'Arratia Posta txartelean' erakusketeak zezeilaren 1ean zabalduko ditu ateak

Bizkaie! 2019-01-23 07:44   erakusketak

XX. mendearen hasieran eta erdialdean Arratian grabautako zinema irudiak be izango dira ikusgai.

Arratia posta txartelean argazki erakusketea inaugurauko da zezeilaren 1ean, barikuan, arrastiko 19:00etan, Igorreko Lasarte Aretoan eta bertan egongo da ikusgai hilaren 28ra arte. Arratiari buruz egindako posta txarteletan azaltzen diran 90 bat argazki batzen dituan erakusketa hau, 2014an Jon Urutxurtu zeanuriztarrak euskera hutsean argitaratutako Arratia posta txartelean liburuan oinarritzen da. Erakusketearen komisarioa be bera da. Argazkiak (danak XX. mendearen lehen erdian egindakoak) herriz herri sailkatu dira eta osogarri moduan XX. mendearen hasieran eta erdialdean Arratian grabautako zinema irudiak be badira ikusgai: Felipe Manterolak, Angel Sojok, Julian Elejostek eta NODO-k filmautakoak. Kultur ekintza honen babeslea Igorreko Udala da.

Orain dala denpora gitxira artekoakaz alderatuz, erdi hutsik dagoz postontziak. Internet, irrati, telebista... bidez heltzen da orain mundua gure atariraino. Baina, sasoi baten, posta txartelai esker ezagutzen genduzan munduko txokoak. XIX. mendearen amaierarantza hasi ziran indarra hartzen posta txartelak, eta turismoa zabaltzen joan ahala zabaldu egin zan hareek batzeko zaletasuna.

Arratia posta txartelean erakusketan Arratia bailarari buruz argitaratutako posta txartelak batu ditue. Jon Urutxurtu da erakusketearen komisarioa eta berak dinoanez, Arratia eta arratiarren irudiak azaltzen diran posta txartelak erakustea eta ezagutzera emotea da erakusketearen helburua; holan, Arratiako ondare historikoaren atal bat berreskuratzeko eta ezagutzera emoteko.

Danetara, 89 posta txartel dira, 24 cm x 38 cm tamainuan; hasikera baten topetea pentsetan zan baino askoz gehiago: sarritan, Arratia iraganari lotutako parajetzat hartu da, Bizkaia zaharkituaren paradigmatzat. Jazoera horrek pentsau arazoten deusku posta txartel ilustrauak argitaratu ziran lehen urteetan, XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasikeran, ez ebala erakarriko editoreen atentzinorik. Lan honetan azaltzen dan kopurua kontuan hartuz, bistakoa da hori ez zala holan izan.

Dana dala, helburu nagusia Arratiari buruz editautako posta txartel klasikoak, izenburua edota editorea, inprimatzailea eta argazkilaria idatzita daroena, batzea izan da asmoa.

Danetarikoak dagoz: Frantziara bialdua eta 1913ko posta markea daroana; Dimako Ugarana plazan egoan bolatokian egindako argazkia bada be, ez dira ahaztuten argazki-posta txartelak, argazkilari batzuek posta txartelen papelean errebeletan zituen argazkiak, postaz bialdu eitekezanak: aurrealdean argazkia daroe eta atzealdean Post Card, Tarjeta Postal, Carte Postale izenburua inprimiduta edota helbidea idazteko eta zigilua itsasteko gunea.

Arratia eta arratiarren ganeko posta txartelak argitaratu zituenean artean, zenbait enpresa zein partikular topau daitekez eta horreen artean honako honeek identifikau dira: Felipe Manterola, Indalecio Ojanguren, Foto Lux, L. G. Bilbao, Librería E. Verdes, Librería Villar, Artes Gráficas Lerchundi S. A., P. Ortiz, Seminario Menor de Ntra. Sra. De Begoña, Areatzako bainuetxea, Bizkaiko Foru Aldundia, Museo de las Guerras, Landáburu Hermanas eta L. Roisin. Editoretzat hartu geinkez Indalecio Ojanguren eta Durangoko Foto Sol argazki dendea be, eurak editautako argazki-posta txartel bi batu dira eta.


Felipe Manterola: argazkilari eta editore arratiarra

Editore horreen guztien artean aitamen berezia merezidu dau Felipe Manterolak (Zeanuri, 1885-1977), alde batetik arratiarra izateagaitik, eta bestetik, berak editau zitualako posta txartelen balio etnografikoagaitik.

Jaiotzez zeanuriztarra, hor bizi izan zan beti. Felipe argazkilari handia be izan zan, eta zaletasun hori bizibide inoz ez baeban hartu be, aldian aldiko diru-iturri bihurtu eban. Dirudienez, lehenengo argazkia 1904an egin eban, hamezortzi urtegaz, eta ordutik aurrera, 1936ko gerreak eztanda egin arte, mila argazkitik gora egin zituan. Manterolaren irudietan agiri dana gehienbat honako gai honeetara mugatzen da: paisajea eta lagunak, herriko lanbideak eta jazoerak XX. mendearen lehen hiru hamarkadetan. Eta lan horreetan guztietan argi azaltzen da bere jaioterriagaz, Zeanurigaz, eukan lotura handia.

XX. mendeko bigarren hamarkadan, posta txartelen bildumak be editau zituan, berak egindako argazkiak erabiliz. Batzuk Alemanian emon ziran argitara, beste batzuk Frantzian eta Bilbon. Atzen uri honetan Foto Lux etxeak prestatu zituan. Felipe Manterolaren hamar posta txartel biltzean dira erakusketan. Hamar posta txartelak aurrekaldearen oinean euskeraz idatzitako testua daroe, azaltzen dan argazkiaren gaiari izenburua ipiniz: Euskolugin lanak (lau posta txarteletan), Euskoartaldea, Igande arratzaldea, Bola-tokia, Eusko-etxartea, Eusko-basartea, Zeanuriko-txadona. Atzekaldean egilearen eta herriaren izenak aitatzen dira: Felipe de Manterola — Ceánuri.

Felipe Manterolak editautako posta txarteletako bat: Igande arratzaldea. Zeanuriko Zulaibar auzoan egindako argazkia da 1928tik aurrera zinematografoari be ekin eutsan. Horretarako Amerikako Estadu Batuetatik inportautako 16 mm-ko Kodak. B modeloa kamarea erabili eban. Filmautako irudi gehienak 1928 eta 1932 urteen artean hartuak dira. Irudi horreetako gehienak Zeanurin filmautakoak dira eta ikusgai izango dira erakusketan.

Aitagarria da Gráficas Lerchundi Bilboko etxeak, 1944an editau eta inprimimidu eban hamar posta-txartelez osotuten dan seriea be. Serie A. Arratia. Vizcaya izenburua daroan gutun-azal batera batuta argitarau zituan: bina postal Areatzari, Dimari, Igorreri eta Zeanuriri buruzkoak, eta bana Arteari eta Lemoari buruzkoak.

Azaltzen diran irudiak Luis de Lerchundiren marrazkiak dira. XX. mendearen erdira arteko posta txartelak Kronologiari jagokonez, XX. mendearen hasieratik 1950eko hamarkadara arte editautako posta txartelak aurkezten dira.

Data zehatza ezin bada jarri be, ziurtasunez baieztatu daiteke posta txartel zahar biak 1906. urtearen aurrekoak dirala, atzealdea banandu barik daroe eta. Batak Areatzako eleizea azaltzen dau; besteak Igorrekoa, biak koloreetan inprimiduta dagoz. Honako izenburuak daroez aurrealdean: Areatzakoak 46 Bilbao - Iglesia de Arratia, eta Igorrekoak 47 Bilbao - Iglesia de Amatia. Azken berba hori inprimidukeran egindako akatsa da, Arratiaren ordez, Amatia ipinten dau-eta. Posta txartel bi horreek Bilboko Librería Villar liburudendeak editau zituan, 52 alez osotutako serie baten.

Areatzakoak herri horretako posta markea daroa 1907ko abenduaren 27ko dateagaz eta Munichera (Alemania) bialdu zan. Aurrealdean alemanez idatzitako testua daroa: suhinak bere amaxeari bialdutko mezua da, beste gauza batzuen artean urte barri ona opatuten deutso eta eleiza baten irudia bialtzen deutsala dinotso.

Zeanuri. 1910eko hamarkadako posta txartela. Ezkerrean azaltzen dan mutikoak, Esteban Astondoak, bizia galdu eban 1937ko apirilaren 7an gertatu zan nazionalen airebonbardaketearen ondorioz.

Areatzako eleizea. Hau da, Igorreko beste bategaz, Arratiari buruz argitaraturiko posta txartelik zaharrena. Areatzatik Munichera bialdu zan eta alemanez idatzita dago Iglesia en el Valle de Arratia posta txartelaren atzealdea.

Ganerako posta txartelak 1906tik aurreragokoak dira, atzealdea bananduta daukie eta. Erdiak inguru 1906 eta 1920 urteen artean editau ziran. Geroagokoak dira Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-eskolai buruz argitaratutakoak, 1922koak hain zuzen be; Areatzako asiloaren postala, 1926. urtearen ingurukoa da; Lemoako Burdin Hesiari buruz Gerren Museoak argitarautakoa, 1937koa edo beranduagokoa; Areatzako bainuetxeari buruzko gehienak eta Arteako Seminario Txikiak editautakoak, seguru asko 1940ko hamarkadakoak; eta Artes Gráficas Lerchundiren seriea, 1944an argitaratua. 1950eko hamarkadakoak dira Gorbeiako Gurutzea islatzen dauena eta Foto Solen Undurragako (Zeanuri) argazki-posta txartela.

Erakusketearen komisarioak dinoanez, egun, posta txartela bilduma-objektu bihurtu da eta, aldi berean, sasoi bateko paisajeak, monumentuak, eraikinak, ohiturak, janzkerak... ezagutzeko informazino iturri ikonografiko garrantzitsua da, zinemea, prentsea edo irudiak zabaltzeko beste sistema batzuk legez. Posta txartela, gaur egun, Internet eta kultura digitalaren bidez itzel zabaltzen dabizen sare sozialen aurrekari izateaz gan, hartu-emon postalerako baliabide hutsa baino zeozer gehiago dala esan daiteke, eta sasoi bat islatzen eta sinbolizetan dauen benetako objektutzat jo daiteke.


Osogarri moduan XX. mendearen hasieran eta erdialdean Arratian grabautako zinema irudiak be izango dira ikusgai: 1928 eta 1932 urteen artean Felipe Manterolak Zeanurin filmautakoak; 1925ean Angel Sojok Areatzan hartutako irudiak, eta 1964an Arratiako tranbiaren azken bidaiari buruz Julian Elejostek eta NODO-k grabautakoak. Gaurkoa ulertzeko eta etorkizunean aurrera egiteko, garrantzitsua da iragana ezagutzea, eta erakusketa honek horretan lagundu gura dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu