Joseba Lakarra: 'Hizkuntzearen historian lan positiboa egitea da gure zeregina'
2019-08-12 08:11 BarriketanEuskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren zuzendaria.
Euskerearen historiaren eta bilakaerearen inguruko aditu nagusietako bat da, gaur egun, Joseba Lakarra hizkuntzalari eta EHUko katedraduna. Erreferentetzat daukan Koldo Mitxelenaren bidean sakonduta, Historiaurreko euskerea zelakoa izan zan jakiteko teoria ugari plazaratu ditu. Testu zaharrak aztertzen be ibilten da.
Euskaltzain oso da 2007tik. Hain zuzen be, Akademiak berak bultzatutako Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren (EHHE) zuzendaria da 2009tik. Proiektu horretan, euskerazko berben etimologia zehatz-mehatz emotea da helburua, hau da, nondik eta noiztik datozan eta zelan aldatu diran gaur egungo formea hartu arte. EHHEren lehen argitaraldia aurkeztu barri dau Lakarraren lantaldeak (EHHE-200), berak prototipo deitzen dauena, geroago bersino osoagoak ateratzea dalako asmoa.
1.- Euskal berben jatorriaz eta historiaz asko egin da berba, eta argitalpen bat edo beste be egon badago. Ze leku beteko dau, hortaz, zuen lanak?
Bai, euskal etimologiaz diharduen liburu eta artikulu ugari da aspalditik. Alabaina, etimologia zeri deritzogun da kontua: horren oinarri eta helburu hizkuntzearen barneko historia egitea da (gramatika historikoa, funtsean) ofiziokoen artean. Euskalaritzan Koldo Mitxelenaren lanari lotua dogu etimologia zientifikoa eta gu horri gagokoz. Zoritxarrez, bestelakoa ez da guztiz desagertu, baina pentsatzekoa da lehen edo gero hala izango dala beste edozein ikerketa tradizinotan bezela.
2.- Aurretik egin izan diran lan, ikerketa eta abarretan oinarritu zarie, ala hutsetik abiatu behar izan dozue?
Aitzindari hurbileko eta urrutiagokoen (jende asko eta ezbardinaren) lanean oinarritzen da beti ikerlaria. Gure artean Mitxelenarena eta bere ondoko diakronista eta filologoenean, eta ezaguna da horrek be bere zorrak dituala. Baina hori ez da nahikoa, jakina: urrunxeago, ikerketa tradizino askotatik hartu dogu aldioro: indoeuroparretik, erromanikotik, uralikotik eta bestetatik. Azken batean etimologiagintza ez da diakronia aplikatua baino, eta alor horretan garatutako teoria eta teknikak unibersalak izanik, edonon eskaintzen deutsuz eredu bikainak —dozenaka dagoz EHHE-200eko bibliografian eta edozein orrialdetan—, gero eredu horreek geure helburu, ahalmen eta baldintzetara egokitu beharra izan arren.
3.- Zeu zara proiektuko zuzendari. Nork gehiagok hartu dau parte, eta zelan antolatu dozuez eginbeharrak?
Hasieratik bertatik, 2009tik, Julen Manterola eta Iñaki Segurola ibili dira beren-beregi, eta azken laupabost urteotan, Euskaltzaindiko euren bestelako lanak itxi barik, Gabriel Frailek eta Koro Segurolak be jardun dabe. Lehen urteetarik Iñaki sarreren parte historikoaz arduratu da funtsean eta Julen protohistoriaz eta historiaurreaz; azken urteotan, baita koordinazino lanez eta erredakzino aurreratuaz be. Gabrielek eta Korok laguntzino ederra emon deuskue hainbat aurkibide eta zuzenketa-lanetan, eta baita erredakzinoko hainbat egiteko euren gain hartuaz be, beharra egon danean; parte historikoan batez be.
4.- 200 bat sarrera nagusi ditu hiztegiak, berba asko kanpoan geratu dira oraingoz. Zeren arabera aukeratu dozuez lehenengo edizino honetan agertu beharrekoak?
Egitura modularra garatu dogu, hizkuntzearen egitura aldakorra eta eskuratu leitekeen corpusa ahalik eta hobetoen islatu eian. Hau da, batetik letra bakotxeko harako ehuneko jakin batzuen inguruko laginak esleitu genduzan, makroegituran be arbitrariotasuna ahalik eta txikiena izan eiten. Gero, egitura hori horniduteko erespide eta hierarkia ezagun eta estandarren arabera antolatu genduzan langaiak: lekukotasunen antzinatasun gradua, hedadura dialektal zahar eta modernoa, konposatu eta eratorrien ugaritasuna eta, zelan ez, horreezaz sortutako bibliografiaren kalidadea kontuan izanik. Erespide horreek dira aurreikusitakoak EHHE-200 honentzat eta baita gero hau hazten jarraitzeko etorkizunean be.
5.- Erdia inguru maileguak dira, beste erdia inguru euskerazko jatorrizko berbak. Zergaitik banaketa hori?
Ez zan izan berariaz bilatutakoa, aitatutako erespideak gauzatuaz lanean aurrera egin ahala ia halabeharrez topautakoa baino. Hori bai, horretaz konturatu ginanean egitura hori gordetea onuragarri izan eitekeela ikusi genduan, jatorri bateko eta besteko familien tamainua eta egitureari buruzko zertzelada garrantzitsuak aztertzeko.
6.- Beste hizkuntza batzukaz alderatuta, lekukotza zahar gitxi dagoz euskeraz, eta ahaiderik be ez jako topau konparazinoak egiteko. Halako kasuetan, ze metodo erabilten dozuez berben etimologia, forma zaharrak eta garapena ondorioztatzeko?
Akabutik hasiaz, gure metodoak etimologiak egiteko edo forma zahar eta barriak bereizteko, zorionez, ez dira gureak, filologiak mendeetan zehar garatu dituanak baino. Bada, ganera, euskerearen corpus historikoaz eta lekukotasunez jakin beharrekoa dan eta zabalduegi ez dagoan zertzelada bat: Europatik eta salbuespen batzuetatik ateratzen garenean, Afrika, Asia, Amerika eta Ozeaniako hizkuntzen % 90a edo gehiago aztertzen daben hizkuntzalari eta filologoek nahi leukie izan euskerak dauen sakontasun diakroniko zein garai askotako ñabartasunaren parekorik. Jakina, corpusa ez da guztia, ezta garrantzitsuena be, eta horren ezagutzeak ez dau aurrera egin beti komeniduko litzatekeen beste.
Bestalde, berreraiketa estandarretara garoazan konparazinoak egiteko familia zabal eta ondo zehaztuak izatea zoragarria litzateke, baina hori ez izateak ez dau ezeztatzen ez oztopatzen historia egitea. Filologo eta diakronistek garatutako gainerako teknika guztiak ez dira ahaztu behar. Ustekizun gaizto bat ezabatu behar da: barneberreaiketa ez da bakarrik hizkuntza isolatuentzat sortutako metodoa, dagoeneko ia 150 urtez erabili dabe indoeuroperaren eta beste familia aberats askoren azterketan, eta emoitza harrigarriakaz egin be. Lehen konparaketea barrukoa, bere buruagaz egin beharrekoa da.
7.- Ze aurrerapen egon dira azken urteotan euskerazko etimologia eta historiaren alorrean?
Aurrerapen handiena dagoeneko aipatua dogu: Mitxelenari eskerrak beste edozein ikerketa tradizinotan bezela jarduteko erespide eta helburuak ezartea euskerearen etimologian. Geroztik be teoria diakronikoaren garapena ez da gelditu eta horren aurrerapenak gure lanean agiri dira: barneberreraiketa mistoa, erro eta morfemen egiturearen eta aldaketaren azterketearen ondorioak, gramatikalizazinoaren azterketearenak… Hainbat ekarpen interesgarri dira honelako gai eta metodoei lotuak eta ezin bestela izan, horreen ganean egiten dalako edozein hizkuntzaren historia. Dagoeneko hizkuntzalaritza historikoko eskuliburuetara be heldu da euskerearen inguruan egindako lana beste tradizino batzuetarako be eredugarri izan daitekeela.
8.- Etimologian ohikoak dira gizartean zuztartutako uste faltsuak, etimologia herrikoiak eta halakoak. Euskeraz zeintzuk dira, zure ustez, deigarrienak?
Ez dakit esaten; niri asko gustetan jataz madarikatu = madari + katu edo begiratu = begi + -ra + -tu. Eta badira beste batzuk twitterren eta interneten agertzen diran berba-jolas oso ondo asmatuak be. Ardura gehiago emoten deuste bestelako lilurek, esaterako gure hizkuntzea edo horren dialektoak izakera berezikotzat edo hartuaz, aldaezintzat jo eta hizkuntzalaritza historikoak oraindik gure artean zuztar makalegiak dituala erakusten dabenak. Egia da, zorionez, hau guztia erraz eta bizkor konpondu leitekeela: aurreko mendeetako testuak irakurtea (Refranes y Sentencias, esaterako) edo hizkuntzalaritza diakronikoko oinarrizko kapitulu pare bat nahikoa dira.
9.- Euskerazko berben eta hizkuntzearen beraren jatorriaren inguruan teoria xelebreak agertzen dira lantzean behin. Era honetako argitalpenek laguntzen dabe halakoei aurre egiten?
Bedar txarrak ez dira inoz errazenak ateratzen, bai zaletu itsuen artean eta baita euren burua hizkuntzalaritzat izan baina oinarrizko formazinorik eta filologikorik ez dabenei jagokenez. Hor da Blevins kasua, esaterako, lehenago Vennemann edo Forni kasuak izan genduzan legetxe. Beti pentsau izan dot gure egiteko nagusia ez dala horreei erantzun eta euren esamesak deuseztatzea; hizkuntzearen historian lan positibo eta eraginkorra egitea da gure zeregina, enparauko hizkuntzalari eta filologoek legez, eta hori da EHHE-200en dagoana. Autortu behar da, halandabe, besteek biztutako suak amatatzen ibili beharrak guztiontzat preminazkoago litzatekeena egiteko asti asko kentzen dauela.
10.- Zergaitik uste dozu gizartean horrenbesteko oihartzuna daukiela euskerearen jatorria azaltzeko agertzen diran teoria guztiek, baita bitxienek edo oinarri gitxienekoek be? Afrikako dogon hizkuntzea eta euskerea lotzen zituan teoria oraintsukoa da, adibidez.
Arrazoi bat baino gehiago dagoz: zientziaren ikuspegi zabaldu oso partikularra, kultura zientifikoan hizkuntzalaritzaz eta euskeraz beharko litzatekeena ez ezagutzea eta zabaltzea... Ganera, komunikazino tresna barriei gero eta lotuago dagoz barri guzurtiak, eta humanidadeetako ikerketearen bazterketa sistematikoa. Dogon hizkuntzearena anekdota barregarri bat baino ez zan izan, baina zoritxarrez halako gehiago eta larriagoak be badira, eta suhiltzaile lanak euskalariei tokau jakuz akabuan.
11- Hizkuntzearen iragana eta garapena ezagutzeak zelan laguntzen deutso euskerearen orainari eta geroari?
Zuzenean inola be ez, eta holan da, aldeak alde, oinarrizko edozein ikerketa eta alor zientifikotan. Zeharka eta luzera begira, aldiz, alderdi askotatik da onuragarri. Esaterako, jagokon erakundeak erabaki egoki eta oinarrituagoak hartzeko. Eta baita hizkuntzea eta horren historia maite dituanari istorioen eta ipuinen artean bereizteko lanabesak eskuratuaz, harrotasun hori, ez harrokeria, oso onuragarri baita bere neurrian hizkuntzeaz arduratu, erabili eta zabaldu deian.
12.- Euskerearen alor historiko-etimologikoan buru-belarri ibili zara zu aspalditik. Zelako satisfakzinoa dakartzu hiztegi hau, azkenik, kalean ikusteak?
Edozein diakronistarentzat litzatekeen moduan, poz handia izan zan orain dala hamar urte Euskaltzaindiak aurkeztu neutsan egitasmoari baietza emotea, analisi teoriko huts ziranak garatu eta gauzatzeko aukerea zan. Lehen emoitza edo prototipotzat hartu behar dan hau argitaratzean are handiagoa, jakina, baina handiena urteotan nire lankideakaz ikertzeko eta ikasteko izan dodan guztiagaitik, baita tartean egiteko eta sakontzeko dan guztiaz lehen baino hurragotik ohartzea eta horretarako hobexeago prestatuak izatea be.
13.- Proiektuak segidarik izango dau? Akaso edizino osoagoak sortzeko?
Hori da gure asmoa eta hala adierazo deuskue Euskaltzaindiaren Zuzendaritzatik be. Onartezina litzateke orain arte lortutako analisia ez fintzea, hobetzea eta zabaltzea beste 600 edo 800 berba-familiatara, euskerearen ikerketa diakronikoetarako aurrerapen erraldoia bailitzateke, hiztegi historiko-etimologiko on batetik itxaron daitekeen moduan. Zabalkunde lanak ez doguz ahaztuak, baina zabalkundeak lehenik zer zabaldu behar dau. Horretarako, bistakoa da, baliabide egokiak, giza-baliabideak, batez be, dira ezinbesteko, martxa hartzen hasia dagoan egitasmoa erregai bako ibilgailua legez geratu edo, Axularrek hainbat gorrotatzen eban bezela, geroratu ez daiten. Hala biz.
Argazkiak Euskaltzaindiak lagatakoak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!