'Jauzia gara' goiburupean dator 2027an egingo dan Euskerearen Erabilerea Sustatzeko Biltzarra

Bizkaie! 2025-06-10 08:14   Euskerea berbagai

Euskerea bizibarritzearen inguruan adostasun zabala lortzeko bidea zabaldu nahi dogu.

Jauzia gara goiburupean, Pradales lehendakariak iragarri dau Euskerearen Erabilerea Sustatzeko Biltzarra egingo dala 2027an eta irailetik aurrera jarriko dala horretarako lan-dinamikea martxan; Bilboko Azkuna Zentroan egindako ekitaldian, gizarteak urteetan zehar euskerearen alde egindako lana autortu nahi izan da eta etorkizunari begira gizartearen inplikazinoa eskatu. Gizarteko sektore guztietako 270 persona baino gehiago batu dira euskerak behar dauen jauzi kualitatiboari buruzko ekitaldian: Oso urrats handiak egin dira, baina beste paradigma bat behar dogu, lortu dogunetik abiatuta jauzi kualitatiboa emongo dauen paradigmea, Pradales lehendakariak zehaztu dauenez. Lehendakariak Azkun Zentroan egin dau iragarpen hori, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta gizarte-sektore guztietako 270 ordezkari batu dituen ekitaldian: enpresa, finantzak, ostalaritza, sindikatuak, unibersidadea, hezkuntza, kultura, komunikabideak, osasuna, immigrazioari lotutako erakundeak, aisialdiko erakundeak, euskaltegiak, euskalgintzea, hizkuntzearen teknologiei lotutako entidadeak, erakunde publikoak, alderdi politikoak...

Lehendakariak dei egin deutse jardunaldian parte hartu daben eragileei arduraz jokatzeko eta euskerea eztabaida politiko instrumentaletarako ez deien erabili: danon atxikimendu eta inplikazinoa behar dogu. Konsensua. Edozein gizarte errealidadetan eragiteko, politika publikoak eta herritarren inplikazinoa garrantzitsuak dira beti. Baina hizkuntzaz gabizenean, garrantzitsua eta ezinbestekoa be bada. Euskerearen normalizazinoan pausu garrantzitsuak emon ditugu Herri bezela. Harro egotekoak.

Jose Antonio Agirre lehendakariaren 1956ko agintaldian, Euskadiren erronkei aurre egiteko bide-orria finkatzeko asmoz, egin zan Munduko I. Euskal Biltzarra erreferentzia hartuta, Pradales lehendakariak ondokoa proponidu dau: urte biko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen inplikazinoa bermatuko dauen nazinoarteko biltzar handi bategaz amaituko dan lan zabala eta sakona egitea, izan be, euskerea bizibarritzearen etorkizuna administrazino publikoetan baino gehiago, gure etxeetan, ikastetxeetan edo lantokietan jokatzen da.

Horrenbestez, irailetik aurrera, hori gauzatzeko lan-dinamikeari ekingo jako: begirada soziolinguistikotik helduko deutsagu bideari, euskerearen erronka nagusiek lotura estua baitabe erabilereagaz eta gizartean jazoten diran aldaketakaz.

Lehendakariak azaldu dauenez, bestelako emoitzak lortu nahi baditugu, bestelako gauza batzuk egite nahitaezkoa da, ezinbestekoa da euskalgintzeagaz eta euskerearen egitura klasikoaka loturarik ez daben sektore, eragile eta personak erakartea: atxikimendu emozionala eta konplizidade eta aliantzak eregi behar ditugu euskerea dabenen eta ez dabenenn artean. Euskerearen etorkizunak zubiak eta esperimentazinoa eskatzen ditu. Bai euskeraz dakigunok euskera gehiago erabilteko, bai ez dakitenak erakarteko.

Ekitaldiak ondoko idea izan dau ardatz: berba bat nahikoa da euskerea barruan eroatekoo. Berba hori haztea da erroneka. Euskereak azken hamarkadetan izandako ibilbidea eta etorkizunera begira dauen erronkea azaltzen daben bídeo biren bidez garatu da kontzeptu hori: sasoi batean gatxa zan horrieek (berbak) topetea. Euskerazko berbak ez ziran gure kaleetan bizi. Apurka-apurka berreskuratu genduzan. Banan-banan. Ahalegin handiz. Danon artean (...), oraindino be euskerazko berbak falta diran lekuak baitagoz. Eta berba batzuek bihotzak bilatzen baititue, hareetan ezartzeko.

Euskerea bizirik irauten dauen milurteko hizkuntzea da, adierazo dau lehen lehendakariordeak eta eskerrak emon deutsoz gizarteari euskerearen alde egindako ekarpenagaitik: belaunaldiz belaunaldi komunikatzeko, harremanetan jartzeko, elkar ezagutzeko, mundua ulertzeko eta hartu-emonak sortzeko euskerea erabili eben persona guztiei. Baita, beste leku batzuetatik etorri, eta zuen seme-alabek eta bilobek euskerea ikasi eta euskerea bihotzean izatearen aldeko apustua egin zenduen persona guztiei be. Joandako horri esker gagoz orain hemen. Legealdiko lehen urtean egindako ekintzen errepasoa be egin dau lehendakariordeak.

Ondoren, gizartea ordezkatzen daben sei personak igon dabe agertokira eta partekatu dabe euskereak zer erronka dauen eurek ordezkatzen daben arloan:

Eneko Agirre Bengoa HITZ Ikerketa Zentroko zuzendari eta EHUko Informatika Fakultadeko irakasleak aurrelari berbearen bidez lotu dau euskerea teknologiaren eta digitalizazinoaren munduagaz.

Janire Atxurra Lekanda eduki-sortzaileak uste dau euskerearen presentzia Aurrendaria dala sare sozialen bidez hartu-emonak izateko modu barrietan.

Luis Cárdenas Gonzalez kolonbiar jatorriko erizain eta euskaltegiko ikasleak Erresilientzia berbea aukeratu dau euskereagaz dauen esperientzia azaltzeko.

Itziar Idiazabal Gorrotxategi hizkuntzalari, ikertzaile eta ohorezko euskaltzainak Euskalirakaskuntzea nabarmendu dau etorkizuneko itsasargi bezela.

Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko presidentearen ustez, Garapena da euskerea eta enpresearen mundua lotzen dituan kontzeptua.

Miren Arzalluz Loroño Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusiak uste dau euskereak Autorpen handiagoa behar dauela mundu globalean hazten jarraitzeko.

Ekitaldian Mirua taldeak be parte hartu dau, euskerea mugez harago eroan nahi daben talentu handiko musikari gazteek osotutako taldeak. Hain zuzen, holan deitzen da abestu daben abestia: Mugaz gaindi.

Lehendakariak zarratu dau ekitaldia. Eta bertan egoan persona bakotxari euskerazko berba bat eskaini deutse, berba hori haz dezaten.

Euskerearen ibilbideari buruzko datuak

Azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 2021ekoa, 16 urtetik gorako herritarren artean, 809.000 dira euskal hiztunak. 1991an, ostera, 528.000. Hau da, gaur, ia 281.000 euskaldun gehiago.

Gazteetan emon da batez be hazkunde itzela. Piramidea irauli egin da. 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, 2021an, % 58 ziren euskaldunak. 1991an, barriz, % 22.

Erabilereari jagokonez ere, hazkundea egon da. Gaur, orain 34 urte baino 4 puntu gehiago.

Legealdiko lehen urtea

Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, berba hartu dauenean, legealdiko lehen urtean egindako ekintzen errepasoa egin dau: Eusko Jaurlaritzeak 600 eragileri eta 350 erakunderi baino gehiagori entzun dine, gizartearen kezkak ezagutu eta eragakirik onenak har daitezan. Holan, ondoko pausu honeek emon behar ditugu: lan-arloan eta arlo sozioekonomikoan, hizkuntzearen ezagutzan eta ikaskuntzan, arlo digitalean, gizarte hartu-emonetan eta hizkuntzari prestigioa emotearen arloan.

Lehen ahaleginak ezagutzearen arloan egin dira, hizkuntzearen ikaskuntzan hain zuzen be: Euskerea ikasi nahi dabenei erraztasun ekonomikoak jarri nahi izan deutsegu eta aurrera egin dogu dobakotasunerako bidean. Apustu hori emaitzak ematen dago. Ikasturte honetan, mailarik oinarrizkoenean (A1) matrikulazinoak % 20 igon dira, eta 16-18 urteko ikasleen artean C1 mailan, urte bitan, % 73 igon dira matrikulak. Eusko Jaurlaritzeak joan dan astean aurreratu ebanez, datorren ikasturtean euskaltegietan oinarrizko A2 mailan matrikuletan dan edozein ia doban matrikulauko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu