Durangaldeak irabazi dau XXVII. BBK Sariketea

Bizkaie! 2019-04-04 08:21   Bertsolaritzea

Hego Uribe gainditu dau Bilbon jokatutako finalean.

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea | Ikusi handiago | Argazki originala

BBK Salan jokatu zan, giro bikainean, Bertsolari Gazteen BBK Sariketako aurtengo finala, atzo arratsaldean. Kanporaketetan eta finalaurrekoetan legez, Durangaldeko seikoteak sendo kantau eban, eta txapela eurentzat izan zan. Hego Uribekoek be txapelketa bikaina egin dabe, baina bigarren postuagaz konformau behar izan dabe.

Epaileen eretxiaren arabera, Durangaldeak 466,5 puntu batu zituan, eta Hego Uribek, 407. Hasieratik bertatik, saioa umoretsu joan zan. Taldekako agurrak puntuagarriak ziran, eta talde biek aprobetxau eben kontrakoei adarra joteko. Ondoren, binakako ariketak egin zituen, gazteenen eta nagusien artean banatuta. Honeek izan ziran talde bakotxeko seikoteak:

Durangaldea: Eider Gallastegi Agirrebeitia, Irune Basagoti Agirre eta Ander Sarriugarte Garcia 18 urtera artekoetan; Iruri Altzerreka Martinez, Gorka Pagonabarraga Agorria eta Bittor Altube Sarrionandia 24 urtera artekoetan.

Hego Uribe: Maider Altuna Urbina, Gerizeti Zubiaurre Bañuelos eta Itxasne Rodriguez Maroto 18 urtera artekoetan; Maite Sarasola Isazelaia, Ander Anakabe Lekue eta Mikel Aiartzaguena Agirrebeitia 24 urtera artekoetan.

Saioko aurkezlea Ainhoa Urien izan zan, eta epaimahaian honeek egon ziran: Juanjo Respadiza, Graxi Arregi eta Miriam Juaristi. Idazkari Idoia Anzorandia ibili zan.

Azkenean, Durangaldeak irabazi eban sari nagusia. Bizkaierarik onenaren saria, ostera, Bittor Altuberentzat izan zan. Sariak banatzeko ekitaldian Enrique Dávila BBK-ko ordezkariak, Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteko ordezkariak eta Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Alkarteko ordezkariak hartu eben parte. Oholtzara igon eben sariketan parte hartu daben ganerako eskualdeetako ordezkariek be, opari bana jasoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu