Asier Garcia: 'Arrakastarako giltza jokalarien arteko giro ona da'

Dabi Piedra 2019-05-06 08:07   Barriketan

Bidaideak Bilbao BSR taldeko jokalaria.

Kontinente mailako Euroliga 1 txapelketea irabazi dau Bidaideak Bilbao BSR errubera-aulkiko saskibaloi taldeak. Sheffielden jokatu eben apirilaren 27an eta 28an lehiaketako azken fasea. Moltsoen fasean etxeko Steelers eta Alemaniako Köln 99ers gainditu zituen, eta finalaurrekoetan, Frantziako txapeldun Le Cannet. Finalean, Turkiako Besiktas faboritoari irabazi eusien bilbotarrek, 71-67. Klubaren 23 urteko historian lehenengo titulu ofiziala da honako hau. Hortaz, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari gorenek harrerea egin eutsien Ingalaterratik bueltan.

Asier Garcia da Bidaideak Bilbaoko jokalari beteranoetako bat, etxekoa ganera. 2016an zidarrezko dominea irabazi eban Rio de Janeiroko Joko Paralinpikoetan, baina berarentzat berezia izan da orain Euroliga 1 irabaztea, Bilbao BSR-k emon deutsan guztia bueltetako modutzat hartu dauelako. 2014ko Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta BAT Basque Teameko partaide be bada.

 

1.- Azken urteotan Bidaideak Bilbao tituluak irabaztetik hur ibili da, baina ezin finalak irabazi. Behin Euroliga 1 txapelketea irabazita, zer sentidu dozue?

Oso pozik gagoz, egun mobiduak izan dira honeek. Baina gustura gagoz, urte askotako lanak frutuak emon ditualako, jente askoren ahalegina dago honen atzean. Aurten bertan Errege Kopako finala galdu dogu, aurreko urteetan be finalak galdu... ondo jokatzen ibili gara, baina txapelketaren bat irabazi nahi izan dogu, gure atzetik dabizanen konfiantzea saritzeko.


2.- Klubaren lehenengo titulu ofiziala da. Bultzadea izango da Bilbao BSR-rentzat?

Bultzadea baino, nik uste azken aldiko lana ondo egin dogula erakusten dauen saria dala. Etxeko jentearen alde egin dabe klubean, harrobia lantzearen alde, etorkizuna ziurtauta eukiteko. Hori kanpotik etorritako fitxaketei gehituta, ikusten da proiektua finkatuta dagoala. Guk geuk be ikusi dogu lanaren eta ahaleginaren bidez tituluak lortu leitekezala, orain dala gitxira arte ezinezkoak emoten eben helburuak bete leitekez.


3.- Oinarri sendo baten ganean hazten dabil kluba. Zeintzuk dira zuen hurrengo pausuak?

Guk badakigu Bilbao BSR talde apala dana, Espainiako eta Europako beste talde batzuek aurrekontu handiagoak daukiez. Ez dot uste gehiago hazteaz pentsetea egokia danik, heldu garen lekura heltzea be bada gauza gatxa. Gauzak ondo egin arren, badakigu momentu batzuetan emoitza onik ez dogula eukiko, burua hotz euki behar dogu. Hori bai, gu maila honi eusten ahaleginduko gara, goi-goian segidu eta titulu gehiago irabazteko. Aste bi barru Espainiako Ligako lauko finala daukagu, hor dogu hurrengo erronkea.


4.- Europako txapeldun zarien arren, gizartean ez dozue oihartzun handi-handirik izan. Konforme zagoze horregaz?

Gu pozik gagoz, ze kluba hazi egin da azkenaldion alor askotan, esate baterako komunikabideetako presentzian. Hedabide askotan, telebistan... agertu gara, prentsan asteroko jarraipena egiten deuskue. Hori garrantzitsua da guretzat, baina gero gizarteak zelan hartzen dauen informazino hori ez dago gure esku. Medioetan agertu gara, ia horrek balio dauen gure pabilioira jente gehiago etorri daiten.


5.- Kirol arloan nabarmena da zuen lana, baina, ganera, integrazinoaren aldeko balioak zabaltzen dozuez. Hori ezin da ahaztu.

Askok eredutzat ipinten gaitue, elbarritasunaren trabak gainditu doguzalako, baina, batez be, guk geure burua kirolaritzat dogu. Persona normalak gara, Athleticeko eta Bilbao Basketeko jokalariek beste entrenetan dogu. Egia da, bestetik, elbarritasunen bat daukienentzat, batez be gazteentzat, espilua garela. Eurek beharbada ez dabe inoz pentsau kirola egin leikienik, eta guk baietz erakusten deutsegu. Ume asko etorten dira gure partiduak ikusten, eta gure eskoleari be garrantzia emoten deutsegu, umeak animau egiten doguz errubera-aulkiko saskibaloia probetera. Orain txikiak dira, baina egunen baten klubaren etorkizuna izan leitekez horreek umeak. Badakigu gatxa dana goi errendimenduko jokalari asko harrobitik ateratzea, baina poztekoa da eskolea martxan egotea. Funtzino bi beteten ditu eskoleak: Batetik harrobia lantzea, jakina; bestetik, elbarritasunak daukiezan neska-mutil ugari hartzen doguz, euren elbarritasun handiegiagaitik elitera sekula helduko ez diranak, baina euren espazioa daukie, kirola praktikau leikie eta klubaren parte sentidu. Lan sozial hori funtsezkoa da.


6.- Etxeko jokalariakaz batera, goi mailako taldean atzerriko jokalariak daukazuez. Zelako giroa sortzen da aldagelan?

Familia handi baten modukoak gara, hori funtsezkoa da kirol guztietan. Arrakastea lortzeko giltza jokalarien arteko giro onean dago. Kanpotik etorritakoakaz oso pozik gagoz, klubera eta Bilbora ondo egokitu dira.


7.- Errubera-aulkian jokatzen dan kirola izanik, aurreretxiak sortu leitekez gizartean, baina, izatez, kirol bizi eta ikusgarria da, ezta?

18 urte daroadaz kirol honetan, eta baten bat lehenengo aldiz gu ikusten etorten danean beti harrituta geratzen da. Kirol esplosiboa da, kontaktu fisiko handia dago eta bizkor jokatzen da. Telebistan ikusgarria da, baina partidu bat pabilioian zuzenean ikusi ezkero, orduan bai erakargarria. Nik kirol guztiak izan dodaz gustuko txikitatik, eta konparetan hasita, uste dot errubera-aulkiko saskibaloiak ez dauela inor epel ixten.


8.- Ze ekipamendu behar dozue jokatzeko?

Lehenik eta behin, gure neurrira egindako aulkia, ezin dogu beste kide batena erabili, ez dalako gure neurrira egokitzen. Jausten garenerako ez dogu babesik eroaten, baina teknikak daukaguz jaustean minik ez hartu eta berehala altzetako, jokatzen segidu behar da eta. Partiduetan aulkira lotuta joaten gara, jokatzen gagozanean aulkia eta gorputza elementu bakarra dira.


9.- Euroliga 1 txapelketako azken kanporaketak eta finala Sheffielden jokatu zenduzen. Hara ze esperantzagaz joan zineen?

Urte osoan egindako lanean konfiantza handia genduan, titulua irabazteko gogoz joan ginan. Bagenkian gatxa izango zana, talderik indartsuena Besiktas turkiarra zan, eta holan izan zan: Moltsoen fasean euren kontra galdu genduan azken segundoan, baina geure aukeretan sinistuta, hurrengo partidu biak irabazi eta aurrera egin genduan txapelketan. Frantziako txapelduna kanporatu genduan gero, eta finalean, barriro Besiktas egokitu jakun aurrez aurre. Baina oraingoan ikasgaia ondo ikasita eroan dogu: Igaz Bilbon jokatutako finalean Galatasarayren kontra galdu genduan, hori be talde turkiarra, eta aurten esperientzia hori erabili dogu.


10.- Zein izan zan Besiktasi irabazteko giltzarria?

Erregulartasunari eustea izan zan garrantzitsuena, 40 minutuan arretarik ez galtzea. Igazko finalean sendotasuna faltau izan jakun azkenengo minutuetan, oraingoan ondo jokatu doguz horreek minutuak. Besiktas motz-motzean lotu genduan, kantxa osoan presinoa eginaz. Eurek jokalari altuenak ateratzen zituen bakotxean, guk defensea aldatzen genduan, hareeri jokatzen ez ixteko.


11.- Zuk zeuk irabazita dozu zidarra 2016ko Joko Paralinpikoetan, baina Bilbon hauxe dozu lehenengo titulu ofiziala. Zure ibilbidean ze esangura dauka lorpen honek?

Klub honek emon eustan kirol honetan hasteko aukerea, gero sei urte egin nebazan beste talde batzuetan, baina hau dot etxeko taldea. Horregaitik, Bidaideak Bilbaori niri emon deustan guztia bueltau ahal izatea inportantea da niretzat. Pozik nago, eta esker oneko, zenbat personak egin daben lan klub honen alde 23 urteko historian! Hareen omenez txapelketa hau irabazi izana poztekoa da. Erretiroa hartzen dodanean, trankil joango naz, egin beharrekoa eginda.


12.- Tokioko Joko Olinpiko eta Paralinpikoak datoz 2020an. Han egoteko amesik badozu?

Bai, horretan gabiz. Lehenik eta behin, jakina, Tokion egoteko txartela irabazi behar dogu. Behin hori lortzen badogu, dana emongo dot taldean lekua eukiteko.


13.- Rio de Janeiron zidarra, orain Europako txapeldun, 2014an Aste Nagusiko pregoilari... Bilbon ospetsu bihurtuko zara martxan honetan.

Ospetsu ez, beharbada lehen baino ezagunagoa naz, bai. Eta ez pentsau gustuko dodanik, ez daroat bape ondo publikoan agertu beharra. Baina badakit batzuetan halakoak toketan dirala, eta lasai hartzen ahalegintzen naz.

Argazkiak: Bidaideak Bilbao BSR, BAT Basque Team, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu