Euskaltzaindiara bueltau da Aresti

Bizkaie! 2025-12-02 09:26   erakusketak

50 urte ba(GA)rik erakusketea urtarrilaren 30era arte egongo da ikusgai.

50 urte bete dira Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zala. Holan, egitaraua atondu dau Euskaltzaindiak haren urian, XX. mendeko euskal idazle barritzaileenetako bat izan zana autortzeko. Euskaltzaindiak Euskal Herriko Unibersidadeko Gabriel Aresti Katedreagaz, Gabriel Aresti Kultura Alkarteagaz eta Bilboko Koral Alkarteagaz alkarlanean atondu dau egitaraua, Eusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EITBren eta BBK Fundazinoaren babesa dauela.

Bagilean estreinau zan egitaraua. Orain, Euskaltzaindiak erakusketa deigarria jarri dau haren egoitzan, Bilboko Plaza Barrian: 50 urte ba(GA)rik izenekoa.

Arestiren objektuak

Erakusketea ikusgai izango da Bilboko Plaza Barrian, urtarrilaren 30era arte, astelehenetik barikura (10:00-13:00). Bertan, hain ezagunak ez diran Gabriel Arestiren kontu autobiografikoak dagoz, eta, horreekaz batera, haren lanen lagin deigarri bezain interesgarriak, zenbat-gura paneletan jasota: itzulpenak, antzerki-piezen deskribapena, Bilbori eta bere emazteari emondako poema ederrak...

Aitamen, deskribapen eta poema-bilduma gehienak Harri eta herri (1964), Euskal harria (1967), Harrizko herri hau (1970) eta Azken harria (1976) poemarioetatik jaso dira. Baina Egan eta Anaitasuna Aldizkariak be aztertu dira, Arestiren jatorrizko testuen topauz, haren idazkera xeheroa agertuz, garai hatako euskera batuaren ahalegina, adituek behin eta barriz azpimarrau izan daben lez. Antzerki-piezak be idatzi zituan Arestik, esaterako, Oilarganeko etxola batean. Hemen antzezlanaren hasierako deskribapena: Basa hondatu bat... ferde iluna. Laharrak edonundik. Arnotegi mendiaren atzekaldea da. Aldapa gora erpina. Etxolen itxurak edonundik. Eskuman, goialdean, burdin-mehatz abandonatuak...

Erakusketeak itzulpen-lanetan be jarten dau fokua. Besteak beste, Arestik Don Kixote Mantxako eleberriko lehen zortzi kapituluak euskaratu zituan 1969an (gero, Susak argitarau zituanak, 1986an), Eugéne Pottierren Internazionala (gero Anaitasuna Aldizkarian argitarau zana, 1977an) eta Nazim Hikmet turkierazko idazlearen poema batzuk (Lau gartzelak izenburupean, Lur, 1971) eroan baitzituan euskerara. Haren idatziak ezeze, idazlearen ahotsa entzuteko aukerea be emoten dau Foru Liburutegiko bildumeak.

Arestiren lanetan leku berezia dabe bai Bilbok (Bilbaoko kaleak, / gora eta behera, / errekatik mendira, / batzuk artezak, / gehienak zeiharrak...) bai Meli Esteban haren emazteak (Orienteko perlea / Nobia neurea / Biotzeko puskea / Melitxu maitea...), halanda ze, erakusketa honetan be nabarmen ikus daiteke hori dana. Horreezaz gan, familiak itxitako objektu ugari dagoz erakusketan; besteak beste, Arestiren idazmakina eta haren betaurreko ezagunak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu