Trebiñun egingo dau Roberto Gonzalez de Viñasprek Euskaltzaindiko sarrera berbaldia

Bizkaie! 2019-04-11 09:20   Euskerea berbagai

Maiatzaren 4an izango da ekitaldia.

Orain dala egun batzuk Miriam Urkiak egin eban legez, Roberto Gonzalez de Viñasprek be euskaltzain oso bihurtzeko sarrera berbaldia irakurriko dau laster. Hain zuzen be, maiatzaren 4an jarri dau hitzordua Euskaltzaindiak, Trebiñuko Done Petri eleizan. Administrazinoz Burgoskoa dan arren, Arabaren bihotzean dago konderria, eta Gonzalez de Viñasprek ikerketa ugari egin ditu bertako toponimiaren, historiaren eta berezitasunen inguruan.

Ekitaldi horretan, euskaltzainak (oso zein urgazleak), erakundeetako ordezkariak eta herritarrak egongo dira. Lehenik eta behin, Akademiaren Osoko Bilkurea egingo dabe. Ondoren, Agiriko Bilkuran, Gonzalez de Viñasprek karguaren zina eta sarrera berbaldia egingo ditu, eta Andres Urrutia euskaltzainburuak dominea eta diplomea emongo deutsaz.

Roberto Gonzalez de Viñasprek lotura handia dauka Araba erdialdeko euskalgintzeagaz. Izan be, Bilbon jaio zan arren (1961ean), Trebiñuko Saseta herrian eta Gasteizen bizi izan da gazte-gaztetatik. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta, lanbidez, Herri Arduralaritzearen Euskal Erakundearen Hizkuntza Prestakuntza eta Normalizazino Zerbitzuburua.

2015ean euskaltzain urgazle izentau eben, lehenagotik be Akademiarentzat lan egindakoa bazan be, batez be Onomastika alorrean. Patxi Uribarren euskaltzain emeritu egin ebenean, Gonzalez de Viñasprek hartu eban Euskaltzaindiaren 18. aulkia, 2018ko zezeilean. Urtebete geroago, beraz, kargu horri jagokon sarerera berbaldia irakurriko dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu