Adolfo Arejita: 'Ahozko eta idatzizko ereduen arteko zubiak behar doguz'
2019-10-07 08:05 BarriketanEsanetik idatzira I liburuaren egilea.
Deustuko Unibersidadeko Filologia alorrean klaseak emoten egoala erein eban Adolfo Arejita irakasle, Labayru Fundazinoko zuzendari eta euskaltzain osoak orain atera dauen liburuaren hazia. Ikasleei entzun eta irakurritakoaren inguruan egindako oharrak, zuzenketak eta abarrak interneten ipini zituan lehenengo, monografiko labur lez. Labayruren eta Eusko Jaurlaritzearen eskutik, horreetako batzuk aukeratu eta Esanetik idatzira I. Gramatika-estiloen zabuan liburuan kaleratu ditu orain.
Azken baten, euskera idatzirako oharrak eta azalpenak dakarz argitalpenak, hainbat ataletan banatuta. Gramatikea eta estiloa hobetzeko jarraibideak dira, edozein euskaldunek ulertzeko moduan azalduak. Tradizinora eta klasikoetara jo dau Arejitak eredu bila, eta Ana Oar-Artetaren ekarpenak biribildu dau lana.
1.- Nondik dator liburu hau plazaratzeko asmoa?
Gramatika irakasle izan naz ni gaztetxutatik, Derioko Ikastaroetan lehenengo, eta 1980tik, Deustuko Unibersidadeko Euskal Filologia Sailean. 2019ra arte jardun dot horretan, eta materiala sortzen joan naz, ikasleei emoteko. Ze nire ardurea izan da beti estiloa jagotea. Ohar batzuk, testu monografiko banatan landu eta Labayru Fundazinoaren Bizkaierearen Ataria webgunean sartzen joan gara, halako 160 edo 170 bat daukaguz sarean. Modu didaktiko baten material hori papelera ekarri nahi izan dogu. Esanetik idatzira I ipini deutsagu izenburua, ze aukera bat egin dogu, gramatikako hainbat arlotakoak, baina gero bigarren bat, edo hirugarren bat, egingo dogu, gogoak eta indarrak ixten daben neurrian.
2.- Ikasleentzat egindako oharretan dago abiapuntua, baina liburua bera norentzat da egokia?
Euskerea gizarteratu da alderdi askotara: administrazinora, hedabideetara, literaturara, eskolara... zabaldu eta ugaritu da, baina badauka hutsune bat, ez daukalako transmisinoko hizkuntzeagaz lotura sendorik. Horregaitik, hutsuneak edo akatsak egiten doguz. Orduan, helburua da, euskerearen munduan dabilen teknikariari, esatariari... horri emon erraz irakurteko eran, gauza batzuen azalpena. Hizkuntza naturaleko eta tradizinoko adibideak ipinita, argibideak emotea. Aditua izan barik ulertzeko moduan idatzi dot. Lehentasuna ahozkoari emon deutsat, hau da, euskaldunok ohiko alkarrizketetan erabilten doguzan esaldi, esamolde eta halakoei.
3.- Erreferente literarioak be erabili dozuz eredua emoteko orduan. Ze idazle aukeratu dozuz?
Klasiko zaharrak eta modernoak hartu dodaz, hau da, gaur egungo idazlerik ez dot sartu, XX. mendera artekoak baino ez. Zaharrenen artean, Mogel, Frai Bartolome... barriagoen artean, Kirikiño, Domingo Agirre eta beste batzuk. Gerra ostekoak be badagoz, Eusebio Erkiaga adibidez. Liburua bera be Mendebaldeko euskerari begira egina danez, autore gehienak Mendebaldeko tradizinokoak dira. Gaur egun idazten doguna lotu behar dogu ahoz daukagunagaz eta tradizinoaren ondareagaz.
4.- Labayruk berak atera zituan orain dala urte batzuk Euskerearen Jarraibiderako Liburuak. Lan barri honek ze barritasun dakarz?
Ildo beretik dator hau, baina Euskerearen Jarraibide Liburuek gramatikea goitik behera aztertzen dabe, eta Gramatika-estiloen zabuan dalako honetan, egin dodoana zera izan da, puntu bat hartu eta horri eragitea, horren inguruan artikulu bat jostea, monografia lez. Alkarren osogarri dira hemengo azalpenak eta Jarraibide Liburuetakoak. Ganera, Labayru Fundazinoa badabil gramatikearen inguruko informazinoa on-line ipinteko ahaleginean.
5.- Liburuko edukiak zelan antolatu dozuz?
Bederatzi atal nagusi daukaz, bakotxa gramatikearen alderdi bati lotua. Eratorpena eta morfologia dagoz atal baten, izenordainena da beste bat, posposizinoena be badago... ei eta omen zelan erabili batu dot, eta onomastikea be sartu dot, a letraz amaitzen diran izenak aztertzeko, esaterako, Bizkaia. Gaien hautaketeak badauka zerikusia gaur egungo euskerazko erabilera normalduetan egiten diran hutsakaz. Garrantzitsua deritxot euskera formal horrek zuzentasuna eskaintzeari.
6.- Zugaz batera, liburuaren egile lez agiri da Ana Oar-Arteta azalean. Zelan lagundu deutsu?
Ana Oar-Arteta Labayruko irakasle eta materialgilea da. Luzaroan egin dogu lan alkarregaz, fidagarritasun handia eskaintzen dau. Liburu honetan, nik idatzitakoa orraztu, eta kasu batzuetan, osotu egin dau. Ganera, didaktikeari begira, koadroak, azpiatalak eta halakoak zelan ipini pentsau dau, ulergarritasuna handitu eta irakurleei errazbideak emoteko. Laguntasun handia izan da niretzat, horregaitik, bere izena azalean ipintea erabagi dot.
7.- Bizkaieraz idatzita dagoan arren, batuan idatzi nahi dauenarentzat be balio leike liburuak?
Ana Oar-Artetak berak esan eustan, Adolfo, liburu hau batuan ipiniko bagendu, baturako gramatika bat izango litzateke. Labayruk bere eginkizunen artean Sartaldeko hizkerak lantzeko ardurea daukanez, Bizkaiko euskeran oinarritu gara, baina horrek ez dau esan gura bizkaieradunontzat gramatika esklusiboa danik. Batasunaren bidean be pista asko emoten ditu. Nafarroako edo Iparraldeko ekarria ez da agiri, jakina, baina Sartaldeko eta Erdialdeko eduki asko dagoz, baturako balio dabenak.
8.- Euskerearen kalidadea eta bizitasuna galtzen doala uste dozu?
Batez be, urigune handietan egin dau behera. Normala be bada, zenbat eta gehiago gizarteratu euskerea, kalidade txarreko gehiago entzungo da, kaleko edo eskolako transmisinoak mugak ditualako. Badagoz euskera oso ona egiten dabenak be, hori bai. Transmisinoaren pisua erabili behar dogu hizkuntza on bat bermatzeko, eta horretan, idatzizko hedabideak inportanteak dira, eta ahozkoak zer esanik ez.
9.- Euskerearen ganean datu baikorrak emoten dira, baina ezkorrak ez doguz ezkutau behar.
Datu onak emoten dira, bai, baina itxura hutsetan geratzen dira. Benetan, uste dot egoerea larriagoa dala, agertu dana baino. Kopuruak handiak dira, baina transmitiduten dan euskerearen sendotasuna ez da horrenbestekoa. Umeakan ikusten da hori, herri txikietan be bai, aitita-amumetatik lobetara itzelezko etena dago.
Liburua, azken baten, hizkuntzearen aldeko metodologia hobetzeko laguntzinoa da, euskeraz dakienak, berak dakien euskera hori ez badau iraultzen idatzira eta maila formalera, etena egongo da, diglosia esaten dana. Ahoz eta idatziz darabilguzan ereduen arteko zubiak egin behar doguz.
10.- Hedabideok hobetzeko asko dogu alde horretatik?
Hedabideek zuzen erabili behar dabe euskerea, baina irakurleak erraz irakurri ahal izatea be bilatu behar dabe. Gauza gatxegietara jo barik, sintaxi korapilotsuak itxi eta eguneroko berbetatik hurrago dagoan moduan idaztea da kontua. Gauza bat be kontuan izan behar da: euskeraz berba egitea gauza normaltzat dogu, baina idatzizkora pasetako orduan, euskeraz irakurtea gatxagoa egiten jaku, alferrago gara horretan. Horregaitik, idatzizko hedabideen zeregina inportantea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!