Sondikako Udalak garai barrietara moldatutako irudi barria aurkeztu dau

Bizkaie! 2026-03-03 07:45   Kulturea

Asua ibaiaren eta ‘S’ letrearen formetatik jaio da.



Sondikako Udalak irudi barria aurkeztu dau sondikoztarrak protagonista izan dituan Sondikako Kultur Etxeko ekitaldi bero eta hunkigarrian. Marka instituzional barriak komunikazino bisuala eguneratu, ordenau eta bateratzeko helburua dauka, gaur egungo kanal eta euskarri digital zein fisikoetara egokituta eta, Udalak adierazo legez, ez dau armarri ofiziala ordezkatuko ezta moldatuko be.

Asua ibaiaren eta S letrearen formetatik jaio da, Udalaren kolore urdinari eusten deutso eta Sondikaren muina diran balioak ditu ardatz: komunidadea, hurbiltasuna eta tradizinoaren eta modernidadearen artekoorekea. Azken urteotan, Udalak presentzia digitala eta informazinorako bideak zabaldu ditu, eta marka grafiko modernoa, malgua eta funtzionala behar eban. Irudi barri horregaz, Udal-komunikazinoaren irakurgarritasuna hobetu eta euskarri guztietan koherentzia bisuala bermatzen da.

Naia Landa alkatearen berbetan, marka grafiko moderno baten beharra eukan Udalak, garai barrietara moldatuko zana eta Sondikaren izaerea eta balioak irudikatuko zituana. Irudi barri honegaz lortu dogu. Eta Sondikaren muina sondikoztarrak diranez, Kultur Etxean, herriko jenteagaz inguratuta gura izan dogu aurkeztu. Eurena dalako irudi barri hau.

Herritarrak erdigunean

Aurkezpen ofiziala sondikoztarrak omentzeko ekitaldi bihurtu dau Udalak. Dotore jantzi dabe Kultur Etxea horretarako, eraikina kanpotik zein barrutik kolorezko argiakaz dekorauta. Ordubete inguruko aurkezpenean herriko persona nagusi, heldu, gazte eta txikiak izan dira protagonista. Lander Otaola aktoreak egin ditu aurkezle lanak eta, zuzenean, oholtza gainean, alkarrizketatu egin ditu Sondikan hainbat belaunaldi daroezan familietako kideak, herriko talde eta alkarteetan parte hartzen daben gazteak eta Sondika bizitoki aukeratu daben lagun heldu barriak. Musikea eta jantzak be izan ditu ekitaldiak, Danel Arteaga eta Ane Uruburu sondikoztarren eskutik, hurranez hurran. Eta lau bideo-proiekzino be eskaini ditue, herriko jentearen berbak eta Sondikako irudiak izanik protagonista. Ekitaldiaren amaieran aurkeztu da irudi barria, pantaila handian eta maila fisikoan be. Arratsaldeari amaiera borobila emoteko, luntx txiki bat probetako aukerea izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu