Gernikako Arbolearen oinordeko bat landatu dabe Nafarroako Amaiur Udalerrian
2026-03-03 08:13 KultureaBizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen eta Amaiurreko Gaztelua Fundazinoaren ekimenez.

Ekitaldi instituzionalean, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakudeko burua, Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko presidentea, Jexux Urrutia Amaiurko Gaztelua Fundazinoko presidentea, tokiko agintariak eta Amaiurko herritarrak egon dira, euskal historiako erreferentziazko gune biren arteko topaketea sinbolizetak.
Ale gaztea Nafarroako udalerriko eleizearen alboan dagozan lorategietan, herriaren sarrera nagusia dan gune enblematikoan landatu dabe. Landaketako zeremonian Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko burua, Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko presidentea, Jexux Urrutia Amaiurko Gaztelua Fundazinoko presidentea, Javi Iriarte Amaiurko alkatea, Fernando Anbustegi Baztango alkatea, Arantzatzu Amezaga Manuel de Irujoren senideak eta herritarrek hartu dabe parte.
Amaiurren egindako landaketa ekitaldian, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak Manuel de Irujoren omenaldiagaz bat datorren ekitaldiaren karga historiko eta emozional sakona nabarmendu dau. Otaduik azpimarratu dauenez, Amaiur ez da edozein herri. Leku hau memoriaren gune bihurtu da, egoereari aurre egiten jakin eban herriaren duintasunaren eta sendotasunaren etenbako oroigarri. Modu berean, Irujoren irudia goretsi dau, demokraziagaz eta eskubide historikoakaz konprometidutako nafar unibersal lez: haren legaduak erakusten dau ez dagoala sustrairik bako askatasunik, ez etorkizunik gure Lege Zaharrarenganako, gure Foruakanako errespeturik barik.
Ganera, Otaduik azpimarratu dauenez, Gernikako Arboleak euskal gizartearen eskubide historikoak eta bakerako gogoa irudikatzen ditu. Ale barri hau Baztanen landatzean, oinordeko gazteak Bizkaiko izerdia eta Nafarroako lurra lotzen ditu, biharko egunerantz hazten dakien herri bera garala gogorarazoz. Arbolea mendeetako zin, akordio eta asmo partekatuen lekuko mutua da, gure sinbolo unibersalenaren oinordeko hori mimoz eta maitasunez jago eizue eskatu deutse bertaratutakoei.
Amaiurko Gaztelua Fundazinoak Nafarroako eta Euskal Herriko ondarea zabaltzeko asmoz bultzatu dau ekimena, urtean 30.000 bisita inguru jasoten dituan lekuan, Amaiurko gazteluaren aztarnak konserbetan ditu-eta.
Ekitaldia, 1922an Amaiurko monolitoaren inaugurazinoan parte hartu ebaneko urteurrena dala eta Manuel de Irujoren omenezko jardunaldiaren parte izan da. Ekitaldian, Gaztelu Abesbatzak, Fernando Cortijoren zuzendaritzapean, Nafarroako ereserkia eta Gernikako Arbola abestu ditu.
Berbaldien ostean landaketa sinbolikoa egin da eta agintariek eta bertaratutakoek lehenengo lur-palakadak bota deutsiez haretx barriari. Ekitaldia amaitzeko, Ana Otadui Biterik zugatzaren benetakotasun ziurtagiria emon deutso Jexux Urrutia Amaiurko Gaztelua Fundazinoko presidenteari.
Historian zehar, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak Gernikako Arbolearen 450 oinordeko baino gehiago entregau ditu bost kontinenteetako hainbat lekutan. Landaketa barri horregaz, Amaiurrek bat egiten dau ikur historiko eta kultural horren jagoletza kolektiboagaz, erakundeen arteko loturak eta lurraldearen memoria partekatua indartuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
