Eneritz Urkola: 'Ikus-entzunezko formatuak aukerea emoten dau publiko zabalagana heltzeko'
2018-12-28 13:55 BarriketanWhat is Bertsolaritza? ikus-entzunezkoaren zuzendaria.
Bertsolaritzea zer dan modu erraz eta arinean azaltzeko sortu dabe What is Bertsolaritza?, 20 minutuko ikus-entzunezko laburra. Atzerriko hartzaileak gogoan, ingelesez egin dabe, baina euskerazko, gaztelaniazko eta frantsesezko azpitituluak be badaukaz. Bertsolaritzearen jatorria, testuingurua eta ezaugarriak azaltzen ditu bideoak, bertsolarien sormen prozesua erakusteaz gan. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Etxepare Euskal Institutuak lankidetzan sortu dabe.
Xabi Payaren gidoian oinarrituta, Eneritz Urkolak eta Jon Agirresarobek zuzendu dabe ikus-entzunezkoa. Eneritz Urkolak kontau deuskunez, orain arte egon dan hutsunea beteko dau bideoak. Izan be, gero eta alkartruke gehiago dagozan arren, atzerrian bertsolaritzea zer dan erraz azaltzeko materialik ez da egon. Ganera, bertsolaritzeagaz kontakturik ez daukan bertoko jentearentzat be balio leike, Urkolaren ustez.
1.- Bertsolaritzea zer dan labur eta zehatz azaltzea ez da erraza. Ze egitura dauka dokumentalak?
Hasteko, bertsolaritzearen testuingurua azaldu dogu, munduan non kokatzen dan. Txapelketa Nagusiari erreferentzia egiten deutsagu, Euskal Herrian bertsolaritzeak daukan arrakastearen erreferentzia nagusia dalako. Badakigu plazaz plaza bertsolari eta zale asko ibilten dirana, baina BECeko 14.000 laguneko plaza hori da erakusgarri nagusia, eta hortik abiatu dogu ikus-entzunezkoa. Ondoren, adierazo dogu bertsolaritzea komunikazinoa dala, komunikazino barik ez litzateke bertsorik izango. Baina hiru ezaugarri berezi ditu komunikazino horrek: Errimatua da, kantatua eta neurtua. Hori dana banan-bana azaldu dogu. Maddalen Arzallusek teoria hori praktikan jarri dau, gaia emoten deutsien momentuan bertsolariak zenbat erabagi hartu behar dituan agertu dau. Bertso eskolak, Bertsozale Alkartea... be azaldu doguz.
2.- Ohituta ez dagoanarentzat, nekeza izan leiteke errimak, doinua, neurriak eta abar zelan lantzen diran ulertzea. Gatx egin jatzue azalpenak edonork ulertzeko moduan emotea?
Xabi Paya bera lehenagotik atzerrian ibilia da, bertsolaritzea zer dan azaltzen. Badauka esperientzia, eta badaki bertsolaritzea ezagutzen ez dabenek zer ulertzen daben ondo eta zer zehaztu behar jaken hobeto. Enkargua jaso genduan momentutik, garbi izan genduan Xabi Paya zala ikus-entzunezko honi formea emongo eutsan persona egokiena. Bere gidoia irakurri genduanean, bidea hori zala garbi ikusi genduan.
3.- Nori zuzenduta dago ikus-entzunezko hau?
Etxepare Euskal Institutuak lan handia egiten dau bertoko kulturea zabaltzen. Euren esanetan, jantzaz, zinemagintzaz edo antzerkiaz berba egiteko orduan, ez dago azalpen askorik emon beharrik, baina bertsolaritzea zer zan azaltzen hasi ziranean kanpoko unibersidadeetan, euskal etxeetan eta abar, zailtasun handia topau eben. Hori da gure publikoa, kanpoko unibersidadeetan euskal kulturea ikasten dabizanak, euskal etxeetako kideak... Guk, Mintzolan, badogu munduko kantu inprobisaduen sare bat, eta hor be askotan toketan jaku berbaldiak emotea, gure jarduna azaltzeko. Beste lurralde batzuetako inprobisatzaileek ulertu behar dabe bertsolaritzea euretako bat gehiago dala, baina badituala bere berezitasunak. Eta, zergaitik ez, Euskal Herrian bertan badago euskal hiztunak ez diran eta bertsolaritzea zer dan ez dakien jente asko. Publiko horrengana hurreratzeko baliagarria izango dala uste dot.
4.- Zelan zabalduko dozue ikus-entzunezkoa mundu zabalean?
Behar dauenak erabili deiala, hori da gure estrategia. Kanpoan dabizan ikertzaile, irakasle eta norbanakoen zerbitzura dago, honen barri ahalik eta gehien emotea da asmoa. Askok daukiez ezagunak kanpoan, eta ez dakie hareei zelan azaldu bertsolaritzea zer dan. Orain erraz izango dabe, Youtubeko linka bialdu eta listo.
5.- Azkenaldion bertsolaritzatik ahalegin handia egiten zabize mundura zabaltzeko.
Mintzola ahalegin handia egiten dabil munduko kantu inprobisaduen sarea osotu eta zabaltzeko. Horren adierazle da inprobisazinoaren munduko mapea, ez da kasualidadea Mintzolaren ildo nagusietako bat hori izatea, kulturartekotasuna eta kantu inprobisadua.
6.- Ikus-entzunezko formatua erabili dozue, zer abantaila emon deutsue?
Hogei minutu dira, denpora laburrean informazino asko emoten dau. Gaur egungo gizartea ikus-entzunezkoen gizartea da, eta jentea beharbada gehiago animauko da Youtubeko bideo bat ikustera berbaldi batera joan edo liburu bat irakurtzera baino. Ikus-entzunezkoak aukera asko emoten ditu, bai informazinoa sartzeko orduan eta baita publiko zabalagana heltzeko be.
7.- Material osogarririk sortuko dozue bideoagaz batera?
Bai. Proiektu honek atal bi ditu, eta horreetako bat da 20 minutuko ikus-entzunezko hau. Horren osogarri da bigarren partea, baten batek gai honetan sakondu nahi baleu. Hamar bertsoaldi aukeratu doguz, txapelketakoak zein plazakoak, eta urte hasieran Youtuben ipiniko doguz, hiru hizkuntzatan azpititulauta: Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Ikus-entzunezkoa ikusi eta gero, gehiago jakiteko gogoz geratzen danarentzat material aproposa da. Askotariko bertsoaldiak dira, bertsokera, bertsolari eta gai desbardinak aukeratu doguzalako.
8.- Jentearen eretxirik jaso dozue?
Bai, erreakzinoa oso ona izan da. Bideoak ikustaldi asko izan ditu dagoeneko. Kanpoko inprobisatzaileen aldetik, esker ona jaso dogu. Bertso munduko jenteak be ondo balorau dau hau. Kontuan izan hemengo jente asko munduan zehar ibili izan dala eta era honetako tresna baten faltea izan dabe. Beharrezkoa izan dan tresna bat sortu dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!