea ezaugarri dituana. Autismoa dauen umearen garunean konexino gitxiago dagoz eremuen artean. Autismo maila eta mota asko dagoz.

- Sukaldaritzako jakintza-arloa gehitu da:

Gratinatu, gratina, gratinatzen du ad. Bexamelez, gaztaz edo kideko gai batez estali dan jaki bati labean gaineko azala gorritu. Ik. gainerre. Purea gainetik bota, eta gratinatu egingo dugu.

- Definizioa moldatu da tximino sarreran (egoana: Gizakia ez den primatea): tximino iz. Hominidoa ez den primatea. Ik. tximu. Gorilak, orangutanak eta tximinoak.

Tximino batzuek bezala egin nahi dabe ikusten dabena. Tximino aurpegia.

Sarrerea moldatu da apustuzale sarreran eta adiera bi egin dira (egoena: apustuzale adj./iz. Apustuen zalea dena; apustularia. Apustuzale amorratuak dira euskaldunak):

- Apustuzale

1 adj./iz. Apustuen zalea dena. Apustuzale amorratuak dira euskaldunak. Gure aita zena ere oso apustuzalea zen. Ez da harritzekoa, hortaz, ludopatia ere gero eta ugariagoa izatea gurea bezalako gizarte jokozale eta apustuzale batean.

2 iz. Apustularia. Sarrera asko apustuzale fidelentzat erreserbatzen dituzte.

Euskaltzaindiak etenbari osotzen eta barrikusten dau hiztegia eta urtean bitan sareratzen ditu barrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena papeean atara ebenetik egiten dau holan eta 2025eko lehen seihilekoan eginiko lanaren emoitzak jasoten ditu gaur sareratutako eguneratzeak.

Beste alde batetik, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren 2025eko bagileko eguneratzean zuzendu edo osotutako sarrerak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu