Nicholas Nixon argazkilariaren atzerabegirako zabala Bibon
2026-03-04 08:29 KultureaRekalde Aretoak eta Mapfre Fundazinoak aurkeztu dabe.

Ezkerretik eskumara: Alicia Fernández, Leixuri Arrizabalaga, Nicholas Nixon eta Carlos Gollonet.
2026ko bagilaren 28ra arte zabalik egongo dan Nicholas Nixon erakusketea aurkeztu dabe Rekalde Aretoan. Mapfre Fundazioak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Rekalde Aretoak atondutak atzerabegirako zabala; aurkezpenean izan dira Nicholas Nixon argazkilaria bera, Carlos Gollonet erakusketako komisarioa, Alicia Fernández Rekalde Aretoko zuzendaria eta Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kiroleko diputadua.
Erakusketeak Nicholas Nixonen zuri-baltzeko 200 irudi inguru ditu eta argazkilaritza garaikidearen begirada personal eta hunkigarrienetako baten bost hamarkada erakusten ditu. Irudi horretako hamar lehen aldiz erakutsiko dira, Rekalde Aretoan.
Leixuri Arrizabalagak zehaztu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren konpromisoa da talentuagaz, sormenagaz eta gizarteagaz bat egitea. Rekalde Aretoak topagune edegi eta eskuragarria izaten jarraitzen dau, arte garaikideaz gozetako eta ikasteko espazio parte-hartzailea. Gure nahia da Rekalde Aretoa euskal sormenaren isla izatea, baina baita nazinoarteko arte garaikidearen erreferenteak hartzeko lekua be. Eta, duda barik, Nicholas Nixon horreetako bat da.

Orain arte argazkilariaren lanari buruz atondutako atzerabegirako erakusketarik handiena da. Nixonek ahots poetiko berezia darabil, momentuan momentuko mobimentu artistikoen presinoari jaramonik egin barik, errealidadeari eta biziteari lotuta. Artea ulertu, konpartidu eta gogoratu daitekeen kontakizuna da, ikuspuntu berezia berreskuratzen dau, alkarreragin gogoetatsua ezarri eta ardurea eragin leike, desioak esnatu daitekez eta pentsau edo aldatuko gaituen obrea bat sortzen dau.
Erakusketeak ibilbide kronologikoa eskaintzen dau artistearen serie garrantzitsuenetan barrena. Horreen bitartez, Nixonek obra oso humanista eta poetikoa zabaltzen dau, ikusizko esplorazinorako iturri agortezina topetan baitau egunerokotasunean, intimidadean eta denporearen joanean.
Modak eta joerak baztertuz, haren obrea erabat fidela da formatu handietarako eta, horri esker, ia imitauezinak diran argitasuna, zehetasuna eta tonu-sakontasuna lortzen ditu. Nixonek giza esperientziari buruzko testigantza unibersal bihurtzen ditu gai personalenak —familia, zahartzea, gaixotasuna edo maitasuna—.
Carlos Gollonet Mapfre Fundazinoko argazkilaritzako komisario buruak esan dauenez, Nixonen argazkiek arruntenaz eta oinarrizkoenaz interpeletan gaitue, hau da, bizitzaz, hurbiltasunaz, denporaz eta hauskortasunaz. Artearen munduan bere ibilbideari ekin eutsonetik, prestakuntza kultural zabalagaz, Nicholas Nixonek gogor egin dau lan bere printzipioak esperientzia artistikoagaz uztartzeko. Hori dala eta, haren lanean nagusi dira normaltasunaren barruan oso esanguratsuak diran gaiak, esperientzia pribatukoak diranak eta, segurutik, ikusleak bere bizi-esperientzian partekatzen dituenak: maitasuna, pasinoa, gaixotasuna, mina, intimidadea, hurbiltasuna, denporearen joana, bakardadea, zoriona, momentu ieskorrak. Hola, haren argazkiak kezka soziala ardatz dauen argazkilaritzearen tradizinoagaz lerrokatzen dira.
Haren lanak argi erakusten dau argazkilaritzako tresna tradizionalak –formatu handiko kamera bat, zuri-baltzeko filma, kontaktuak– baliogarriak dirala esplorau bako lurralde artistikoetan sartzeko.
Nicholas Nixonek 35 mm-ko Leika kamera bat erabili eban argazki-jarduerearen lehen urteetan, jenteari argazkiak atarateko (ohikoa zan urte hareetako tradizino dokumentalean). Gero, 4x5 hazbeteko kamera bat, Walker Evansen (haren lehenengo idoloetako bat izan zan, Cartier Bressonegaz batera) argazkien garbitasuna eta xehetasuna lortzeko. Berehala, 8x10 Deardorff kamera bat erosi eban, erosi izan dituan formatu handiko kameretako lehenengoa. Kamerak eskuratu dituanean, beti nahi izan dau aurrekoak baino arinagoa eta moldagarriagoa izatea. Kamera horreekaz egin dau ia lan guztia; batzuetan baino ez dau alde batera itxi kamera horregazko leialtasuna, formatu handiago batzuk erabilita: 11x14, 14x17 eta 16x20 (40x50 cm).
Erakusketako serieak
Nicholas Nixonen argazki-serie nagusien inguruan dago atonduta erakusketea:
- Ikuspegiak (1974–1975): Boston eta New Yorkeko irudiak, New Topographics erakusketa historikora eroandakoak, egunerokotasunaz dauen begiradearen testigantza goiztiarra.
- Personak (1977–1982): Bostongo Charles ibaiaren ertzeko bizimodua erakusten daben erretratuak. Personakana eta euren ingurura zuzenean hurbiltzen hasi zan hareen bidez.
- Edadekoak (1984–1985): edadekoentzako zentroetan bizi diranei buruzko serieak; enpatia eta neurritasun formala dira horreen ezaugarriak.
- Familiako argazkiak (1983tik aurrera): haren inguru hurbileneko eszena intimoak, samurtasunez eta zintzotasunez beteak.
- HIESA (1980ko hamarkada): GIBak jotako gaixoei buruzko seriea. Bere emazte Bebe Nixonegaz batera egin eban eta artea eta testigantza soziala buztartzen ditu.
- Bikoteak eta Biluziak (2001etik aurrera): larruazala, edadea eta personen arteko hartu-emon fisikoa esploretan dituen erretratuak.
- Brown ahiztak (1975-2022): haren serie enblemetikoena da, urtez urte hartutakoa, 47 urtez; koherentzia formal eta emozional hunkigarriaz islatzen dau denporearen joana.
Nicholas Nixon
Nicholas Nixon Detroiten jaio zan 1947an. Ingeles literaturea ikasi eban Michigango Unibersidadean eta, ondoren, 1974an, Arte Ederretako graduondoko ikasketak egin zituan, Mexiko Barriko unibersidadean, Albuquerquen. Urte berean Cambridgera (Massachusetts) joan eta han hasi zan argazkilaritza irakasten Bostongo Massachusetts College of Art ikastetxean.
70eko hamarkadako erdialdean, haren lana New Topographics: Photographs of a Man-Altered Landscape erakusketearen parte izan zan, George Eastman House Museoan. 1976an, lehen erakusketa indibiduala egin eban New Yorkeko MoMAn, Bostonen egindako argazkiakaz. Urte bi aurrerago, haren lana Mirrors and Windows: American Photography Since 1960 erakusketako parte izan zan, Arte Modernoko Museoan. 2005ean, Nixonen erakusketa indibidualak hartu zituen National Gallery of Art galeriak, Washington DCn, eta Cincinnati Art Museumek. 2006n, The Brown Sisters lana New Yorkeko MoMAn eta Texasko Modern Art Museum of Fort Worth museoan izan zan ikusgai.
Jasotako sariei jagokenez, ondokoak nabarmentzen dira: John Simon Guggenheim Memorial Foundation Fellowship saria (1977an eta 1986an jaso eban) eta National Endowment for the Arts Photography Fellowship saria (1976, 1980 eta 1987).
1999an, New Yorkeko MoMAk katalogo bat argitaratu eban, The Brown Sisters serieko lehen hogeita bost argazkiakaz.
Nixonek hainbat liburu argitaratu diu, besteak beste, Photographs from one year (1983), Pictures of People (1988), People with AIDS (1991), School (1998), The Brown Sisters (1999); Nicholas Nixon (2003), Nicholas Nixon: At home (2004) eta Live Love Look Last (2009) eta Close Far (2013).
Nixonen argazkiak mundu osoko bilduma ospetsuenetako batzuetan dagoz, besteak beste, New Yorkeko MoMAn, Washingtongo National Gallery of Art galerian, Houstongo Museum of Fine Arts museoan, San Frantziskoko Museum of Modern Art museoan, Cambridgeko Fogg Art Museumean, Bostongo Museum of Fine Arts museoan edo Parisko Maison Européenne de la Photographie zentroan.
Jardueren programea
Aldi baterako erakusketen bidez, Rekalde Aretoak jarduera hezigarri eta didaktikoen eta tailerren programa publiko zabala eskaintzen dau, herritarren prestakuntzarako eta ezagutzarako.
Tailerrak atonduko dira talde, irakasle, ikasle, familia eta edadekoentzat, bai eta erakusketa ikusteko bisita komentatuak be, Nicholas Nixonen sorkuntza-unibersoan sakondu ahal izateko.
Jarduera guztiak doban dira eta, batzuetarako, beharrezkoa da aldez aurretik izena emotea, jarlekuak bete arte.
Informazino gehiago eta erreserbak: 944068532 - salarekalde@bizkaia.eussalarekalde@bizkaia.eus
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
