Ruth Asawa artisteak edegiko dau Guggenheim Bilbao Museoaren denporaldia

Bizkaie! 2026-01-19 07:45   erakusketak

Martiaren 19tik irailaren 13ra, Atzerabegirakoa erakusketeagaz.

Miren Arzalluzek, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusiak, 2026an zehar ikusgai egongo diran zazpi erakusketak iragarri ditu, Museoko arte-arduradunen taldeagaz batera. 

Programa artistikoa, martiaren 19an hasiko da, Ruth Asawa artista japoniar-estatubatuarrari eskainita Estaduan atonduko dan lehen erakusketeagaz. Programazinoak maiatzaren 5ean jarraituko dau in situ saileko erakusketeagaz, Igshaan Adams artista hegoafrikarraren eskutik. Urtearen lehen seihilekoa amaitzeko, XX. mendearen bigarren erdiko artegintzan funtsezkoa izan dan Jasper Johns artistearen atzerabegirako osotua izango dogu (babeslea: BBVA Fundazinoa).

Udagoienean, urriaren 1etik aurrera, Film & Video Aretoak Pipilotti Rist artista suitzarraren lan deigarria hartuko dau. Urriaren 9an, Londresko Steve McQueen artistea eta zinemagilearen instalazinoa edegiko da (babeslea: Occident); zemendiaren 12an, barriz, New Yorkeko Dan Flavin artisteari eskainitako erakusketa handia (babeslea: Iberdrola), Solomon R. Guggenheim Museoaren funtsetatik datozen artelanez osotuta. 2026ko aldi baterako azken erakusketea in situ saileko bigarren aurkezpena izango da, Zadie Xa artista korear-kanadarrarena.

Gainera, urte osoan zehar, bisitariek 2025eko zemendian guztiz barritu zan Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak erakusketeaz disfrutau ahal izango dabe (babeslea: BBK Banku Fundazinoa). Erakusketa horrek Bigarren Mundu Gerrearen ondorengo artearen historiako une garrantzitsuenak nabarmentzen dituen lanak aurkezten ditu, baita Bildumara gehitu diran pieza ugari be.

Egitaraua

  • Martiaren 19tik irailaren 13ra: Ruth Asawa: Atzerabegirakoa. Komisarioak: Janet Bishop, Cara Manes eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães.
  • Maiatsaren 5etik zemendiaren 1era: in situ: Igshaan Adams. Hautsa arrotzen: Gorputzaren artxiboa. Komisarioa: Lekha Hileman.
  • Maiatzaren 29tik urriaren 12ra: Jasper Johns: Night Driver. Komisarioa: Enrique Juncosa.
  • Urriaren 1etik urtarrilaren 17ra: Pipilotti Rist: Ever is Over All. Komisarioa: Mikel Onandia.
  • Urriaren 9tik 2027ko urtarrilaren 17ra: Steve McQueen. Komisarioa: Lekha Hileman.
  • Zemendiaren 12tik 2027ko apirilaren 4ra: Dan Flavin. Komisarioa: Lauren Hinkson.
  • Zemendiaren 19tik 2027ko apirilaren 25era: in situ: Zadie Xa. Komisarioa: Lauren Hinkson.
  • Zemendiaren 7ra arte ikusgai: Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu