Eskozia, euskal kulturearen erakusleiho

Bizkaie! 2019-01-16 12:50   Kulturea

Herrialde haretako uri nagusietan egitarau zabala antolatu dau Etxepare Institutuak 2019rako.

Donostian egindako aurkezpena (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak 2019an Eskozian antolatu daben egitarau berezia aurkeztu dau Donostian. Aurkezpenean, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadua eta Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Hizkuntza Bardintasunerako zuzendaria be egon dira. Ganera, Kalakan, Huntza, Oreka Tx, Korrontzi eta Tosta Banda taldeetako kide batzuk be agerraldian izan dira.

Eskoziako programazino bereziaren helburua da euskal sorkuntza garaikidea ezagutzera emotea eta kulturearen, arteen eta hizkuntzearen bidez Eskoziagaz hartu-emonak estutzea. Literaturea, arte eszenikoak, musikea eta zinemea jorratuko ditu, besteak beste, #ScotlandGoesBasque egitasmoak. Urtarriletik urrira bitartean, euskal artista ezagunak joango dira Eskoziara.

Ehun sortzaile inguruk hartuko dabe parte Eskoziako jaialdi garrantzitsuenetako batzuetan: Celtic Connections (Glasgow), Edinburgh International Book Festival, Edinburgh International Film Festival eta Fringe–Dance Base (Edinburgo). Horregaz batera, euskereagaz eta euskal kultureagaz loturiko eduki akademikoa landuko dabe Edinburgo, Glasgow eta Skye-ko unibersidadeetan.

Hogei ikuskizun, jarduera, topaketa eta foro baino gehiago izango dira. Horreen bidez, euskal kulturearen aniztasuna eta aberastasuna ezagutzeko aukerea izango dabe Eskoziako eta nazinoarteko publikoak, ikerlariek, zein kultura eta sormen industrietako profesionalek.

Euskal artista eta sortzaileen hedapenerako erakusleiho parebakoa ez eze, jaialdi eta jarduerok kultura eta sormen industriak nazinoarteko merkaduetan sartzeko plataforma aparta dirala uste dau Etxepare Institutuak, herrialde askotako banatzaile eta programatzaileak bertaratzen dira eta.

Hori gitxi ez, eta Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko loturea indartzeko asmoa be badau Etxeparek. Herrialde bien arteko alkartrukeak, lankidetzak eta sinergiak ezarteko aukera ona da #ScotlandGoesBasque. Hain zuzen be, dagoeneko alkarlanerako atea zabaldu da Eskoziako eta Euskal Herriko eragileen artean, honako ekimenetan: Durangoko Azokea, Literaktum, Gutun Zuria, Atlantikaldia eta Dantzagunea.

2019ko egitarau zabaleko lehenengo hitzordua Celtic Connections jaialdia izango da, urtarrilaren 17an hasita. Kalakan, Huntza, Korrontzi eta Oreka Tx izango dira euskal ordezkariak Glasgowko oholtzan, eta hizkuntza gitxituen bateragune dan Tosta Bandea be han izango da. Topaketa profesionala be egingo dabe Eskoziako ordezkariakaz.

Eskozian egingo dan egitasmoa Etxepare Euskal Institutuaren 2017-2020ko bide-orriaren lehentasuneetako bat da. Izan be, Institutuaren ildo estrategikoetako bat da herrialde jakin batzuetan ikusgarritasun handiko ekintzak antolatzea, euskal kulturea zabaltzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzearen Euskadi-Basque Country 2020 Nazinoartekotzeko Estrategiaren parte be bada #ScotlandGoesBasque.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu