Mikel Bidaurrazaga: 'Energia asko daukagu, eta hori kanporatzeko bidea musikea da'
2019-11-11 08:00 BarriketanWicked Wizzard musika taldeko kidea.
2017an sortu zan Wicked Wizzard taldea, Mungian, eta harrezkero geratu barik dabil. 2018an atera eben lehenengo diskoa, taldearen izen berekoa, eta dagoeneko bigarrena bidean da. Baina hirukote honen ibilbide laburreko momenturik gogoangarriena urrian izan zan: 31. Bilbo Uria Nazinoarteko Pop-rock Lehiaketako sari nagusia irabazi eben, baita bigarren mailako beste batzuk be. Gasteizko Azkena Rock Festivalen joteko aukerea be ekarri deutse sarietako batek.
Mikel Bidaurrazaga da Wicked Wizzardeko bateria jolea (Iñigo Jauregi eta Unai Minguez dira beste kideak), eta Bilbo Uria Lehiaketako esperientzia kontau deusku. Euren talde kutunak zeintzuk diran, disko barria zelakoa izango dan eta aurrera begira ze asmo daukiezan be azaldu dau Bidaurrazagak.
1.- Bilbo Uria Pop-rock lehiaketan sari nagusia eta beste sari asko irabazi dozuez. Espero zenduen halakorik?
Pasa dan urtean metal atalean apuntau ginan eta ez gintuen hartu. Aurten pop-rock atalean emon dogu izena, probetako, baina esperantza gitxigaz. Finalaurrekoetan kantetako deitu euskuen eta horregaz pozik geratu ginan. Pentsetan genduan, gu pop-rock eta metalen erdibidean gagozanez, gatx eukiko genduala finalean sartzea. Horregaitik, kanturik onenak aukeratu genduzan finalaurrekoetarako, han emon genduan guztia. Kontua da finalera heldu ginala, eta zer abesti jo be ez genkiala geratu ginan, ze onena erakutsita geunkan aurreko fasean. Zeozer atondu genduan. Beraz, garbi dago ez genduala espero horrenbeste sari irabaztea.
2.- Bultzadea emongo deutsue Bilboko lehiaketako arrakasteak?
Baietz espero dogu guk. Pixkanaka joan gara orain arte geure bidea egiten, baina sari hau irabazita ikusi dogu geure inguruan mobimendua sortzen hasi dala. Orain arte geuk bilatu doguz kontzertuak, aurrerantzean lan hori errazagoa izatea espero dogu. Azken baten, guri jotea gustetan jaku, leku handietan zein txikietan izan bardin deusku, jotea da gure asmoa.
3.- Igaz metal atalean, aurten pop-rockean... zuen estiloa definidutea gatxa da?
Ez gara pop-rock eta ez gara metal, erdibidean gagoz. Geure burua stoner-rock estiloan sartzen dogu, baina interesgarriena da taldekide bakotxak musika klase desbardinak entzuten doguzala, beti rockaren barruan, eta hori polita da, ze sortzen hasten garenean, bakotxaren gustuak alkartu egiten dira. Badagoz talde batzuk hiru taldekideok entzuten doguzanak, eta horreen artean nagusia, Black Sabbath da. Ez dogu ezkutauko Black Sabbath izan dala beti gure influentzia handiena. Ganera, Pentagram, Deep Purple, Led Zeppelin... be badira gure erreferenteak, 1970eko hamarkadako rocka gehienbat.
4.- Zuek gazte-gazteak izanik, orain dala hamarkada batzuetako erreferenteak dozuez.
Gaur egungo musikea be oso interesgarria dala uste dogu, baina musikea industria bihurtu zanean, emozinoa edo espiritua galdu egin zan apur bat. Emozino hori sasoi haretako musikan topetan dogu guk, talde oldarkorrak izaten ziran, indar hori jasoten dogu guk.
5.- Ingelesez abesten dozue. Hori be Black Sabbath eta halakoen eraginez?
Neurri baten bai. Talde horreek kantetan dabenean daukien soinua gustetan jaku. Ingelesa aproposa da gure estilorako, erderaz edo euskeraz egitea ez da horren ondo geratzen. Badagoz euskeraz kantetan daben talde asko be, ederto egiten dabe, baina beste batzuk muga-mugan geratzen dira. Iñigok idazten ditu gure berbak, eta ingelesez gustura sentiduten danez, ba aurrera.
6.- Kantuetan zelako berbak entzun geinkez?
Iñigok idazten dituanez, haren barruko gogoetak topauko doguz. Batzuetan kritika soziala egiten dau, beste kantu batzuetan kondaira eta gai mitologikoetara joten dau.
7.- 2017an sortu zenduen Wicked Wizzard, eta igaz lehenengo diskoa plazaratu. Zelakoa da Wicked Wizzard izeneko lan hori?
Taldea sortu baino lehenagotik, Iñigok eta biok abesti batzuk euki genduzan idatzita, baina gordeta egon ziran. Unai batu jakunean, eta taldeak martxea hartu ebanean, beste abesti batzuk sortu eta diskoa ateratzeko bidean sartu ginan. Lagun batek, Jon Enderikak, James Morgan aurkeztu euskun, Mungiako Magic Box estudioko behargina, eta haregaz berba egin eta segiduan jakin genduan beragaz grabauko genduna. Gure taldearen aurkezpen moduan egin genduan lehenengo diskoa.
8.- Orain bigarren diskoa plazaratzear zagoze, 2020ko martirako kalean egotea da asmoa. Ze alde egongo da lehenengo lanaren eta bigarren honen artean?
Alde ikaragarria ikusten dot, aurrekoagaz bide bati ekin geuntsan, baina bigarren honetan askoz zehatzago ikusten da zer nahi dogun. Gogorragoa da, distorsionaduagoa, ez metal munduan sartuta, baina bai rockaren barruan distorsinoaren bila. Bestetik, askoz psikodelikoagoa izango da bigarren diskoa. Ganera, konposizino aldetik lan handiagoa dauka lehenengoak baino, kantak konplikaduagoak dira joteko. Interesgarria eta dibertigarria izaten dabil.
9.- Zelan doa diskoa grabetako prozesua?
Azken grabazinoak egiten gabiz, abesti gehienak grabauta daukaguz, gitarrako solo-ren bat edo beste baino ez jakuz geratzen. Soinua lantzea eta nahasketak egitea etorriko dira gero. Aurreikusitako fetxarako ondo goaz.
10.- Kontzertuak jotea da zuen pasinoa, lehenago esan dozunez. Zelakoak dira zuen zuzenekoak?
Beti pentsau dogu zuzeneko bandea garela, jente askok be hori esan deusku. Altu eta gogor joten dogu, eta hori disko batera eroanda ez da bardin geratzen. Ahal dogun guztia, eta ahal danik eta onena, botetan dogu kontzertuetan. Emonaldi bakotxa bidaia baten modukoa da guretzat, kantuak alkarregaz lotzea gustetan jaku, baina beti gogortasunari eutsita. Abestiren batean erritmoa pixka bat moteldu ezkero, ondoren barriro gora joten dogu, gero goi-goian amaitzeko asmoz.
11.- Hau da, kaña emotea da zuen ezaugarria.
Beharbada gazteak garelako izango da, energia asko daukagu, eta hori kanporatzeko bidea musikea da. Gure asmoa ez da ikusleari erakustea ze gogorrak garen eta zenbat zarata egiten dogun, beste barik behar hori izaten dogu. Lasai jo ezkero, gogoari eusten modura egongo ginateke.
12.- Hurrengo asteetarako kontzertuak hitzartuta daukazuez?
Horretan gabiz, baina batzuk badaukaguz. Seguruenez, abenduaren 7an, Bilboko El Tubon joko dogu. Aurretik, hil honen 30ean Oviedon izango gara, La Lata de Zinc aretoan joteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!