Lopategi, Mugartegi eta Etxahun gogoan Xalbador Egunean

Bizkaie! 2019-09-17 13:10   Bertsolaritzea

Urriaren 12an eta 13an egingo dabe aurtengo edizinoa, Urepelen.

Jon Lopategi muxikarra izango da omenduetako bat (argazkia: Bertsolari aldizkaria) | Ikusi handiago | Argazki originala

Deiadarra Alkarteak, urtero legez, Xalbador Eguna antolatu dau aurten be, urriaren 12an eta 13an, Nafarroa Behereko Urepel herrian. Fernando Aire, Xalbador bertsolari handi izan zanaren gomutan egiten dabe, eta aurtengoa 15. edizinoa izango da. Bertsoak, berbaldiak, jantzak eta bestelako jarduera batzuk dagoz egitarauan.

Xalbador bera ez eze, euskal kulturgintzan eta bertsolaritzan nabarmendu diran beste persona batzuk be omentzen ditue Xalbador Egunean. Aurten, hiru omendu dagoz: Jon Lopategi eta Jon Mugartegi bizkaitarrak eta Pierre Topet, Etxahun zuberotarra. Lehenengo biak XX. mendean bertsolaritzearen suari biztuta eusteko ezinbestekoak izan ziran. Etxahun, ostera, bizimodu gorabeheratsuko XIX. mendeko poeta eta bertsolaria izan zan.

Urriaren 12an, Gaztelondon zer berri? ikuskizunaz disfrutau ahal izango da Urepelen. Xiberutarrak taldeak eta Mixel Etxekoparrek sortu dabe. Hilaren 13an, urteroko mendi ibilaldia egingo dabe Xalbadorren Etxolara, eta ostean mezea egongo da.

Joxe Mari Iriondo kazetari, bertsozale eta ohorezko euskaltzainak aurtengo hiru omenduen inguruko berbaldia egingo dau, Etxahun Barkoxe, Jon Lopategi, Jon Mugartegi Gogoratuz izenburupean. Eguerdi partean, Bilboko Salbatzaile taldearen jantzak ikusi ahal izango dira. Azkenik, bazkalostean, bertso saioa egongo da, Sebastian Lizaso, Onintza Enbeitia, Maialen Arzallus eta Juan Joxe Eizmendi oholtzan dirala, baita erromeria be.

Deiadarra alkarteak urriaren 12 eta 13ko asteburuan Urepelera joateko deia egin deutse interesa daben guztiei. Horrezaz gan, aurten bertsopapel lehiaketea martxan ipini dabela gogoratu dau. Lanak bialtzeko epea irailaren 30ean amaituko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu