Pregoilaria eta txupinerea, Aste Nagusirako prest

Bizkaie! 2019-08-09 14:33   Pil-pilean

Bea Sever eta Itsasne Núñez lehenengoz agertu dira jantzi tradizionalakaz.

Bea Sever eta Itsasne Núñez (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Aste Nagusia hasteko egun gitxi falta dira, eta jai biribilak antolatzeko azken ikutuak emoten dabiz Jai Batzordekoak. Aste Nagusian hutsik egiten ez daben pertsonaia bi dira pregoilaria eta txupinerea, Marijaiagaz batera jai eremu guztian zehar ibilten dira. Udaletxean egindako ekitaldian, jente aurreko lehenengo agerraldia egin dabe, Zazpi Kaleetako Merkatari Alkarteko bazkide diran jostunek egindako jantzik soinean dituela.

Pregoilaria Bea Sever Egaña da, Naizen alkarteko bozeroalea eta Bilboko taldeko koordinatzailea. Euskal Herriko ume transexualen familien alkartea da Naizen. Kazetaria eta Sexologoa be bada Sever. Getxon bizi dan arren, Bilbogaz eta Aste Nagusiagaz lotura estua dauka, guraso biak bilbotarrak ditu eta. Bea Sever arduratuko da Arriagako balkoitik pregoia irakurteaz, abuztuaren 17an.

Pregoilari izateko aukerea eskertu dau Severrek, transexualen errealidadea gizarteratzeko bidea emongo deutsalako. Bilbo aniztasunera eta alkarbizitzara bidean doala nabarmendu dau. Ume transexualen errealidadearen barri emongo dauela ziurtatu dau, baina drama ilunetan sartu barik, pregoia une alaia dalako.

Haren alboan izango da Itsasne Núñez Viadero txupinerea, jai hasierako txupina biztuteko prest. Pa...Ya! konparsako kidea da Núñez, unibersidadeko ikaslea zan sasoitik. Txupinerea aukeratzeko orduan, txandakatu egiten dira Konparsen Federazinoko konparsa guztiak, eta aurten Pa...Ya!-ri egokitu jako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu