Hego Uribe BBK Sariketako finalean izango da
2019-03-27 13:41 BertsolaritzeaUribe Butroe izan dau aurrez aurre Deustuko finalaurrekoan.
Sari potoloa izan dabe jokoan Hego Uribeko eta Uribe Butroeko seikoteak, 2019ko Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalerako sailkatzea hain zuzen. Deustun jokatutako finalaurrekoan Hego Uribekoek batu ditue puntu gehien, eta, beraz, eurak egongo dira apirilaren 3ko finalean, Bilboko BBK Salan.
Giro ona egon da bertsolarien zein entzuleen artean. Deustuko ikastolako neska-mutilak egon dira publikoan, Bidarte udaltegia albo-alboan daukie eta. Talde biek bertso ederrak bota ditue, baina epaileen puntuazinoek Hego Uriberen alde egin dabe. 379 puntu emon deutsiez; Uribe Butroeri, 344.
Talde bakotxeko bertsolariak honeek izan dira:
Hego Uriben, Itxasne Rodriguez, Gerizeti Zubiaurre eta Maider Altuna 18 urtera artekoetan; eta Maite Sarasola, Peio Molinuevo eta Unai Foruria 24 urtera artekoetan.
Uribe Butroen, Ane Barcena, Txomin Aiartza eta Amets Zulueta gazteetan; eta Oier Errementeria, Ainhoa Gorostiaga eta Aratz Errementeria nagusietan.
Saioko aurkezlea Etxahun Lekue izan da, Bizkaiko txapeldun izandakoa. Epaimahaian Miriam Juaristi, Graxi Arregi eta Beñat Romero egon dira, eta idazkaria Idoia Anzorandia izan da.
Bigarren finalaurrekoa bihar, eguena, jokatuko da, Sopelako Ander Deuna ikastolan (09:00). Uribe Kosta eta Durangaldea egongo dira oholtzan, finalerako bigarren txartela helburu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!