E3 Euskal Emakume Eskultoreak Alkarteak 'Eskultoreak Hemen Orain' erakusketa kolektiboa dakar

Bizkaie! 2026-03-03 13:03   erakusketak

Martiaren 3tik apirilaren 24ra, 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.



Proiektu artistiko honen helburua sortzaileen lana ikusarazotea da, betidanik maskulinizauta egon dan ingurunean, eta gaur egungo artearen irakurketa kritikoa proponidutea, erresistentziarako eta hausnarketarako gune lez. Maiatzaren 8a, Emakumearen Nazinoarteko Eguna, ospatzeko egun gitxi falta dirala heldu da Bizkaiko Batzar Nagusietara.

Edegiera ekitaldian, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak, kulturan bardintasuna sustatzeko erakundeen arteko lankidetzearen garrantzia azpimarratu dau: harro egoteko modukoa da Batzar Nagusiak erakunderako emakumeen kolektibo honi ateak zabaltzea, euren talentu eta ausardiagaz, arauzko diskursoei aurre egiten deutselako eta begirada barritu eta askotarikoakaz gure ondarea aberasten dabelako, adierazo dau. Otaduiren berbetan, erakusketa hau kalidade teknikoaren erakusgarri izateaz gan, betidanik isilarazo diran subjektibotasun eta narratibak ikusarazoteko konpromisoa be bada. Protagonistek dudan jarri eta zabaldu egiten dabe artearen kanon maskulinizau hori, begirada propiotik, sakon errotuta dagozan inertzia patriarkalei aurre eginez.

Amaia Conde Chiralt E3 Euskal Emakume Eskultoreak alkarteko presidentearen eretxiz, erakusketa honek gaur egun kalidade handiko euskal arte garaikidea eregiten dabizan eta imajinario kolektiboan oraindino behar beste ikusten ez dan emakume eskultore askoren presentzia sendo eta aktiboa erakusten dau. Condek azpimarratu dauenez, garrantzitsua da praktika horreek jagoken lekuan behin betiko jartea artearen panoraman, eta eskerrak emon deutse Batzar Nagusiak erakundeari, ibilbide luzea eta obra sendotua daben emakume eskultoreak batzen dituan erakusketa eta dibulgazino proiektuaren alde egin daben apustuarengaitik.

Erakusketan 2022an sortutako E3 Euskal Emakume Eskultoreak kolektiboa osotzen daben 19 eskultoreren 19 lan dagoz. Jorraila edo apirilaren 24ra arte erakutsiko diran piezak figurazinoaren, abstrakzinoaren eta kontzeptualaren artean dagozan piezen aukeraketea dira, zeramikea, alanbrea, egurra, hormigoia edo plastiko birziklatua lako materialak erabiliz.

Parte-hartzaileen artean, ibilpide luzeko artistak (uri eta museo handietan erakusketak egindakoak) eta belaunaldi barriak dagoz, horreen artean, Eider Baile Zabala, Anabel Barberena, Maite Barrainkua Buruaga, Susan Bart, Virginia Bosch, Bárbara Camhi Jacard, Maite Canto Equisoain, Amaia Conde Chiralt, Helena Elbusto, Idoia Elosegi, Idoia Grijalbo, María José Lacadena, Amparo Lozano Sancha, Arantza Munita Irisarri, Olatz Pereda Bados, Nery Adriana Pradenas, Amaia Sáenz de Magarola Herrero, Elena Scaratti eta Elena Solatxi. Euren lanek genero-identidadea, ekologia, memoria materiala eta mundu garaikidea ulertzeko feminismoagazko ezinbesteko lotura lako gaiak jorratzen ditue.

Ekimen horren bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak eta E3 Euskal Emakume Eskultoreak kolektiboak, monumentaltasuna eta podere tradizionala dudan jarten dituan produkzino artistikoa ezagutzera konbidetan ditue herritarrak, prozesu esperimentalen eta emakumeen autoretza indibidual eta kolektiboaren defensa sendoaren alde eginez.

Proiektuaren inguruan, martian zehar, batetik, erakusketara bisita gidatuak jarriko dira martxan (bisita bi herritarrentzat, eta beste hiru arte batxilergoko ikasleentzat, Lantegi Batuak alkartekoentzat eta AMUGE emakume ijitoen alkartearentzat); eta, bestetik, berbaldiak (alboko aretoan), alkarrizketea sortzeko, galderak zabaltzeko eta emakume eskultoreak ahalduntzeko, sorkuntza partekatutik abiauta.


Batzar Nagusiak erakundeko Erakusketa Aretoa:

  • Martiak 6: bisita gidatua (euskeraz) 17:00etan. Izena emotea Enkarterrietako Museoaren webgunean
  • Martiak 10: bisita gidaua (gaztelaniaz) 18:00etan. Izena emotea Enkarterrietako Museoaren webgunean.

    Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko Berbaldi Aretoa (18:00etan):
  • Martiak 13: María José Aranzasti arte komisario eta historialariaren berbaldia.
  • Martiak 20: Euskal eskultoreen mahai-ingurua Dora Salazar, Elena Mendizabal eta Mabi Revueltagaz.
  • Martiak 27: barri9ketaldia Lourdes Méndez artearen antropologo feministeagaz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu