Jose Madrid Santurtunen argazki-proiektua bagilaren 18tik urriaren 4ra egongo da zabalik
2026-06-19 07:45 erakusketakIpurtargiak. Argi-puntuak iluntasunean Bilbon.
Bilboko Berreginen Museoak erakusketa berezia inaugurau dau: Ipurtargiak. Argi-puntuak iluntasunean. Jose Madrid Santurtun artistearen erretratuak udako kultur programazinoan sartuko dira. Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia patrono dituan erakundeak, Bilboko Berreginen Museoak atondutako erakusketa honek ibilbide berezia egiteko konbita dakar, kulturearen arloko personen 65 erretratuak ezagutu daiguzan, Bizkaiko zenbait eraikin eta espaziotan egin baitira.
Formato handiko argazki-moltso baten bidez, Jose Madrid Santurtunek idazleak, musikariak, artista plastikoak, interpreteak, kirolariak, pentsalariak eta kulturako profesionalak erretratetan ditu, euren diziplinetatik gure inguruko bizitza kulturala aberasten lagundu baitabe.
Erretratatuetan agiri diran persona guztiak argi txiki gori-goriakaz agertzen dira, elementu sinboliko eta narratibo lez funtzionetan dutenak. Baliabide estetiko huts bihurtu ordez, kulturako pentsamendua, sormena eta eraldatzeko gaitasuna argitzen daben dirdirak irudikatzen ditue argiok. Proposamenaren bidez publikoari konbita luzatzen jako, batetik, erretratu bakotxagaz alkarrizketa intimoa izan daian eta, bestetik, munduari buruz daukagun begiradea eregiteko prozesuan figura horreek daben rolari buruz hausnartu daian.
Erakusketearen izenburuak berak proiektu osoa inspiretan dauen metaforea dakarzku gogora: ipurtargiak, argia beren barrutik sortzen dabenak. Esangura horretan, erretratatuetan agiri diran personak erreferente lez aurkezten dira, euren sormen-lanaren eta kulturearen aurreko konpromisoaren bidez beste ikuspegi batzuk orientau, lagundu eta sortzeko kapaz diranak.
Egileak azaldu dauenez, euren obra eta ibilbidea bizitzan zehar inspirazio iturri izan dituen personei omenaldia egiteko asmoz sortu da proiektua. Euren berba, marrazki, musika, irudi, interpretazino edo mobimentuen bidez, ezagutzea, pentsamendu kritikoa eta errealidadea ulertzeko modu barriak sortzen laguntzen dabe.
Norberaren diziplinen berezko elementuak kenduta, Ipurtargiak erakusketako protagonisteak dimensio gizatiarrago eta oinarrizkoago batetik agertzen dira kamerearen aurrean eta ikuslea animetan dabe bakotxak gizartean proiektetan dauen berezko argia deskubriduteko.
Erretratatuetako personen artean, panorama kulturaleko figura ezagunenetako batzuk dagoz. Erakusketeak literaturako hainbat izen batzen ditu, besteak beste, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Kirmen Uribe edo Miren Agur Meabe; musikearen arloko Benito Lertxundi, Jabier Muguruza, Maite Arroitajauregi, Maite Larburu edo Ruper Ordorika; arte plastikoetako Mari Puri Herrero, Jesus Mari Lazkano edo Jose Ibarrola, eta arte eszenikoetako Ramon Barea, Maria Goiricelaya edo Eneko Sagardoy. Erakusketeak beste arlo batzuetako erreferenteak be batzen ditu: Lucía Lacarra eta Igor Yebra jantzariak; argazkilaritzearen munduan, Ricky Dávila edo Estela de Castro; kirolaren munduan, José Ángel Iribar, Joane Somarriba edo Juan Martínez de Irujo; eta pentsamendua eta dibulgazinoan, besteak beste, Juan Luis Arsuaga. Oro har, Ipurtargiak erakusketeak sortzaileen mosaiko zabala osotzen dau, horreen danen ibilbideek gure inguruko bizitza kulturala eta soziala aberasten laguntzen dabe.
Museoaren udako programazinorako proposamena
Erakusketa honi esker Bilboko Berreginen Museoak udako programazinoa indartuko du, sormen garaikidea, erretratua eta hausnarketa soziala buztartzen dituen proposamen bereziagaz. Erakusketeak aukerea emoten deutso publikoari panorama kulturaleko figura garrantzitsuenetako batzuengana hurbiltzeko eta, aldi berean, kultureak ezagutza, inspirazino eta kohesino sozialerako tresna bezela dauen balioa aldarrikatzen dau.
Erakusketea uda osoan bisitau ahal izango da eta horri esker Berreginen Museoa arte diziplina ugaritara edegitako gune izango da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
