'Lau' diskoa dakar Alos Quartetek

Bizkaie! 2019-08-28 09:56   Musikea

Iruñeko aurrestreinaldiaren ostean, irailean Getxon aurkeztuko dau laukoteak lan barria.

Alos Quartet laukotea | Ikusi handiago | Argazki originala

Hogei urte bete ditu Alos Quartet taldeak, eta Lau izeneko disko barria plazaratu dabe efemeridea ospatzeko. Hamarkada biko ibilbide oparoa gogoan izan daben arren, kantu barriak sartu ditue diskoan. Modu ofizialean, irailean urtengo dau argitara azken hileotan landutako proiektu barriak, baina hilaren 20an Iruñean zuzeneko aurrestreinaldia egin eben.

Harresietako Jaialdian, Iruñeko Ziudadelako agertokian izan zan aurrestreinaldia. Amaia Elizaranen jantza-konpainiak lagunduta jo zituen Alos Quartetekoek Lau-ko doinuak jentaurrean lehen aldiz. Izan be, zuzeneko emonaldietarako, jantzea eta musikea buztartzen dituan ikuskizuna atondu dabe.

Diskoaren estreinaldi ofiziala, baina, irailaren 5ean izango da, Getxo Folk jaialdiaren barruan. Alos Quartetek 18:00etan joko dau, Areetako Geltokiaren plazan, kasu horretan be Amaia Elizaranen konpainiakoen laguntzinoagaz. Ondoren, Alos Quartet 20 urte birearen barruan, Gasteizen, Donostian eta Tolosan izango da laukotea, besteak beste.

Urteotan bidelagun izan dituen hainbat musikariren kolaborazinoak dakarz Lau disko barriak. Oreka TX, Izaro, Iñigo Egia, Juan Carlos Cambas argentinarra, Aitor Etxabarria, Ivan Alzate eta Enrike Solinis aitatu leitekez. Bapo-Bapo Produkzioak etxeak zabalduko dau diskoa.

Alos Quartet 1999an sortutako taldea da, musika klasikoan zein garaikidean esperientzia luzea eukien lau lagun alkartuta: Xabier Zeberio (nyckelharpa, biolina), Francisco Herrero (biolina), Lorena Núñez (biola) eta Iván Carmona (celloa). Harizko laukote formatua oinarri, gaur egungo musikea jorratzeko bide barriak edegitea da euren asmoa, estilo ugari arakatuz eta aurreretxiak baztertuta.

Diskoaren azala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu