Jesús Rafael Sotoren laugarren dimensinoa, Bilbon

Dabi Piedra 2019-10-18 13:47   Kulturea

Guggeheim Museoan dagoz artista venezuelarraren obrak, zezeilaren 9ra arte.

Jesús Rafael Sotoren obrak, Guggenheim Museoko 105. aretoan | Ikusi handiago | Argazki originala

Manuel Cirauqui komisarioaren aspaldiko asmoa izan da Jesús Rafael Sotoren obrak Bilbora ekartea, eta Atelier Soto erakundeagaz eta artistearen familiagaz izandako hiru urteko alkarlan emonkorrari esker zabaldu dau Guggenheim Museoak, gaur, Soto. Laugarren dimensinoa erakusketea. Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariaren esanetan, klasiko garaikidea da venezuelarra.

Bolibar Urian, Venezuelan, jaio zan Soto, 1923an, eta 1950eko hamarkadan Parisera joan zan. Arte plastikoak ikusteko eta ulertzeko modua aldatu eben Sotok eta XX. mendearen bigarren zatiko beste sortzaile batzuek, mugarria izan ziran laugarren dimensinoagaz bat egiteko asmoan. Mobimendua sortu nahi eben, geldirik egozan piezen bidez.

Hain zuzen be, pieza estatikoetan mobimendua antzemoteko, ezinbestekoa da ikuslea be obrearen parte izatea. Obrearen aurretik, albotik edo, kasu batzuetan, barrutik mobiduta, figura dinamikoak agertzen jakoz ikusleari begiaren aurrean, ondo landutako efektu optikoen bidez. Bilbon ipini dituen obretan ondo igarten dira horreek efektu harrigarriak.

Sotoren lehenengo esperimentazinoetako formatua koadro arruntak izan ziran, 1950eko hamarkadan. Mondriaan eta beste aitzindari batzuen irakaspenetatik abiatuta, kolore eta forma geometrikoen bidez sortu nahi eban mobimendua. Hamarkada haren amaieran, ostera, Frantzian jaiotako arte zinetikoaren kide bihurtuta, plano biko piezak egiten hasi zan Soto, baina forma geometriko eta kolore lauei eutsita.

Ilusino optikoetan oinarritutako mobimendua da Sotoren laugarren dimensinorako bidea, Manuel Cirauquiren arabera: ikusleari gogoa emoten deutso obrearen plano bien artean dagoan dimensino zehaztubako hori bilatzeko. Ganera, obra horreek (Sotok margolanak zirala inoan, formatua desbardina izan arren) aurrekari izan ziran gerora asmau eban beste kontzeptu baterako: Zeharkagarriak (Penetrables jatorrizkoan).

Izenak dinoan legez, ikuslea obrearen barruan sartu leiteke Zeharkagarriak sailean. Holako pieza batzuk ipini ditue Guggenheimen, jentea bertan sartu eta Sotok pentsautako mobimenduak antzemoteko. Soto. Laugarren dimensinoa erakusketan, beste sail ezagun batzuetako lanak be badagoz: Bolumen birtualak, Hedadurak, Progresinoak...

Cirauquik nabarmendu dauenez, bost hamarkadako ibilbidearen errepasoa da erakusketea. Sotogaz lotutako kartel, grabazino eta agiriakaz osotu dabe. Beheko solairuko 105. aretotik kanpo heltzen da: Museoaren ondoko urmaelaren ganean, zintzilik ipini dabe Lutezia esfera formatu handiko obrea.

Artista honen ikuspegi eraldatzailea publikoari hurreratzeko egokia da erakusketea, dino Vidartek. Mugak aztertu zituan beti, dimensinoen artekoak, pinturearen eta beste formatu batzuen artekoak. 2005ean hil zan Jesús Rafael Soto, baina haren ondarea jagoteaz arduratzen dira senideak. Bilbora etorri dira Anne eta Cristóbal seme-alabak, eta azken horrek berbaldia emongo dau bihar, zapatua, Paco Ibáñez musikariagaz batera. Sotoren zaletasun handietako bat zan musikea, eta Ibáñez eban lagunik minena, Cristóbal semearen gogoan dauenez.

Juan Ignacio Vidarte, Anne Soto, Cristóbal Soto eta Manuel Cirauqui (argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa)

2019/10/18 - 2020/02/09

Bilboko Guggenheim Museoan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu