Armenia eta Eskoziako taldeak, besteak beste, 35. Getxo Folken

Bizkaie! 2019-08-29 09:32   Musikea

Irailaren 5etik 8ra izango da jaialdia.

Getxoko Kultur Etxeko arduradunek Getxo Folk BBK jaialdiaren 35. edizinoa aurkeztu dabe. Betiko moduan, mundu zabaleko kulturei adi, askotariko artistak ekarteko apustua egin dabe. Gune nagusia Areetako Geltokiaren plazan egongo da, eta hantxe ipiniko dabe azoka solidarioa be. Ibaiondo kalean, Munduko Eskulanen Azokea egongo da; Romoko Santa Eugenia plazan, ostera, Munduko Terrazak eta familientzako jarduerak.

Egitarau nagusian, ordainpeko kontzertuak dira aitagarrienak. The Nagrash Ensemble talde armeniarrak zabalduko dau programazinoa, irailaren 5ean, eta hurrengo egunean Marta Gómez kantautore kolonbiarraren txandea izango da. Hilaren 7an, Mariza fado-abeslari portugaldarra egongo da oholtzan, eta, azken egunean, Skerryvore talde eskoziar gaztea.

Arratsaldeko dobako saioetan be, goi mailako artistak egongo dira: Alos Quartet disko barria aurkezten, C4 Trío, Gwennyn bretoiak eta McOnak. Azkenik, Munduko Terrazetako saioetara, Masiompa talde getxoztarra eta Ugandan Sticks & Tambores de Ruanda konbidau ditue.

Familientzako egitarauan, Honolulu musika-ikuskizuna programau dabe hilaren 6rako. Biharamunean, Ukedada izeneko tailer-topaketea egongo da, ukelelea ardatz. Bestetik, Eskozia, Frantzia, Nafarroa eta Bizkaiko bandak kalerik kale ibiliko dira Areetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu