James Robertson eskoziarra eta Iban Zaldua, gutun trukean
2019-02-19 12:49 KultureaChejov vs. Shakespeare proiektuaren aurtengo protagonistak izango dira idazle biak.
Europako gatazka eta erronkak hainbat herrialde eta hizkuntzatako idazleen ikuspegiaren bidez aztertzeko sortu eban Donostia 2016k Chejov vs. Shakespeare proiektua. Idazleak binaka jarri eta euren arteko gutun trukea bultzatzea zan asmoa. Esate baterako, aurreko edizinoetan, Bernardo Atxagak Albaniako Bashkim Shehuregaz eta Luisa Etxenikek Errumaniako Mircea Cartarescugaz trukatu zituen eskutitzak.
Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, Chejov vs. Shakespeareren beste edizino bat martxan ipini dabe. Iban Zaldua da euskal literaturearen ordezkaria, eta James Robertson Eskoziakoarena. Batak euskeraz idatziko dau, besteak eskozieraz erantzun. Zezeilean hasiko da trukea, Robertson hasita, eta garagarrilean amaitu.
Oraingo honetan, alkarri 12 eskutitz bialduko deutsiez, bakotxak sei. Gutunotan, Europa, identidadea, hizkuntzea eta literaturea izango ditue berbagai. Idazle biek gai horreen inguruan dituen ikuspegiak ezagutu eta partekatzeko balioko dau ekimenak.
Trukea amaitutakoan, material guztia batu eta liburu baten argitaratuko dabe. Horrezaz gan, Eskoziako uriburu Edinburgon abuztuan egingo dan Book Festival literatura jaialdian alkartuko ditue idazle biak, mahai-inguru baten. Gutunetan jorratutako gaiak aztertuko ditue Zalduak eta Robertsonek, eztabaida edegia sortzeko asmoz.
Iban Zalduagaz trukea egiteko Eskoziako idazle bat aukeratu izana ez da kasualidadea. Izan be, Scotland Goes Basque kanpainea martxan dauka Etxepare Institutuak. Kultura arloko jardueren bidez herrialde bien arteko hartu-emonak estutzea da helburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!