Xalbador Eguneko bertsopapel lehiaketea antolatu dabe

Bizkaie! 2019-08-05 12:25   Bertsolaritzea

Hamabost urtera arteko neska-mutilek hartu leikie parte.

Xalbadorren omenezko irudia, Urepelen | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero, udagoienean egiten dabe Xalbador Eguna Urepelen, herri haretako bertsolari handiaren omenez. Aurtengo edizinoan, ganera, gazteentzako bertsopapel lehiaketarako deia egin dau Deiadarrak, egitaraua antolatzeaz arduratzen dan alkarteak. Gehienez hamabost urte izan beharko ditue parte-hartzaileek.

Irailaren 30era arteko epea dago bertso-sortak bialtzeko. Bakotxak lau eta zortzi bertso bitartean izan beharko ditu, eta gaia librea da. Hori bai, zelan edo halan, Xalbadorregaz lotuta egon beharko dira entregautako lanak.

Epaimahaiak Xalbador Egunean bertan emongo dau irabazleen barri. Sari nagusiaz gan, Nafarroa Behereko euskalkian idatzitako bertso jarri onenei emondako saria be egongo da. Izan be, herrialde haretan dago Urepel, eta hango hizkerearen aberastasuna eta baliabideak erabili zituan Xalbadorrek bere bertsoei bizitasun handiagoa emoteko.

Aurten 43 urte beteko dira Xalbador hil zala. Efemeride horren bueltan antolatuko dabe Xalbador Eguna (normalean astegoien osoa hartzen dabe ekitaldiek), egitarau bete-beteagaz. Ohikoa izaten da, Xalbadorrez gan, euskal kulturan eta bertsolaritzan ekarpen zabala egin dauen beste personaren bat omentzea. Esate baterako, igaz, Joanes Arrosagarai, Ernest Alkhat eta Fermin Mihura gogoratu zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu