Hemen dator Enkarterrietako Museoko 'Amama Influencer' proiektua

Bizkaie! 2026-03-02 09:39   Kulturea

Enkarterriko 80 familia baino gehiago inplikauko ditu aurten.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Bardintasunerako II. Planaren barruko Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko ekimenaren laugarren edizinoak, emakumeek Cadaguako industrian bizi izandako bizipenak ditu ardatz.



Enkarterrietako Museoak ekin deutso belaunaldi arteko Amama Influencer proiektuaren laugarren edizinoari. Emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko ekimena da eta aurton Sodupeko Eretzaberri Institutuko 80 familia baino gehiagok hartuko dabe parte. Proiektua 2022an hasi zan eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Gizonen eta Emakumeen Bardintasunerako II Planaren barruan gauzatzen da.

Edizino barri honen ardatz nagusia eskualdeko emakumeen kontakizunean sakontzea da, XX. mendearen erdikaldetik Cadaguako lantegietan industriako ehundaka lanpostutan ibili ziranen bizipenak berreskuratuz. Genero-ikuspegiaren bidez, ikasleek jarduera historiko eta etnografikoetan hartuko dabe parte, bardintasunezko gizartea eregiten lagunduko daben emakumezko erreferenteak identifiketako.

Erakundeen helburua emakumeen azken aldiko historia bigarren mailan izan dauen ezabatzeko jarrera instituzionalari aurre egitea da, euren diskursoa lurraldearen memoria kolektiboan eta nortasunean txertatuz. Protagonistak ikasleen amamak dira, ibilpide desbardinetako emakumeak. Gazteak gidatuko ditue frankismoan izandako esperientzien, garaiko arau moralen aurreko desafioaren, demokraziaren etorrerearen eta gaurkotasunari buruz daben ikuspegiaren bidez.

Programearen garapena diziplina anitzekoa eta curriculum akademikoarenaurrean zeharkakoa da eta hainbat astez gauzatuko da ikastetxean, Enkarterriko industria-ondarea dagoan lekuetan eta etxeetan bertan. Barrikuntza lez, Amamakaz Barriketan formato hezitzailea sartu da. Bertan, aurreko edizinoetako parte-hartzaileek euren bizitzak markau zituen genero arloko gaiei buruz egingo dabe berba ikasleen aurrean.

Fase operatiboan, ikasleek entzute aktiboa eta teknologia barriak erabiliko ditue aldi baterako belaunaldien arteko topagune bihurtuko dan Institutuan eta 70 amama ingururi alkarriztekak egingo jakez. Proiektua amaitzeko, material grafiko eta dokumental zaharra batu eta alkarrizketak editauko dira, parte-hartzaile bakotxaren lekukotasun indibiduala eta kolektiboa gordeko dauen ikus-entzunezko pieza bat sortzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu