Euskerearen bizibarritzearen aldeko Itun Soziopolitiko barriaren oinarriak aurkeztu ditue
2025-06-20 13:03 Euskerea berbagaiIrailean aurkeztuko da proposamenaren dokumentua.

Gaur, hilak 20, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Batuz Aldatu adostasun sozialaren Talde Eragileak euskerearen bizibarritzearen aldeko Itun Soziopolitikoaren oinarriak aurkeztu ditue Miramonen eginiko prentsaurrekoan. Proposamena lantzeko prozesuaren eta emoitzen barri emon ditue Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Aitziber Blanco alkarrizketa prozesuaren dinamizatzaileak eta Igor Arenaza (Athletic Club) eta Leire Alberdi (Euskal Kontsumitzaileen Alkartea) Talde Eragileko kideek.
Hizkuntza-politiketan jauzia emoteko beharra
Bada gitxienez hamarkada bat soziolinguisten eta euskalgintzako eragileen artean ardurea zabaldu dana euskerearen normalizazino prozesuaren inguruan. Bidegurutzea, errotondea, motelaldia, minbizia, larrialdia... erabili dira jazoten dana deskribiduteko. Egia da aurreko hamarkadetan, joan dan mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, susperraldi handia bizi izan dabela euskereak eta euskal hiztun komunidadeak, gizarte eragileen, erakunde publikoen, eta, batez be, herritarren bultzadaz. Baina datuek adierazoten dabe aldi hori amaitu dala eta jada esku artean ditugun erronka barriek jauzia eskatzen dabela euskerearen aldeko hizkuntza politiketan. Une honetan, jauziaren preminaren idea erabat txertatuta dago euskerearen normalizazinoak aurrera egitea helburu daben eragile danetan, izan erakunde publiko edo izan gizarte ekimeneko eragile. Azken boladako hainbat albiste eta titular horren lekuko.
Euskalgintzearen Kontseilua aspalditik dabil hizkuntza-politiketan jauzia behar dala aldarrikatzen. Esaten ezeze, jauzi horren nondik norakoak aztertzen, definiduten eta neurri zehatzak proponiduten.
Holan, 2021eko bagilean, Kontseiluaren ekimenez, Euskal Herri osoko eta askotariko 110etik gora alkarte, fundazino, enpresa eta sindikatuk Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu eben, euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuan jauzia emoteko beharra aldarrikatuz eta horren oinarriak zeintzuk ziran adierazo. Gaur hasita hizkuntza-politika barriak oinarri biren gainean egin beharko dirala: euskerearen ezagutza unibersalizetea eta erabilerako baldintzak sortzea.
Paradigma barria
Orduan adierazo eben oinarri bi horreek zirala jauziaren esentzia; paradigma aldaketea ekarren orain arte indarrean diran hizkuntza-politiketara. Izan be, euskerearen ezagutza unibersal egiteak etorkizuneko begiradea herritar danek euskeraz jakingo daben gizarte batean jarten dau.
Edozelan be, oinarri bi horreek gainditu egiten dabe orain arteko hizkuntza-politiken eredua, batez be euskerearen aldeko hizkuntza-politika aurreratuenak egiteko aukera izan dan Euskal Autonomi Erkidegoan erabili dana. Halanda ze, indarrean dagoan ereduak hiztun komunitate bi bereizten ditu. Hau da, minorientzat egindako politikak. Arauari salbuespen bakarra hezkuntza sisteman aplikatu dan politika izan da, hutsuneak hutsune, belaunaldi barriak progresiboki euskalduntzeko anbizinoz jokatu dan.
Horregaitik, euskerearen erabilerarako baldintza errealak sortzeko, minorien hizkuntza-politika hau gainditu eta euskal gizartea euskalduntzeko norabidean jarriko dan hizkuntza-politika barria beharrezkoa dogu.
Adostasun sozialetik itun soziopolitikora bidea
2021eko agerraldi haren ostean, 2022an, Sinatzaileen Batzarra egin zan eta aurrera urratsak emon zituen: aitatutako akordio soziala garapen politikoago batera eroateko konpromisoa hartu eban Talde Eragilea sortu zan, euskereak behar dauen jauzirako Itun Soziopolitiko barria osotzea helburu.
Ordutik lau urte pasa dira. Ziurgabetasunak eta aldaketen abiadurak ezaugarritzen dituen garaiotan denpora tarte handia. Gauza asko pasau dira 4 urte horreetan. Esaterako, Kontseiluko idazkaritza bera aldatu egin da. Baina, batez be, gertakari bik markatu ditue lau urte honeek euskerearen normalizazino eta bizibarritzeari jagokonean: batetik, indartu egin dira euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuaren agortze zentzuak. Azken azterketea, datu eta gertakari soziolinguistikoek demografikoaren bilakaereak, erabilera sozialaren jaitsierea, arnasguneen ahultzea, globalizazino eta digitalizazino azeleratua… erretratu iluna dakarte. Euskalgintzaren Kontseiluak euskerea eta euskal hiztun komunidadea larrialdian dagozela adieraztera behartuta ikusi dau bere burua.
Hori dana pasetan dabilen bitartean Batuz Aldatu dinamikako Talde Eragileko kideak lanean ibili dira, abiaburuko adostasun soziala itun soziopolitiko bezela garatzeko zereginean. AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazinoa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Konsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea (Taupa Mugimendua), Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Alkargoa, Mondragon Korporazinoa eta Nafar Ateneoa, lan isilean ibili dira azken urtebetean hartutako konpromisoa bete eta euskerearen normalizazino eta bizibarritze prozesuari ekarpena egiteko borondatez.
Proposamenaren dokumentua, irailerako
Irailean aurkeztuko jako dokumentua Batuz Aldatuko Sinatzaileen Batzarrari, baina aurreratzeko moduan dagoz berresten dabela ezagutza unibersal egitea eta erabilerarako baldintzak bermatzea dirala ezinbesteko jauziaren edo paradigma aldaketaren oinarriak. Arestian aitatutako larrialdi egoerak eta pasetan dabizen oldarraldiak are eta zentzu handiagoa emoten deutse oinarri horreei. Momentu honetan, euskerearen normalizazino prozesuaren egoerea, emon beharreko jauziaren irudikapena eta horretarako adostasunen premia hizpide dira gizarteko zenbait gunetatik, baita eragile sozial batzuen ekimenen bidez edota erakundeetatik egiten dabizen proposamenak tarteko be. Testuinguru horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak azpimarratu nahi dau ezagutzearen unibersalizazinoa eta erabilerarako baldintzak bermatzea dala hizkuntza-politiketan ezinbestekoa dan jauzia egiteko modua eta Batuz Aldatu dinamikak erakusten dauen lez, adostasun sozial handia dagoala horren inguruan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!