Mar de Diosek afektibidadea buztinaren bidez aztertzen dauen erakusketea dakar
2026-04-13 10:15 erakusketak2026ko apirilaren 14tik bagilaren 21era bitartean bisitau ahal izango da.


Rekalde Aretoak aitatu erakusketea zabalduko dau barriek programearen barruan. Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da, urtero erakundearen arte plastiko eta bisualen beken onuradun izandako artisten azken lana aurkezten dauena. Oraingo honetan Mar de Dios da protagonistea; artista honen ikerketearen ardatza azken bost urteotan buztina izan da, material eta lurralde kontzeptual legez.
Erakusketeak 2021 eta 2026 artean sortutako piezak batzen ditu, artisteak aldi honetan bere praktikearen ardatza izandako afektibidade terminoari erantzuteko gaitasunagaotik aukeratuak. Mar de Diosen ustez afektua lan-metodo bat da, baina baita artera hurbiltzeko modu bat be: sentiberatasunari norbera interpeletan ixteko modu bat, gorputza lehenetsiz eta arrazionaltasuna bertan behera itxita, arrazionaltasun horrek judizio edo etiketakaz esku hartu baino lehen.
Haren lanetan zeramikazko gorputzak alkarregaz zelan lotzen diran begiratzen dau artisteak: zelan bermatzen diran, orekak zelan negozietan dituen, zelan ixten daben pisua edo tensinoak sortzen dituen. Keinu horreek, beste baten gainean pausatzen dan esku batenagaz aldera daitekezanak, afektibidadearen berezko hizkuntzea aktibetan dabe eta hor formek alkarri eragin eta ukutukeran esangurea topetan dabe.
Planteamendu honen barruan Mar de Diosek erakusketeak Arte Ederretako Fakultadean irakasle izan eban Angel Garraza eskultorearen Luces (2000) lana gehitzen dau. Piezea alkarrizketan dagozan elementu biz osotuta dago eta erakusketan integretan da, autortzarako eta afektibidadeagaz jarraitzeko keinu lez. Bere presentziak aukerea emoten dau hartu-emon logika hori areto osora zabaltzeko, obren arteko lotura sentikorren egiturea osatuz.
Erakusketeak, gainera, elkarrizketea ezartzen dau artistearen serie barrienagaz, gaur egun Guggenheim Bilbao Museoko Artes de la Tierra-Lurreko Arteak erakusketa kolektiboan dagoana (Manuel Cirauquik komisariautaa). Mar de Diosek honakoa azaltzen dau: denpora-koinzidentziak eta espazio bien arteko hurbiltasun fisikoak —450 metro baino ez— aukerea emoten dabe lehen lanen eta barrienen arteko marra ikusezina marrazteko, eta bilakaera hori, nahiz eta bere prozesuan isila eta antzemon ezina izan, denporan jarraitutasun koherente eta iraunkor lez agertzen da orain.
Mar de Dios (Barakaldo, 1992)
Artean graduatu zen EHUn, Ikerketa-Masterra da Arte eta Sorkuntzan Madrilgo Universidad Complutensean eta Zeramika Masterra EHUn.
Egin barri dituen erakusketen artean, honako honeek nabarmentzen dira: Lurreko Arteak, Guggenheim Bilbao Museoan (2025), Espejo de agua y flores, Montehermoson, Gasteiz (2025), Kore Carreras Mugica galerian (2024), Filet Space-ko erakusketa, Londresen (Natalia Suarezekin batera, 2023), Batzuk Tabakaleran, Donostian (2022), Kata Aldama Fabren, Bilbon (2021) eta Open to Art kolektiboa Milanen (2019). Milango Salone del Mobile eta ARCO (Lisboa eta Madril) azoketan parte hartu du Carreras Múgica galeriarekin.
2023an COOP argitaletxean Home, Casa, Hasiera liburua argitaratu eban Peio Aguirregaz batera, Peio Aguirre, Pilar Blanco eta Estrella de Diegoren testuakiaz. 2025ean Bilboko Arte Eder Museoaren, Artium Museoaren eta Tabakaleraren Bilduma Partekatuak bere obrea erosi eben. Egoiliarra izan da IDPool (Vista Alegre, Portugal, 2018) eta Koganecho Artist Residency (Yokohama, Japonia, 2023) programetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
