Jon Urutxurtu: 'Datu asko batzen dira postal bakotxaren barruan'

Dabi Piedra 2019-01-28 07:59   Barriketan

Arratia posta txartelean erakusketako komisarioa.

Jon Urutxurtu Zeanuriko eta Arratiako bailara guztiko ondarea jagoten eta zabaltzen ibilten da. Postalak be iraganaren lekuko esanguratsuak dirala ikusita, batuta dituanak jenteari erakusteko asmoz liburua argitaratu eban 2014an. Bost urte geroago, beste ekimen bategaz jatorku: Zezeilaren 1etik 28ra Igorreko Lasarte Aretoan ikusi ahal izango da Arratia posta txartelean erakusketea, Jon Urutxurtuk urteetan batutako posta txartel edo postalak ikusi leitekez, 89 danetara, antxinakoak.

Batez be, XX. mendearen hasierakoak dira. Danetan agiri da Arratia: Sasoi bateko bizimodua, eraikinak, paisajeak, jentea... Postalez gan, Arratian XX. mendean grabautako irudi zinematografikoak ikusi leitekez Igorren.

 

1.- Ia 90 postal batu dozuz erakusketan. Aurretik, 2014an, liburua argitaratu zenduan. Nondik jatortzu, ba, zaletasuna?

Orain 20-25 urte hasi eta beti euki dot argazki zaletasuna, lehenagoko irudiak batzen ibilten nintzan, eta konturatu nintzan postalak be badagozala. Hortik sortu zan bildumazaletasuna. Nik pentsetan neban Arratiaren inguruko postal askorik ez zala egongo, baina apurka-apurka batzen hasi, eta ikusi neban 90 bat daukadazala. Arratiara nor etorriko da postalak egiten, pentsetan neban nik, baina egon badagoz bai. Horregaitik erabagi neban horreek postalak erakutsi egin behar zirala.


2.- Postal batzuk orain dala ehun urte baino gehiagokoak dira. Pentsau leitekenaren kontra, Arratiak baeukan ospea orduan?

Arratia, sarritan, Bizkaia zaharkituaren paradigmatzat hartu izan da. Baina XIX. mendearen amaieran, bainuetxeak egoten ziran, Areatzan batez be, Artean be baten bat. XX. mendearen hasieran jentea Gorbeiara igoten hasi zan eta kontuan izan behar dogu tranbia be egon zala Bilbotik Zeanurira. Horrek guztiak kanpoko jentea, bilbotarrak-eta, erakarri egin zituan, eta horregaz lotuta dago postalena be, batez be bainuetxeakaz.


3.- Promozinorako erabilten ziran postalak?

Danetarik dago. Batzuk Arteako Seminarioak argitaratu zituan, eurena ezagutzera emoteko. Areatzako bainuetxeak be batzuk atera zituan. Kasu berezia da Felipe Manterola Zeanuriko argazkilariak egindakoak, horreek ez ziran promozinorako, baina argazkiak gustuko zituanez, postal batzuk sortu zituan. Postal-etxeek argitaratutakoak dagoz asko, adibidez, Bilboko liburudendak, Foto Lux... honeek Bizkai guztiko postalak egiten zituen, tartean Arratiakoak.


4.- Non bilatzen dozuz, edo non agertu dira, postal zaharrak?

Antxinako gauzen dendetan asko. Madrilen be topau dodaz batzuk, La Casa del Coleccionista-n, Gasteizen be  badago Casa Postal... gaur egun interneten be pilo bat topetan dodaz. Horrezaz gan, partikularren batek be emon deustaz batzuk. Gogoan izan behar da era bitako postalak dagozala: Batzuk postal klasikoak dira, argazkiaz gan editorea, inprimatzailea eta abar dakarzana. Bestetik, orain modan jarri diran argazki-txartelak be badagoz: Argazkilariak posta-txartelak egiteko papelean errebeletan dituanean bere argazkiak. Honelakoak gehiago dagoz etxeetan, eta bildumagileen artean balioa hartzen dagoz.


5.- Zure bilduman, zeintzuk dira postal deigarrienak?

Bat badago, Areatzatik Munichera bialdutakoa, hori da zaharrenetakoa. Areatzako eleizea agertzen da argazkian, eta beste aldean Municheko helbidea. Neure herrikoak asko gustetan jataz niri, Zeanurikoak, herrikoak diralako. Felipe Manterolak hamar editau zituan, eta izenburuak euskeraz daukiez ipinita, pentsau sasoi haretan euskeraz editautako postalak zer ziran, 1910 bueltakoak dira. Gero badago Zeanuriko beste postal bat, andra bat eta mutiko bat agiri dira. Mutikoa Esteban Astondoa dala uste dot, gerran Zeanuri bonbardeau ebenean hil zan, 1937ko apirilaren 7an.


6.- Igorren ipini dozuzan guztien artean, zeintzuk dira zaharrenak?

Bi dagoz, Areatzako eleizea agertzen dana da bat, eta Igorreko eleizea agertzen dana bestea. Ez dakigu noz editau ziran, baina gitxi gorabehera XIX. mendearen amaieran edo XX.aren hasiera-hasieran izan zan.


7.- Postalak sasoi eta eskualde baten lekuko dira. Zelako Arratia agiri jaku postalen bidez?

Baserriak agertzen dira, eta nekazaritzako lanak. Astialdiko eszenak be badagoz, jentea kartetan. Eleuterio Goikoetxearen Gorbeiako txabolea ikusi geinke, Gurutzea be bai. Orduko janzkerak ezagutzeko modua be badira postalak, batzuk koloretan dagoz. Datu asko batzen dira postal bakotxaren barruan, beste denpora bateko informazinoa da.


8.- Felipe Manterolaren izena behin eta barriro agertzen da zure bilduman. Nor izan zan bera?

Estankoa euki eben berak eta familiak Zeanurin, oraindino Estankoa esaten jakon etxean. Kafetegia, zapata-dendea... danetarikoa zan, izatez. Gazte-gaztetatik argazkilaritzarako zaletasuna eukan Felipek eta pilo bat argazki atera zituan, batez be gerra aurretik, gero albo batera itxi eban, kartzelan be egon zan eta. Lehen esan dodanez, hamar postal be editau zituan bere argazkiakaz, baina ez hemen bakarrik, Frantzian eta Alemanian be atera zituan. Bitxikeria legez, esan behar da zinematografoagaz ibili zala, Arratiako irudiak grabau zituan: Umeen jokoak, frontoiaren inaugurazinoa, jaiak... 1928 eta 1932 urte bitartekoak dira. Familiak grabazino batzuk itxi deuskuz eta Igorren ikusi ahal izango dira.


9.- Gaur egun, internetegaz eta sakelako telefonoagaz komuniketan gara, eta postalak ia ahaztu egin doguz. Igorreko erakusketeak balio leike posta txartelen balioa aldarrikatzeko?

Jentea ordenagailuagaz komuniketan da orain, baina postalak ez dagoz ahaztuta guztiz, dendetan ikusten dira. Orain dala urte bi inguru, Bedian egin eben posta txartelen lehiaketea. Egia da ohiturea galtzen doala, horrenbeste whatsapp-egaz, baina kontuz, eskuz idazteko ohiturea be ez da galdu behar!


10.- Arratiako postalik badago gaur egun?

Guk orain dala urte gitxi atera genduan Karobiari buruzko postala, baina hemen ingurukoak gitxi dagoz.


11.- Igorreko erakusketan, postalen osogarri, Arratian grabautako pieza zinematografiko batzuk ikusi leitekez. Zelakoak dira?

Batetik, Felipe Manterolarenak dagoz, horreek gehienbat Zeanurin ateratako irudiak dira. Bertako umeen txangoak be agertzen dira, Plentziara, Gasteizera... Ganera, Areatzan Bizkaiko Aurrezki Kutxa inaugurau ebeneko irudiak be ikusten dira. Beste grabazino batzuk Elejoste familiak itxitakoak dira, han ikusten da Arratiako tranbiaren azken bidaiea. Angel Sojoren grabazino zinematografikoak be batu doguz. Hau Argentinatik etorri zan 1925ean, Areatzara. Erakusten ditu alkatea aurreskua jantzatzen, kanposantura bere arbasoak bisitetan joan zanekoa eta halakoak. NODOtik hartu doguz beste irudi batzuk, Lemoatik Igorrera jai girora doan jentea agertzen da.


Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu