Lizaso eta Maiz nagusi, Gipuzkoako Txapelketako bigarren asteburuan

Bizkaie! 2019-09-23 08:01   Bertsolaritzea

Zumaian eta Ordizian jokatu dira kanporaketak.

Zumaiako saioa (argazkiak: Gipuzkoako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, hirugarren eta laugarren final-zortzirenak jokatu dira astegoienean, zapatuan Ordizian, eta domekan Zumaian. Beñat Lizasok eta Gorka Maizek irabazi eben, hurranez hurran, eta, beraz, hurrengo faserako txartela daukie.

Ordizian, sei bertsolari egon ziran oholtzan, Maddi Labaka gai-jartzailearen aginduetara. Beñat Lizasok alde ederrez irabazi eban saioa, 445 puntu batuta, bigarren sailkatuaren, Asier Azpirozen 423 puntuen aldean. Hirugarren Ane Zuazubiskar izan zan (416,5), eta laugarren, Manex Mujika (416). Bosgarren lekua Aitor Urbietarentzat izan zan (402,5), eta seigarrena, Ainhoa Agirreazaldegirentzat (397).

Biharamunean, Zumaian, beste sei bertsolarik kantau eben, gai-jartzaile Saroi Jauregi zala. Gorka Maizi 441 puntu emon eutsiezen epaileek, eta Unai Muñoa bigarrenari, 434,5. Ander Lizarralde be ez zan urrun ibili (432,5). Laugarren lekuan Iñigo Gorostarzu geratu zan (416), bosgarren Jokin Bergara (404) eta seigarren, Beñat Jauregi (394).

Hurrengo kanporaketa biak irailaren 28an eta 29an jokatuko dira. Zapatuan, Zumarraga-Urretxun honeek bertsolariok egongo dira oholtzan: Eli Pagola, Iker Ormazabal, Iñigo Izagirre, Mikel Tapia, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal. Domekan, Elgoibarreko saioan, Ane Labaka, Endika Igarzabal, Eñaut Martikorena, Iñaki Gurrutxaga, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi izango dira protagonista.

Ordiziako saioa

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu