1918. urtea bisitauko dabe La Encartada Fabrika-Museoan

Bizkaie! 2026-02-27 08:11   Kulturea

Antzezpen bi egingo ditue martiaren 1ean.

Domekan, martiak 1, Fabrika 1918an bisita dramatizaua atondu dabe La Encartada Fabrika-Museoan. Esperientzia parebakoa da, jenteari aukerea emongo deutsona euskal industriaren historian sartzeko. 

Boluntario-talde bati esker, bertaratuek 1918ko negura egingo dabe salto; ehungintza-fabriken momentua eta meatzaritza eta siderometalurgiaren gorakadea izan zan ha. Garai haretan, La Encartadak manta eta oihalen atal barria inaugurau barri eban eta instalazinoak eta plantillea handitu zituan. Barruan lan egiten eben gehienak emakumeak ziran.

Antzezpenak, hain zuzen be, horreakan jarriko dau arretea: nortasun juridiko propiorik bako emakumeak, boto-eskubiderik ez ebenak, jaubetza eskuratzeko modu zuzenik bakoak eta jaiotzen ziranetik gizonen tutoretzapean egozanak. Soldatapekoak izan arren, euren soldatea etxean entregau behar izaten eben. Gainera, gizonek baino gitxiago kobretan eben beti, lan beragaitik.

Historia barriro bizitea ahalbidetuko dauen antzezpen horretako personaien bitartez, bisitea autortzea konbertiduko da.

Saio bi izango dira, 12:00etan bata eta 13:30ean bestea. Toki-kopurua mugatua izango da. Joateko, ezinbestekoa da erreserbea aldez aurretik egitea, 946800778 telefono-zenbakira deituz edo laencartada@bizkaia.eus helbidera idatziz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu