Goenagaren aurrerengo obretan zentrautako erakusketea aurkeztu dabe
2024-10-22 13:38 erakusketakZezeilaren 12ra arte ikusgai, Arte Ederren Bilboko Museoan.
Erakusketea Juan Luis Goenaga (Donostia, 1950-Madril, 2024) margolariaren lan goiztiarrean oinarritzen da. Hirurogeita hamarreko hamarkadearen hasierako sormeneko esperimentazino-aldi laburrean, artisteak (20 urte baino ez zituan) inspirazino-iturri indartsua topau eban Euskal Herriko naturearen eta paisajearen balioen abstrakzinoan.
Mikel Lertxundi historialaria da erakusketearen komisarioa (Museoko Artxibo eta Dokumentazino Saila), baita 2018an artistearen ganean argitarautako monografiaren egilea be. Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketeak garai horretako lanak batzen ditu, hainbat teknikatan eginda dagozanak eta, askotan, izakera esperimentala dabenak: mihise edo papel ganean aplikautako orioa, esmaltea, argizaria, tintea, gouachea eta akuarelea, kaxa objektualak eta argazkiak, kasu batzuetan landare-elementuenak, eta beste batzuetan, artistak basoan land art esku-hartzeak dokumentetako irudienak.
Erakusketako ehun artelanak be, Goenagak urte horreetako hainbat pintura-serie batzen ditu, besteak beste, Itzalak (1972-1973); Belarrak (1973); Larruak eta Hari-matazak (1974); Sustraiak (1974-1976) eta Marroiak (1976) eta Kataratak (1976).
Jatorriari jagokonez, artelan gehienak artistearen bildumakoak dira eta Gipuzkoako eta Bizkaiko bilduma partikular eta euskal museo eta erakundeetakoak gehitu jakoz: Arte Ederren Bilboko Museoa, Artium Museoa-Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, San Telmo Museoa, Kutxa Fundazinoa eta BBVA Bildumea.
Juan Luis Goenagak lankidetzea estua izan eban museoagaz erakusketearen prestaketa-lanetan. Erakusketea, ustebakoan, joan dan abuztuaren 13an hil zan euskal margolariari egindako autortzea bihurtu da.
Erakusketeak Arte Ederren Bilboko Museoa Fundazinoaren Patronatuko kide dan Petronorren babesa dau.
Juan Luis Goenaga
Goenaga 70eko hamarkadan nabarmendu zan eta euskal pinturako izenik handienetakoa bihurtu da. Haren lanak euskal orografian eta kliman inspirauta dagoz, sorterriagaz sentiduten eban atxikimendu sakona islatuz.
Haren estilo espresionista eta materikoak labar-pinturearen eta euskal paisajearen eta mitologiaren inguruko gai etnografikoak lantzen ditu; horreetara distira gorri, berde eta hori biziakaz buztartutako tonalidade ilunen laguntzinoagaz.
Jardunean egindako ibilbide luzean, margolaria bikoteen munduaz eta biluztasunaz be interesau zan, gai horreen inguruko serieak eta erakusketak landuz.
Juan Luis Goenagaren obrea erreferentzien amalgama baten ondorioa da; paisajeagazko lotura zuzena, kokalekuetan eta horreetako historia, irakurketa zientifikoak eta literarioak, bizipen personalak eta ondare kultural eta artistikoa dira, besteak beste, erreferentziak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!