Cristobal Balenciaga Museoak 'Elkarrizketa baten Sotiltasunak' inaugurau dau
2025-05-23 11:00 erakusketakBalenciaga Etxeak museo-ingurune batean egiten dauen lehen erakusketea.
Erakusketeak, Balenciagaren eta Demnaren 31 sortze-lan batzen ditu: moda-etxearen sortzailea lehena eta markearen sormen-zuzendaria bestea. Lan horreek arte-objektu bezela aurkezten dira, lan bakotxaren zehetasunak isolatzen dituan eszenografia batean. Ondorioz, zehatz-mehatz azter daitekez estetikea eta teknikea, Balenciaga Etxearen kode ikonikoak.
Museoak Balenciaga etxeagaz lankidetzean atondu dau erakusketea: Cristobal Balenciagaren irudia, modearen historiari egin jakon ekarpenak, itxi dauen legatua eta orain arte izandako eragina ardatz dituan programazino baten testuinguruan.
Erakusketea Ondarearen Europako Jardunaldien esparruan egin da: 2024ko urrian, Keringeko egoitzean aurkeztu zan, Parisko Laennec Ospitale historikoan. Oraintsu, Cristobal Balenciagaren jaioterrira dator, haren ondareari eskainitako museora.
Elkarrizketa baten Sotiltasunak erakusketeak pasauaren eta orainaren arteko jagon etenbakoa proponiduko dau 2025eko maiatzaren 23tik 2026ko urtarrilaren 11ra arte. Holan, Balenciaga Etxearen bikaintasun tekniko iraunkorraren eta sormen aberatsaren ikuspegi parebakoa eskainiko deutse bisitariei.
Erakusgai dagozen lanak Balenciaga Etxearen artxibotik datoz. Cristobalen lehen lanetatik hasita, prêt-à-portereko eta goi-mailako joskintzako bilduma barrienak be hartzen ditu.
Aurkezpenean izan dira Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria, Gaspard Demassé Balenciagako Ondare zuzendaria, Goizane Álvarez Irijoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputadua eta Miren Vives Cristobal Balenciaga Museoko zuzendaria.
Urkiri Salaberriaren berbetan: bildumea gure ondare kulturalaren balioa azpimarratzearen adibide argi eta nabarmena da. Gaur, pasaua eta oraina etorkizunari begira dagoz, belaunaldi barriei hain zuzen be. Belaunaldien arteko alkarrizketa horrek Euskadi nazinoarteko panoramean kokatzen dauen euskal figura unibersalaz disfrutetako, inspiretako eta harro egoteko balioko deutse. Hori guztia kultur ondarea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!