Hiru kontzertu Bermeoko XXII. Jazzaldian
2019-06-28 13:24 MusikeaGaragarrilaren 3tik 5era egingo dabe Jazzber.
Jazz jaialdi handien hilabetea izaten da garagarrila, Getxon, Gasteizen eta Donostian batez be, baina beste leku batzuetan be bai. Esate baterako, Bermeoko Jazzberrek 22. edizinoa beteko dau aurten. Urtero legez, egitarau labur baina kalidadekoa dakar, inguruko zaletuen gozamenerako. Izan be, Busturialdeko jazzaldi bakarra da.
Alazne Zumeta, Bermeoko Udaleko Kultura zinegotzia; eta Igor Markaida eta Joseba Verdes Jizz-jazz talde antolatzaileko kideak egon dira jaialdia aurkezteko ekitaldian. Kalidadezko programa oso erakargarria atondu dabela azaldu dabe. Jazz zaletasuna bultzatzea eta ezagutzea da helburu nagusia, jazzaren mundua herrira ekarrita, aurkezpenean zehaztu dabenez.
Garagarrilaren 3an hasiko da Jazzber, Jon Urrutia Trio hirukotearen eskutik. Tradizinoa eta modernotasuna batzen dituan estiloagaz, musika klasikoa, garaikidea zein inprobisazinoa buztartzen ditu. Doinu etniko eta herrikoiak dira oinarria.
Hilaren 4an, ostera, José Ángel Lorente Quintet etorriko da Bermeora. Jazz barriaren soinua eta sentimenduz betetako konposizinoak dakarz boskote horrek. Urteko jazz egitasmorik onenaren BBK Saria irabazi barri dabe, Raíces diskoari esker.
Azkenik, 5ean, Szymon Klekowicki Sextet poloniarren txandea izango da. Seikote honen bereizgarria musika modernoa egiteko gogoa da, 2019an plazaratu daben lehenengo diskoan (A Day in the Bus) oinarrituta. Klekowicki taldeburuaren eta Adam Jarznik pianistearen konposizinoak joten ditue.
Hiru kontzertuak Kafe Antzokian izango dira, 20:30ean hasita. Sartzea doban da. Bermeo eta inguruko herrietako jazz zaletuei eta musikazaleei orokorrean, kontzertuakaz disfrutetako eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukerea emoten deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!