Beñat Gaztelumendirentzat azken final laurena
2019-11-04 08:27 BertsolaritzeaGipuzkoako Txapelketako finalaurrekoetan kantauko daben 18 bertsolarien zerrendea osotuta dago.
Azkoitiko Baztartxo Antzokian jokatu zan, zapatuan, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurenetako azken saioa. Beñat Gaztelumendik irabazi eban, alde handiz, eta hurrengo faserako txartela eskuratu. Puntuazinoari esker, Ane Labaka bigarrena be finalaurrekoetan izango da.
Sarrera guztiak agortu ziran Azkoitiko saiorako, izan be, asko egoan jokoan. Beñat Gaztelumendik ez eban hutsik egin, eta 475 puntugaz, onena izan zan Azkoitian. Ane Labakari 455 puntu emon eutsiezen epaileek. Hirugarrenak, Maialen Akizuk, batutako 443,5 puntuak ez ziran nahikoak izan hurrengo fasean sartzeko (azkenean, mugea 451,5 puntuan egon zan).
Laugarren lekua, Ander Lizarralderentzat izan zan (442,5 puntu), eta bosgarrena, Mikel Artolarentzat (425). Azkenik, 424 puntu batu zituan Ane Zuazubiskarrek. Final laureneko kanporaketetan, honeek epaileak ibili dira: Maite Sukia Olano, Zigor Leunda Eizmendi, Amaia Otxotorena Gamio, Oihana Aranguren Etxaniz eta Mikel Beloki Urkizu.
Finalaurreetan, 18 bertsolarik kantauko dabe. Final laurenetako saioak irabazteagaitik, Eñaut Martikorena, Agin Laburu, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi pasau dira; puntuazinoz, beste honeek: Iñigo Mantzizidor, Nerea Elustondo, Alaia Martin, Jokin Uranga, Iban Urdangarin, Amaia Iturriotz, Unai Mendizabal, Iñaki Apalategi, Asier Azpiroz, Beñat Lizaso, Haritz Mujika, Ane Labaka eta Unai Gaztelumendi.
Hiru saio jokatuko dira finalaurrekoetan, eta finalerako zortzi txartel egongo dira jokoan. Lehenengo kanporaketea Arrasateko Uarkape pelotalekuan izango da, hilaren 17an, oholtzan honeek dagozala: Agin Laburu, Eñaut Martikorena, Iñaki Apalategi, Nerea Elustondo, Unai Gaztelumendi eta Unai Mendizabal.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!