Euskera Gara

Patxi Saez Beloki 2025-06-09 11:04   Euskerea berbagai

Gu gara euskera. Euskerea gure barruan bizi da.

Patxi Saez Beloki. | Ikusi handiago | Argazki originala

Guk biziarazoten dopgu. Euskerea bizi dogu eta euskereak bizi gaitu. Guk elikatzen dogu eta gu elikatzen gaitu. Euskerea gara. Euskerea egiten dogunean euskereak egiten gaitu. Guk dogu, euskereak gaitu. Euskerarik barik ez gara, eta hori ukatu nahi deusku Madrilgo Erkidegoko Diaz Ayuso presidenteak. Gure izatea. Gaztelania eginez espainiarrak izan gaitezala eta uko egiteko euskereari, uko egiteko gure izateari, espainiarrak bakar-bakarrik izateko.

Espainiako inperialismo linguistikoak beste erasoaldi bat atond dau Espainiako Erkidegoetako 2025eko Presidenteen Konferentzian. Lehendakariak euskeraz egin dauenean, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo presidenteak uko egin deutso bere belarrietatik gaztelania ez dan beste hizkuntza bat entzuteari eta alde egin dau euskerea entzuten zan aretotik, espainiarra ez dan gure izatea ukatuz eta gitxi eretxiz.

Espainiarrak ez diran izate guztiak eta izate horrei lotutako hizkuntza guztiak ukatzen, baztertzen eta gitxi eresten ditu Espainiako inperialismo linguistikoak eta hori espainiarren artean oso zabaldua eta barruratua dagoan ideologia dogu. El Español hedabidearen arabera, espainiarren erdia baino gehiago, ٪ 56,6, ados dago Madrilgo presidentearen jarrera ukatzaileagaz.

Espainiako inperialismo linguistikoak espainiarra izateko hizkuntza bakarra gaztelania ezartzen dau eta inponiduten dau estaduko egitura sozial eta politikoaren luze-zabalean. Baina Espainiako gainontzeko hizkuntza gutxituetako hiztunei guzur handi bat sinistarazo nahi deutse: gaztelania bakarrik berba eginez izan daitekela euskaldun, katalan, galiziar edo Espainiako beste edozein herritakoa. Gaztelania ez dan beste hizkuntzarik ez dala jakin eta egin behar euskaldun, katalan, galiziar, aragoiar edo asturiar izateko eta sentiduteko. Espainiar izateko, ordea, gaztelania jakitea legezko betebeharra da Espainiako inperialismo linguistikoarentzat. Eta legezko betebehar hori, gainera, ez dago bigarren mailako lege batean jasota, legerik garrantzitsuenean baizik, Espainiako Konstituzinoan.

Inperialismo linguistikoak hizkuntza bakarra onartzen dau komunikazinorako, bizikidetzarako eta alkar ulertzeko. Gainerako hizkuntza guztiak herritarrak zatitzeko, banatzeko eta alkarbizitzea kaltetzeko dirala dinoe inperialismo linguistikotik.

Gurean, ostera, zatitzaileak eta baztertzaileak, Euskal Herria itoten daben inperialismo linguistiko biak ditugu. Horreek zatitzen dabe euskaldun jentea frantses-euskaldun eta espainol-euskaldunen artean. Inperialismo linguistiko bi eta linguizida horreetatik euskaldun jentearen zatiketea, banaketea eta isolamendua jatozkuz. Euskereak alkartzen gaitu eta auzoko erdara biek, barriz, alkarri bizkar emonda jarten gaitue.

Gutariko bakotxak hizkuntza asko izan leikiez, euskereak gu baino ez gaitu. Eta gutariko bakotxak, gure izateari eusteko, euskerea baino ez dogu. Euskera gara.

Patxi Saez Beloki (soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu