Laburu eta Martikorena, finalaurrekoetara

Bizkaie! 2019-10-21 08:06   Bertsolaritzea

Gipuzkoako Txapelketako final-laurenetako lehenengo kanporaketa biak irabazi ditue.

Agin Laburu, Irungo saioan (argazkiak: Gipuzkoako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Andoainen eta Irunen jokatu dira, astegoienean, 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako saio bi, lehenengo eta bigarren final-laurenak hain zuzen. Zapatuan, Eñaut Martikorena izan zan onena, eta, domekan, Agin Laburu. Hortaz, finalaurrekoetan kantauko dabe seguru. Ganerako bertsolariek be hurrengo fasean egoteko aukerea dabe, baina fase osoko puntuazinoen zain egon beharko dira.

Inaxio Usarralde gai jartzailearen esanetara, sei bertsolari batu ziran Andoaingo Bastero Kultur Gunean zapatuan. Eñaut Martikorena irabazleari 476 puntu emon eutsiezen epaileek. Bigarren, Iban Urdangarin izan zan (467 puntu); hirugarren, Unai Mendizabal (460,5).

Ondoren etorri ziran Iñaki Apalategi eta Asier Aspiroz, biak 458,5 puntugaz. Beñat Iguaranek 447 puntugaz konformau behar izan eban.

Irungo Amaia Zentroan, domekan, beste sei bertsolarik kantau eben. Agin Laburuk nagusitasunez eskuratu eban hurrengo faserako txartela, 495 puntu batuta. Bigarren eta hirugarren lekuan bardinketea egon zan, 455,5 puntu batu zituelako bai Beñat Lizasok eta bai Haritz Mujikak. Unai Gaztelumendik 451,5 jaso zituan, Iñigo Izagirrek 445,5 eta Maider Arregik, 425,5.

Hurrengo final-laurenak Eibarren, urriaren 26an, eta Azpeitian, 27an, izango dira. Zapatuan, Felix Zubiak, Gorka Maizek, Jokin Urangak, Jon Maiak, Mikel Tapiak eta Unai Muñoak kantauko dabe. Domekan, Alaia Martin, Amaia Iturriotz, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaranen txandea izango da.

Eñaut Martikorena, zapatuko saioan kantuan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu