Martxan dira IV. Jose Angel Herrero-Velarde bekak

Bizkaie! 2026-03-02 12:24   Kulturea

Proiektua aurkezteko epea martiaren 6tik apirilaren 22ra artekoa izango da.

Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zine Eskoleak Jose Angel Herrero-Velarde beken hirugarren edizinoa sustatu dabe Donostia Zinemaldiko artxibo historikoa ikertzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuaren babesagaz. Programearen helburua da Zinemaldiko artxibo historikoaren ikerketea bultzatzea. Horretarako, Zinemaldiaren artxibo historikoa iturri nagusi bezela hartuko daben testu argitarabakoak sortu beharko ditue hautagaiek, zinema-jaialdiaren igarotakoa barrikusi eta haren orainaren eta etorkizunaren arteko etenbako alkarrizketeari bide emoteko.

Beka-programearen azken helburua da hiru ikerketa-artikulu argitarabako sortzea. Era berean, programan parte hartzen daben erakundeetako batzorde batek gainbegiratuko ditu lan horreek. Zinemaldiak artikuluak argitaratzeko laguntzea emongo dau. Ganera, ikertzaileen eta proiektuak editetako eta argitaratzeko interesa izan leikien argitaletxe edo izen handiko aldizkarien arteko bitartekari lanak egingo ditu.

Bekea eskatu daiteke Gipuzkoan jaio edo/eta bizi diran personek eta Estaduko ganerako lekuetan jaio edo/eta bizi diranek (gitxienez, urte bitan). Metodologia eta ikerketa-iturriak adierazo beharko dira, baita asmo-gutun bat eta curriculum vitaea be. Eskaerak Zinemaldiaren artxiboaren plataforman aurkeztu behar dira.

Ikerketa-proiektuak aurkezteko epea datorren barikuan, martiaren 6an hasi eta apirilaren 20ra arte egongo da zabalik. Hautagaiak ebaluetako eta hautatzeko ardurea dauen batzordea Donostia Zinemaldiko eta Elias Querejeta Zine Eskolako profesionalek osotuko dabe. Hautatutako hiru proiektuak maiatzean jakinarazoko dira eta egonaldia garagarrilaren 13tik 24ra egingo da.

Egonaldiaren baldintzak

Hautatutako ikertzaileek 3.000 euroko dirulaguntza bana jasoko dabe. Era berean, artxibora sartzeko izango dituen aste bietan, konsulta-egunei jagokezan dietak eskainiko jakez. Horrezaz gan, programeak Gipuzkoan bizi ez diran onuradunen bidaia eta ostatua ordainduko ditu.

Tabakalerako egonaldi-fasean, Euskadiko Filmategian Interneteko konexinoa dauen lanerako eta konsultarako gunea eskainiko jake. Bestalde, eraikinean eta aldamenekoetan dagozan funts eta artxibo zinematografikoetarako sarbidea bermatuko da. Eraikineko baliabide eta jardueretarako sarbidea emongo da, besteak beste, zinema-saioetarako, tailerretarako eta eskola magistraletarako.

Lanak 6.000 eta 10.000 berba artean izan beharko ditu eta zortzi hilebeteko epean amaitu beharko dira, hautaketa-egunean kontetan hasita eta, gehienez, hile bi gehiago eskatzeko aukerea izango da.

Holan, Donostia Zinemaldiko artxibo historikoko 4.200 dokumentu digitalizau inguru (korrespondentzia, argazkiak, kartelak, egunkariak, aldizkariak...) konsultetako eskuragarri dagoz Artxiboa atarian. Horrezaz gan, web-atari horrek materialen 39.000 deskripzino-fitxa baino gehiagoko katalogoa eskaintzen dau, irakasle eta ikertzaile profesional eta espezialistek eskatuta aztertu daitekezanak. Artxiboa atarian eskuragarri dagoz Zinemaldiaren eta Kutxatekako funtsetako 3.000 argazki digitalizau inguru; Zinemaldiko egunkarien (egungo Zinemaldia aldizkaria) 742 ale, 1953tik gaur egunera artekoak; Zinemaldiko ia edizino guztietako 322 kartel inguru; baita Artxibo Orokorreko eta Prentsako hautatutako materialak be.

Jose Angel Herrero-Velarde Notario zuzendaritza eta hautaketa-batzordeko kidea autortzeko da beken izena. Zinemaldiko oinarrizko figurea izan zan azken lau hamarkadetan eta 2022an hil zan.

Lehen hiru edizinoetako ikerketak

- 2023:

  • Felipe Cabrerizo: Leiho bat ekialdera: eremu sobietarreko zinemaren sarrera Espainian Donostia Zinemaldiaren bitartez.
  • Minerva Campos: Donostia Zinemaldiaren «A» jokoan: negoziazioak FIAPFekin eta diplomazia zinematografikoa (1953-1985).
  • Violeta Kovacsics: Trantsizioko zinema eta Donostia Zinemaldia.
  • Endika Rey: Norabide berriak: zuzendari berriak Zinemaldian.
  • Neus Sabaté: Josefina Molinaren, Pilar Miróren eta Cecilia Bartoloméren arteko elkartzearen aztarnak.
  • Aida Vallejo: Topaketak Zinemaldian. Donostia Zinemaldiaren historia soziokultural bat haren espazioen bitartez.

- 2024:

  • Harri X. Fernández: Eta nork animatzen du zinema-jaialdi hau? Hurbilketa eta testuinguruak; animazio-zinema Europako zinema-jaialdi orokorretan XX. eta XXI. mendeetan: Zinemaldiaren kasua, 101 zaunketatik euskal utopia feministara.
  • Sonia García López: Matxinadarako haziak: Zinema Eskolen Nazioarteko Jardunaldiak (1960-1966).
  • Carlos F. Heredero: Ispilua ispiluaren aurrean. Espainiako Zinema Berria eta Donostia Zinemaldia.

- 2025:

  • Asier Aranzubia: Zinema-jaialdiek lan zinematografikoek kritikaren eta akademiaren legitimazioa lortzeko prozesuan jokatzen duten ezinbesteko eginkizuna. Donostia Zinemaldiaren eta -El espíritu de la colmena- filmaren kasua.
  • Zigor Etxebeste: Zuzendarien elitea: Miguel de Echarriren aroa. Hollywood klasikoko zuzendariak Donostiara etorri ziren urteak (1967-1977).
  • Paula Arantzazu Ruiz: Desarrollismoaren eta trantsizioaren Espainian zine zientifikoko jaialdien ekosistema sortzeko orduan 1965etik aurrerako Donostiako Zinema eta telebista hezigarri, zientifiko eta kulturalaren nazioarteko jardunaldiek jokatu zuten eginkizuna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu