Bea Sever: 'Gizarte guztiaren kontua da aniztasuna onartzea'
2019-08-16 08:09 BarriketanBilboko Aste Nagusiko pregoilaria.
Zapatuan, abuztuak 17, Arriaga Antzokiko balkoira urtengo dau Bea Sever Egañak, aurtengo Aste Nagusiko pregoilaria izateko aukeratu dabe eta. Aniztasunaren aldeko mezua zabalduko dau, bakotxa dan modukoa izanda be, danok daukagulako jaiak disfrutetako eskubidea.
Izan be, kazetaria ez eze, ume transexual baten ama eta Naizen alkarteko kide ezagunenetako bat da Bea Sever. Ume transexualen familiak batzen ditu Naizenek, eta errealidade hori gizarteratzeko kanpaina indartsuak antolatzen ditu. Alkartearen izenean, eskertuta agertu da Sever, Bilboko Udalak zein Konparsek askotariko jaien aldeko apustua egin dabelako.
1.- Zelan hartu zenduan pregoilari izateko proposamena?
Aitatu eusten nire izena egoala pregoilari izateko hautagaien artean, eta hasieran ezin neban sinistu. Pentsetan neban beste hautagairen baten alde egingo ebela. Horregaitik, harritu egin nintzan barria jakitean, ez neban espero. Oso pozgarria izan zan, batez be, jakitea aho batez onartu ebela Jai Batzorde mistoan, Naizen alkartearentzat oso garrantzitsua da halako babesa izatea, bozgorailua da guretzat.
2.- Pregoiaren zati bat Naizen alkartearen aldarrikapenak zabaltzeko erabiliko dozu. Ze alderditatik helduko deutsazu gaiari?
Aniztasunean sakontzeko deia egingo dogu. Hau ez da guri eta geure alkarteari bakarrik jagokon kontua, gizarte guztiari jagoko askotarikotasuna onartzea. Aniztasunaren balioa daukan gizarte baten danok izango gara askeagoak, benetan garena izan ahal izateko. Aniztasunak gizartea hobea bihurtzen dau, aberatsagoa.
3.- Aste Nagusiak erakarten dauen jente piloa kontuan hartuta, zuen mezua sektore barrietara zabaltzeko bide aproposa izango da?
Bai, ze txupinereagaz batera daukadan agendea oso zabala eta askotarikoa da, normalean heltzen ez dan leku batzuetara helduko da gure mezua. Aprobetxauko dot nire trans-txapa emoteko.
4.- Aste Nagusia, eta jaiguneak orokorrean, transexualentzat eremu debekatua dira?
Gizartea asko aldatu da, baina, aurreko belaunaldietan, persona transexualak diskriminazinora kondenau zituen sarri, ukazinora. Ezin eben benetan zirana izan, batez be emakumeak. Gaur egun, esparru guztietara heltzen da transexualen errealidadea, gure seme-alabek euren lagunen moduko bizitza normalak ditue, pixkanaka bagoaz alor guztietara zabaltzen, eta jaietara be bai. Kontua da disfrutau ahal izatea besteen maila berean.
5.- Zuk barrutik, familian, ezagutzen dozu errealidadea. Ume eta gazte transexualen egunerokoan traba asko dagoz?
Lehenengo gauzea identifikazinoa da, etxean daukaguna zer dan jakitea. Ondoren, onartu egin behar da. Hortik aurrera dana da errazagoa. Nire seme txikiak bere anaien bizimodu bardina dauka, besteen eskubide eta aukera bardinak izatea da helburua. Baina ume asko dagoz sufriduten, familia askok ez dakielako zer egin edo zelan jokatu. Sufrimendurik handiena ukazinotik dator, askotan nahi barik eginikoa. Behin euren egoerea ezagutu eta onartuta, gauzak hobera joaten dira. Nire semearentzat, sufrimendu guztia amaitu zan familian transexuala zala ulertu eta onartu genduan egunean. Nerabezaroan, euren identidadeagaz bat egiteko prozesu medikoak hasi nahi baditue, hor bai, traba gehiago egon leitekez.
6.- Chrysallis alkartea sortu zenduen ume transexualen familiek, gaur egun Naizen izena dauka. Hasiera-hasieratik kanpaina arrakastatsuak egin zenduezan, aitzindariak izan zineen gizarteak ukatutako errealidade bat konpleju barik zabaltzen.
Kanpainak egiten hasi ginanean, autobus famatua martxan ipini baino lehen be bai, 60 bat komunikabidek jo eben gugana: Portugaleko telebistea, BBC, CNN... itzela izan zan. Horrek erakutsi eban gaia ikutu barik egoala. Lau urte eta erdi pasauta, gaur egun mundu guztiak entzun dau zeozer gaiaren inguruan. Aurrerapausu handia izan zan, beste garai bat hasi zan. Pentsau, gure lehenengo kanpainan ez ziran benetako umeen arpegiak agertzen, marrazkiak ziran. Orain, gure seme-alabak agertzen dira Naizenen kanpainetan, ez daukagu hasierako bildurra gizartearen aurrean agertzeko.
7.- Kontrako kanpaina gogorrak eta desatseginak be izan zenduezen autobusaren kanpainearen harira. Hori zelan bizi izan zenduen?
Oraindino jasoten doguz irainak, lantzean behin, sare sozialetatik adibidez. Baina guk hasieratik pentsau genduan ez ginala sartuko halako burruketan, ez genduala erantzungo. Baten batek gorrototik egin nahi badau lan, guk garbi dogu hori ez dala bidea. Guk maitasunetik egiten dogu lan. Hezkuntzea da giltza, eta horretan jarriko dogu indarra.
8.- Bederatzi egunez, goiz, arratsalde eta gau ibilten da pregoilaria Aste Nagusian. Prest ikusten dozu zeure burua maratoiari aurre egiteko?
Agenda begiratu dot, eta egia da, ikaragarria da. Baina aurretik pregoilari izandako beste batzukaz egin dot berba, eta danek esan deuste kantsau egiten dauen arren esperientzia itzela dala. Gogo handiz nago. Pregoiak emoten deust ikararik handiena, ia ondo egiten dodan! Txupina entzuten dodanetik aurrera, dana emoteko prest.
9.- Aste Nagusian ibiltea gustuko dozu?
Bai, betidanik. Ni Algortan bizi naz, baina aita eta amak bilbotarrak diranez, txikitatik bialtzen ginduezan lehengusu-lehengusina guztiak Bilbora, amamaren etxera, jaiak bertatik bertara bizi izateko. Nagusitan be, ez dodaz inoz galdu. Gaztetan parrandea, gero seme-alabakaz... Ganera, azken bi edo hiru urteotan nebearen tabernan ibili naz lanean, ze Barrenkale Barrenan dauka lokala. Aurten ezin izango deutsat lagundu, baina seme nagusiak hartuko dau nire lekukoa. Niretzat oso desbardina izango da aurtengo Aste Nagusia.
10.- Zer dozu gogokoen jaietan?
Urtero familia-bazkaria egiten dogu, ama Algara konparsakoa dalako. Bestela, umeakaz beti joaten gara Txikigunera, euskal jantzetara, su artifizialetara... Txosnetan be ibilten naz, hango eta hemengo bokatak probetan, urtero egoten da bokata bereziren bat, eta hori probau egin behar da!
11.- Itsasne Núñez txupinerea izango dozu bidelagun aurtengo Aste Nagusian. Alkarregaz zelako bikotea osotuko dozue?
Oso ondo konpontzen gara, hasieran biok esan genduan subertea zala konexino ona eukitea gure artean. Ordu asko egingo doguz alkarregaz, eta pozik gagoz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!