Asier Garciak Euroliga 1 irabazi dau Bidaideak Bilbao BSR taldeagaz

Bizkaie! 2019-04-29 10:12   Kirola

Historiako lehen titulua irabazi dabe, finalean Besiktas turkiarra 67-71 menperatuta.

Igaz bere jarraitzaileen aurrean, Txurdinagan, jaso eben zartadearen ondoren, Asier Garciaren Bidaideak taldeak arantzea atera dau bere historiako lehen titulua irabazita. Saskibaloi sendoa erakutsiz, bizkaitarrek txapelketea biribildu dabe Sheffielden, erarik onenean.

Lehen jardunaldian turkiarren kontra 63-61 galdu arren, porrota ez zan errepetidu ondorengo neurketetan. Asier Garciaren gizonek, bertako taldea, Sheffield Steelers taldea, menperatu eben 74-52ko emoitzeagaz eta finalerdietarako txartela ziurtatu eben Köln 99ers alemanak 71-53 buztarpetuta. Finalerdietan ez eben arazorik izan Le Cannet frantziarrari 79-67 irabazteko. Hitzordu nagusiaren txandan, taldeak ez dau amore emon, bidean hainbat oztopo eta hainbat zauri pilatu arren, eta egunotan jaso dau egindako lanagaitik, esfortzuagaitik eta saiakerakaitik merezidutako saria.

Partidua oreka edo bardintasun ikaragarriagaz hasi da, eta Bidaideak Bilbao BSR-ek eta Besiktasek alkarri oratuta ekin deutse neurketeari nor baino nor gehiago. Bigarren laurena amaitukeran bilbotarrak aurretik joan dira atsedenaldira: 33-41. Aldageletatik bueltan Istanbulekoak beste aldarte bategaz kantxaratu dira eta aldea murriztea lortu dabe. Azken partzialean Bidaideak 11 puntu aurretik jarri da une batzuetan markagailuan, baina azken txanpan Besiktas esnatu egin da eta ordura arteko sensazino onak ia bertan behera itxi ditu. Igazko mamuak kantxa britainiarrera bueltau dira, baina orain, Esteban Nuñezek gidatutako gizonek emozinoei eutsi eta titulua ondo lotu dabe.

Asierrek zidarrezko dominea irabazi eben 2016ko Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan eta orain palmaresa estreinau dau bere klubagaz.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu