'Kameratik orratzera' erakusketea Gernikako Euskal Herria Museora heldu da

Bizkaie! 2026-03-03 10:25   Kulturea

2026ko martiaren 3tik bagilaren 28ra.

XIX. eta XX. mendeetako emakume-jantzien erakusketea, Kameratik orratzera. De la cámara a la aguja Eulalia Abaituaren hogei bat argazkitan oinarrituta, Bilboko Euskal Museoak atondutako erakusketea da. Ekitaldi honetan Eulalia Abaituaren argazki-bilduma bat hartu da erreferentziatzat eta lau jantzi josi dira, XIX. eta XX. mendeen artean Bizkaiko emakumeen jazkerea zelakoa zan erakusten dabenak, jente-artean ikusgai jarteko.

Erakusketeak formatu handiko argazki-erreprodukzino batu ditu, Bilboko Euskal Museoak oraintsu egindako digitalizazinoetatik sortuak, bai eta antxinako piezak be, jantzien elementuak testuinguruan kokatzea eta azaltzea ahalbidetzen baitabe: burukoak, xalak, barruko erropea, blusak, jakak, mantalak eta beste osogarri batzuk. Gainera, ikus-entzunezko bat be badago, proiektuan parte hartu daben jostunek eta adituek egindako ikerketa, patroi sortze, joskintza eta tindatze-prozesua dokumentetan dauena.

Kameratik orratzera erakusketeak Eulalia Abaituaren lanari begiratzeko beste era bat eskaintzen dau eta haren argazkiak informazino-iturri parebakotzat hartu ditu Bizkaiko emakume langileen jazkerea aztertzeko. Erakusketan jantzien ezaugarriak eta jantziei lotutako balio eta esangura kulturalak dira nabarmentzekoak.

Proiektu horri esker jantza-taldeek joskintzeari eta jantzigintzeari lotutako herri-kulturako transmisinoan daben oinarrizko eginkizuna autortzen dau, tradizino horreek ikertzen, jagoten eta erreproduziduten dituen emakumeen lana —askotan ikusezina— ikusarazoten baitabe.

Erakusketeak Bilboko Euskal Museoak gordeten dauen Eulalia Abaitua (1853-1943) argazkilari bilbotarraren oinarrizko irudien aukeraketa bat dau abiapuntu.

Oraingoan, Bilbo Handiko eta hurbileko bailaretako emakume langileen jazkerearen aurreko interesean oinarrituta egin da. XIX. eta XX. mendeen arteko txanbra, gona, jaka eta zapien zehetasunei erreparauta, erabilera eta testuinguru ezbardinetara egokitutako ezaugarriak batzen dituen lau eredu osotu dira. Argazkiak eta garaiko lehengai, egikera eta ohiturak be berreskuratu dira, orduko berrerabilera eta konponketek egungo birziklapen eta jasangarritasunaren oinarri berak dituela erakutsiz.

Salbatzaile (Bilbo), Agintzari (Basauri) eta Zubitxo (Lezo) jantza taldeetako jantziak egiteaz arduratzen diran emakumeek produzidu ditue piezak, urteetan landutako eta ama-amumakandik jasotako jakintza hari eta oihaletara ekarriz.

Erakusketea ibiltaria da eta Bilboko Euskal Museoa barregituratze lanetan dagoan bitartean atondutako ekintzen artean kokatzen da. Haren ibilbidea La Encartada Fabrika-Museoan hasi zan. Han, ehun urtetik gorako Europako ehungintzako bilduma teknologikorik osoena dago eta espazio horri esker, aukerea dago XIX. mendeko ehungintza-fabrika baten funtzionamendua gertutik ezagutzeko. Ordutik, Bizkaiko hainbat espaziotan egon ondoren, Euskal Herria Museora heldu da, Gernika-Lumora, hain zuzen be.

Dibulgazinoari erreparauta, proponidutako lau jantziei jagokezan patroiak jasoten dituen lau argitalpen egin dira, eta jantziak egiteko urratsak eta eredutzat erabilitako argazkiak jaso dira hareetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu