Jesús Rafael Sotoren obra bat ipini dabe Abandoibarran

Bizkaie! 2019-10-03 08:38   Kulturea

Guggenheim Museoaren alboko urmaelean dago Sphère Lutetia.

'Sphère Lutetia' (argazkia: Guggenheim Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urriaren 18an aurkeztuko dabe Soto. Laugarren dimentsioa izeneko erakusketea Bilboko Guggenheim Museoan. Jesús Rafael Soto artista venezuelarraren atzera-begirakoa izango da. Hori baino lehen, museoaren ingurutik pasetan diranek zelako erakusketea izango dan jakin deien, Sotoren instalazino handi-handi bat ipini dabe museoaren kanpoaldean, Abandoibarra pasealekuko urmaelean.

Sphère Lutetia (Lutezia esferea) izeneko piezea 1996an egin eban Sotok, Parisko Zelai Eliseoetan jarteko. Zezeilera arte Bilbon egongo da, urmaeleko uraren ganean zintzilik. Esfera zuri-gorri handi bat da obrearen erdigunea.

Arte zinetikoa deritxonaren ordezkari nagusietako bat izan zan Jesús Rafael Soto (Ciudad Bolívar, Venezuela, 1923-Paris, 2005). Bere ibilbidearen gorenean, New Yorkeko Guggenheim Museoan erakutsi zituan artelanak, baita Venezia eta Sao Pauloko bienal entzutetsuetan be. Caracas uriko antzoki eta metro geltokietan be haren obrak dagoz.

Eskulturea eta instalazinoak landu zituan gehienbat, mobimenduan egozan edo horren itxurea emoten eben piezak eginez, arte zinetikoan ohikoa dan legez. Sotoren obra askotan, ikuslea barrura sartu leiteke. Forma esferikodun instalazinoak be sarritan egiten zituan, esate baterako, Bilbon ikusi leiteken Sphère Lutetia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu