Jazz jaialdiak, nazinoartera heltzeko zubi
2019-06-11 08:06 MusikeaGetxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldiek musikaz beteko dabe garagarrila.
Alderdi kulturaletik ez eze, turismoaren aldetik be hitzordu garrantzitsu bihurtu dira Euskal Autonomia Erkidegoko hiru jazz jaialdi nagusiak, Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburu Sonia Pérez Ezquerrak nabarmendu dauenez. 2019ko Jazz Euskadi egitasmoa aurkezteko ekitaldian esan dau hori, Bilbon. Getxo, Gasteiz eta Donostiako hiru jaialdiak batzen ditu Jazz Euskadik.
Musika-jaialdiak erakargarritasun turistiko handia dira, bisitan jatorkuzan herritarrek partekatzen dituenak, eta horrek aberastu eta lehen mailako erakargarritasun turistiko izatera eroaten ditu, nazinoartekotu egiten gaitue eta kulturearen industria sortzen dabe, azaldu dau Sonia Pérez sailburuak.
Igazko jazzaldietan hoteletako okupazinoak izandako datuak emon ditue aurkezpenean: % 76 Getxoko Jazzaldian, % 87tik gora Gasteizkoan eta % 92 Donostiakoan. 50.000 lagun baino gehiago etorri ziran kanpotik, jaialdiek erakarrita. Euskal turismoaren motorra dirala uste dau Pérezek, eta bisitariak erkidegoko beste leku batzuetara bideratzeko abiapuntu aproposa.
Alkarren atzetik, garagarrilaren 3tik 28ra egingo ditue Getxo, Gasteiz eta Donostiako jazzaldiak, hurranez hurran. Aurtengo nobedadeen barri emon dabe Getxoko zuzendari Iñaki Saituak, Gasteizko Alberto Ibarrondok eta Donostiako Miguel Martinek. Agertoki nagusiaren lekualdatzea da, duda barik, Getxoko 43. Jazz Jaialdiaren nobedaderik aitagarriena: Bihotz Alai plazako karpatik, Getxo Antzoki barrira pasauko dira.
Iñaki Saituak azaldu dauenez, 20 kontzertu egongo dira Getxon hilaren 3tik 7ra. Jazzaren munduko artista ezagunei ez eze (Julian Lage, Kenny Barron, Paquito D’Rivera, Andrea Motis, Madeleine Peyroux...), talentu hasibarriei be lekua egiten deutse jaialdiak.
Gasteizen be leku barria estreinauko dabe, Falerinako lorategiak, baina Mendizorrotzako ohiko lekuan be emonaldi ugari egongo dira. Jaialdiko zuzendaria be barria da, Alberto Ibarrondok aurten hartu dauelako Iñaki Añua beteranoaren lekua. Gregory Porter, Jorge Drexler, Omara Portuondo eta Kamasi Washington dagoz garagarrilaren 15etik 20ra arteko egitarauan.
Azkenik, 24tik 28ra, Donostiako Heineken Jazzaldiaren txandea izango da. 120 kontzertu dagoz iragarrita, tartean Joan Baez, Diana Krall, Silvia Pérez Cruz eta beste artista ospetsu batzuenak. Hiru jaialdien artean, Donostiakoa da jentetsuena, igazko 175.000 entzuleak lekuko. Beteranoena be bada, hau 54. edizinoa izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!