Miriam Urkiaren 'lan isila' saritu dabe Bilboko Liburu Azokan
2019-06-03 13:37 Euskerea berbagaiUrrezko Lumea emon deutsie euskaltzain osoari, lexikografian egindako ekarpenagaitik.
Euskaltzaindia modernotu eta gizarteari hurreratzearen arduradunetako bat Miriam Urkia izan dala adierazo dau Ainhoa Arregi euskaltzain urgazleak Bilboko Arenalean, Urrezko Lumea emoteko ekitaldian. Bera arduratu da aurtengo saritua aurkezteaz, eta Urkiak euskalgintzan egindako ekarpenak errepasau ditu.
Batez be, hiztegigintzan, terminologian eta euskera batuko berben formak erabagiteko orduan Miriam Urkiak egindako lana gogoratu dau Arregik: Hiztegira heldu arte berbek egiten daben bidean laguntzaile dala azpimarratu dau berben bidelaguna da. Horrezaz gan, teknologia barriak eta euskerea buztartu ditu Urkiak, Arregik aitatu dauenez.
Lan isila da lexikografoarena, autortu dau Urkiak berak, saria jaso dauenean. Isila ez eze, luzea eta nekeza da berbak banan-bana aztertzea. Horregaitik, Urkiak adierazo dau saria ez dala berarentzat bakarrik, lantalde osoarentzat baino. Bera sare baten parte dala dino. Lantalde horretan gehienak emakumeak dirala ganeratu dau, berbetan hasten da bardintasuna.
Euskera baturako berbak eta formak aukeratzea erantzunkizun handiko zeregina da. Ondoren, hiztegien bidez heltzen dira erabagi horreek gizartera. Horretan ibili da Urkia, Euskaltzaindian zein UZEIn, azken urteotan. Estandarra erabagiten dogu, baina euskerearen kolore guztiak sartzen ahalegintzen gara.
Andres Urrutia euskaltzaina, Asier Muniategi Liburu Azokako arduraduna eta lehen aitatutako Ainhoa Arregi egon dira Miriam Urkiari Urrezko Lumea emoteko ekitaldian. Entzuleen artean be, sarituaren kide ugari batu dira: lexikografia ataleko kideak eta euskaltzainak (Adolfo Arejita, Jabier Kalzakorta...), besteak beste. Ia 30 urtez emon dau saria Liburu Azokeak, euskalgintzan nabarmendu diran gizon-emakumeei gorazarre egiteko. Miriam Urkiak dino ez dagoala ohituta sariak jasotera, eta honek beharrean segitzeko indarra emongo deutsala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!