Gramatikea eta estiloa hobetzeko jarraibideak batu ditu Adolfo Arejitak

Dabi Piedra 2019-09-26 13:37   Euskerea berbagai

Modu erraz eta dibulgatiboan eginda dago Esanetik idatzira I.

Adolfo Arejita eta Bingen Zupiria | Ikusi handiago | Argazki originala

Azken urteotan sarean batzen joan dan aholku, ohar eta zuzenketak papelera ekarri ditu Adolfo Arejita euskaltzain, irakasle eta Labayru Fundazinoko kideak, hiztun guztientzat erabilgarri izango dan tresnea sortzeko asmoz. Labayruk argitaratu dau Esanetik idatzira I. Gramatika-estiloen zabuan, eta izenak dinoan legez, aurrerago ale gehiago ateratzea da asmoa. Batez be, gramatikearen eta estiloaren inguruko argibideak datoz liburuan, labur eta erraz azalduta.

Gramatikearen eta estilo onaren arteko alkartze moduko bat da, azaldu dau Arejitak, liburu barriaren aurkezpenean. Ahozkoari emon deutso garrantzirik handiena, baina idazleen eta euskera klasikoaren ekarria ahaztu barik. Ganera, Ana Oar-Artetak orraztu dau lana, zuzenketak eta ekarpenak eginaz. Bizkaieraz idatzita dago liburua, eta, hortaz, mendebaldeko tradizinoa dau ardatz, baina erdialdeko hizkeretako adibideak be badatoz.

Unibersidadean irakasle egin dituan ia 40 urteak dira Esanetik idatzira-ren abiapuntua. 1980an sartu nintzan unibersidadean, eta hor pilotutako materialari bidea emon nahi izan deutsat, azaldu dau Arejitak. Interneten idazten izan ditu oharrak eta azalpenak lantzean behin, baina libururako horreetako batzuk baino ez ditu aukeratu, bildumearen hurrengo aleetarako gehiago hartuko ditualakoan.

Dibulgazinoa da oinarri-oinarrian liburuak daukan helburua, egilearen arabera. Jenteari gramatika kontuak modu erraz baten azaltzea da kontua, gauzak modu arruntago baten aurkeztuta. Sarrera guztiak laburrak dira, atalka banatuta, baina osotasuna bilatu barik. Hau da, danetariko gaiak tartekatu ditu, askotariko edukien alde. Atseginagoa eta aberasgarriagoa da holan, zehaztu dau.

Formatu arin horri esker, hartu eta itxi irakurteko moduko liburua da, Ana Oar-Artetaren arabera. Labayruk lehenago be atera izan ditu gramatika arloko jarraibide liburuak (2002an eta 2005ean), baina formatuak bereizten ditu orduko argitalpen hareek eta hau. Oraingo honetan, gramatikea osorik azaltzea barik, tresna praktikoa egitea izan da asmoa.

Prentsan eta komunikabideetan jasotako erabilera okerrak dira sarrera askoren oinarria. Ahozkoan zabaldu diran esamolde eta baliabide estilistiko batzuk ez dira zuzenak, eta tradizinoan aukera aproposagoak topau leitekez. Erabilera zuzen horreek emoten ditu Arejitak, idazleen lekukotasunak tartekatuta, baina helburu praktikoa ahaztu barik.

Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoagaz argitaratu dau Labayruk Esanetik idatzira I. Hori dala eta, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua aurkezpean izan da. Labayruk eta Arejitak berak Bizkaiko euskereari egin deutsien ekarpen zabala gogoratu dau Zupiriak. Ibilbide oparo horren emoitza barria euskaldunen esku dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu