Miriam Urkia: 'Baten ekarpenak bestearen iturburu izaten dira'
2019-04-08 08:05 BarriketanOraintsu izentautako Euskaltzain osoa.
Miriam Urkia Gonzalez (Aretxabaleta, 1965) Euskal Filologian doktorea (EHU, 1997). Aurretik Euskal Filologian lizentziaduna (Deustuko Unibersidadea, 1988). Lexikografia, corpusgintza, morfologia konputazionala eta hizkuntza-teknologiak dira bere lan-esparruak. UZEIko langilea 1983tik, Lexikografia saileko zuzendaria da 1992tik eta, teknologiei lotutako lan lexikografikoakaz batera, Euskaltzaindiari lotutako lanetan dabil. Hiztegi Batuko lantaldeko kide 1999tik, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradun 2013tik. Euskaltzain urgazlea da 2003tik eta Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria 2017tik. Euskararen Aholku Batzordeko kide be bada 2007tik. 2018ko zezeilaren 23an izentau eben euskaltzain oso Juan Mari Torrealdairen lekua hartuta. Kargu barriaren zina, barriz, 2019ko martiaren 29an.
1.- Euskaltzaindian lan handia egindakoa eta egiten zabizena zaitugu baina orain zeregin gehiago jatortzu. Kargu barriaren zinaren ondoren, ze gogoeta egin dozu?
Pozarren nago baina badakit kargu barriak kargea dakarrela eta hori egia da; lan gehiago izango dodala ukaezina da. Zinaren aurretik be nahikoa kargauta nabil beharrakaz baina hemetik aurrerakoak be gustora hartuko doguz.
2.- Hiztegitik kofradiara izenburuko sarrera-berbaldia irakurri zenduan Aretxabaletan eta Joan Mari Torrealdairen lana nabarmenduz ekin zeuntsan. Zergaitik?
Joan Mariren lekua hartu dot eta hori ez da gitxi. 75 urte bete zituanean emeritu izatera pasau zan eta 29. aulkia neuk hartu dot baina argi daukat Joan Mari ez dodala ordezkatuko eta aulki hori biona izango dala, konpartidutekoa; horregaitik etorri zan Joan Mariren aitamena, ze araudiak berak eskatuten dau ordezkatzen dan euskaltzaina aitatzea. Euskalgintzan eta kulturgintzan Joan Mari niretzako eredu izan da beti.
3.- Andres Urrutia euskaltzainburuak diplomea eta dominea ezarri eutsuzanean, zer sentidu zenduan?
Oso gatxa da itauna. Oso urduri nengoan, emozionauta eta sentimenduen arloan, ez naz akordetan, Oraindino jaubetzen, entendituten nago hau guztia eta sortu dan zaparradea. Hasieran ez nintzan konturatu zer etorren baina egunotan nabil jaubetzen euskaltzain osoa nazela eta horrek zer dakarren. Hartu, eskerrak emon eta handik alde, besterik ez. Sano hunkigarria izan zan eta beharrean jarraitzeko indarra jaso neban.
4.- Hiztegi-kontuak eta kofradia kontzeptua buztartu zenduzan sarrera berbaldian. Saregilez josia dago Euskaltzaindia, sarea ehuntzen, hau da, arautzen. IKER, JAGON, Orotariko Euskal Hiztegia, XX. mendeko Euskararen Corpusa eta Lexikoaren Behatokia...
Lan handia egin da urteotan eta danok bat eginda, kofradian; esan gura dot alkarlanean gabizela eta baten ekarpenak bestearen iturburu izaten dirala, saregilez josita dago Euskaltzaindia eta azkenean arlo guztiak buztargarriak diranez alkarri laguntzen jarraitu behar dogu; berbarako lexikografian gabizenok eten barik begitu eta ikertu behar dogu gramatikearen aldetik zuzena ete dan, izen propioen kasuan, nahitaezkoa da onomastikara jotea eta, sarrritan alderantziz be izaten dira konsultak eta jarraipenak.
Beste alde batetik, 21. mendean gagoz eta teknologia barriak eskura daukaguzanez, beste urrats bat aurrera egitea faltau jakula pentsetan dot; Euskaltzaindiak hori dana lotu eta kontrolau beharko leuke.
5.- Gauza asko eta beharrezkoak egin dira urteotan, Zalantza non, Euskaltzaindia han esan izan da beti baina erakunde arkaikotzat be bai jo izan da. Zein da zure gogoetea?
Euskaltzaindia ez dira 24 euskaltzain, danok gara Euskaltzaindia, batzorde eta behargin asko gara eta hor atzean jente gazte asko dago. Nik uste dot azken urteotan aurrera egin dogula nabarmen, gauza asko egin doguz, onak, sano aberasgarriak eta garai barrietara egokitzen gabizela. Abiadan eta zabalkundean, egiten gagozana erakusteko prozesuan dago, akaso eztabaidea ze batzuentzat motel ibiltea dana, beste batzuetzat polito ibiltea da. Atxaki moduan ez dot erabili gura baina euskaltzain batzuk edadekoak dira, gehienak gizonezkoak eta eleizginonak be bai. Zorionez euskaltzain urgazle gazte asko sartu da azken aldion eta horrek jarrera aldaketea eta aberastasuna ekarriko deutsoz Euskaltzaindiari. Irudi eta komunikazino aldetik be pausu batzuk emon doguz, webgune barria be hor dago eta horreek be positiboak dira.
6.- Euskaltzaindiaren Hiztegigintza Batzordearen sorrerea (1981) zein Mikel Zalbidek 1991n proponodutako 10.000-20.000 berba inguruko ortografia-hiztegia. Lan potoloak....
Bai. Gehiago be nabarmendu daitekez. Eredu handiak dira aitatu dozuzanak eta sasoi haretako hiztegigintzarako lanak ikaragarria izan zan. Europan eta mundu mailan, corpusak oso normalak zirala eta beste bide batzuk urratzen hasita egozala, Euskaltzaindia izan zan corpusak ekarri zituan lehenengoa. Sagarna, Aduriz, Azkarate, Sarasola eta beste batzuk, koadrila ederra ibili zan lanean eta horrek ondorioak ekarri ditu, eurei esker heldu gara gagozan lekura: Ia mende bat behar izan dogu lan hori eskuartean izateko baina azken 20 urteotan lan ikaragarria egin da.
7.- Lehengora etorrita, zer da kofradia eta zertarako izango da erabilgarria?
Kofradiak talde lana dakar gogora, etxe barruko koordinazinorako kontzeptua da, izan be, danok behar dogu danon barri, saregileak danok gara baina sare konpontzaileak eta gidariak be izan gaitekez, zuloak estaltzen ibili behar dogunok.
Akademiaren helburua zerbitzua eskaintzea da, baina XXI. mendean gagoz eta berehalako zerbitzua be beharrezkoa da, benetako beharrei erantzun gura badeutsagu.
8.- Papeletik digitalera salto eginda, zeintzuk dira orain egitekoak?
Ugari. Papeletik sarera egin behar da baina saretik papelera be badago zer ekarri. Hiztegi barruko bilaketak azkarrago egingo geunkez, berbearen gainean klik egionda, beratara zuzenen joan ahal izatea edo izen propioen kasuan, klik eginda bariante eta arauak zeintzuk diran ikustea, ohar gramatikalen jarraipen zehatza... Abantailak asko dira. Lotura horreek danak egin ahal izatea oso aberasgarria da danontzako, bai barrukoontzako zein herritarrantzako be.
9.- Hizkuntzalaritza aplikatuaren garaian gagozala esan izan dozu eta zergaitik ez dogun dana integretan. Zer esan gura dozu horregaz?
Horretan gabiz. Euskaltzaindiaren eduki mordoa integrau eta alkarbanatzen, zabaltzen ikasi behar dogu. Datutegiak eta personen lanen barri behar dogu; arazo bat dagoanean, horren jakitun izan eta erantzuten jakin behar dogu. Ni hiztegigintzan nabil eta ez dot behar enbarazurik pentsau eta aurrera egitea, hori bide okerra da.
10.- Oso oker ez bagagoz, umetatik eta gaur arte euskeraz egin izan dozuz ikasketa guztiak, Euskaltzain osoen artean, bakarra. Zer esan gura dau horrek?
Bai. Normala da, naturaltasunez bizi izan dot beti; Aretxabaletako Loramendi Ikastolako lehenengo promozinoko ikaslea naz, hiru urtegaz hasi nintzan; Almen Ikastolan be dana euskeraz egin neban, Aretxabaletako ikastolearen 50 urteak be gogoan dodaz eta harrotasun puntu bategaz dinotsut, Euskal Filologia eta Doktoradutza ikastaroak Gasteizen, dana euskeraz; beti ibili naz giro horretan.
11.- Andoni Sagarnak erantzun eutson zeure berbaldiari (Badator aire freskoa) eta azken 15 urtean, 14 euskaltzain oso barri izentau dituela ohartarazo eban, horreetatik 5 emakumezko. Bardintasunerako prozesu horretan zeri emon behar jako lehentasuna personearen gaitasunari, jakindureari ala beste zeozeri?
Ezelako duda barik eta espero dot holan izatea, personeari berari begitutea da nahitaezkoa, gizonezkoa zein emakumezkoa izan, egin dauen lanari eta Euskaltzaindiari egin leikion ekarriari. Zorionez, gaur egun emakumeek ez leukie zailtasunik izan behar zama handiko karguetarako. Emakumeon harrobia oso indartsua da eta izango da. Nik neuk gurago dot parekidea izatea gizon eta emakumeen arteko balantzea baina ez emakume izateagaitik, balioagaitik, gaitasuunagaitik, esperientziagaitik baino.
Bidebatez, tesi industrialean gabiz Amai Jauregizar, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) eta Ahozko Tradizioko Hizkeren Corpusa (ATHC) arloetako teknikariagaz batera buztarketa aberatsak egiten; jente gaztea indartsu eta gogotsu dabil beharrean.
12.- UZEIko langilea zara, Lexikografia saileko zuzendaria eta Hiztegi Batuko lantaldeko kidea. Ze erispide erabilten dozue euskalkietako berbak eta esamoldeak jaso eta hiztegi edo txostenetan sartzeko?
Erispide nagusia da idatziz agertutakoa izatea, dokumentautakoa izatea. Euskalkietako berbakaz bardin antzean jokatzen dogu, agirietan jasota badagoz, kontuan hartzen dira; idatziz erabili bada hori barrura doa.
Aurreko astean, beharrean gengozala mormoixetan berbea agertu jakun, marmarrean berbearen pareakoa edo, Aretxabaletan, Leintz Gatzaga, Debagoiena osoan asko erabilten dan berbea baina ez da sartu hiztegian idatzita ez dogulako topau. Atlasean agertuko da baina Hiztegi arauemoilean ez. Muga handia da eta penaz baina holan jokatzen dogu. Idaztea sano erabagiorra da, agirian geratu daiten eta hiztegira batu ahal izateko. Ahoskotasunetik gehiago hartzeko gogoetea beharrezkoa dala pentsetan dot.
13.-Euskaltzaindia mendeurra ospatzen dabil biltzar eta enparauakaz baina aurrera begituta, zeintzuk dira erronkak?
Bederatzi biltzar dira eta 5 egin doguz, azkena urrian amaitzea espero dogu. Erronka asko zehaztu doguz barriketaldi honetan baina beti dago zeregina. Gogoetarako urtea da hau eta horregaitik ondorioak atera eta hausnartzeko momentuak etorriko dira.
Gairen bat nabarmentzekotan, Euskera Batuaren 50. urteurrenaren harian, jente asko batu zan biltzarrean eta idea asko dagoz. Urte horreetan danatan ze aldaketa egon dan ikusi dogu eta gizarte mailako sektore askotan, irakaskuntzan, ekonomian eta beste batzuetan euskerea zelan normaldu dan ikustea be pozgarria izan da baina hutsuneak be ikusi doguz eta, beraz, asko dago oraindino egiteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!