Bertsolaritzea zer dan atzerrian azaltzeko ikus-entzunezkoa sortu dabe

Bizkaie! 2018-12-05 09:14   Bertsolaritzea

What is Bertsolaritza? aproposa izango da inprobisazinoa ikertzen daben aditu eta artistentzat.

Bingen Zupiria, Eneritz Urkola, Marije Etxaniz, Andoni Egaña eta Irene Larraza, aurkezpenean (argazkia: Mintzola) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertsolaritzea ez dago bakarrik munduan, beste herrialde eta kontinente batzuetako hizkuntzetan be badago ahoz inprobisetako ohiturea. Baina euskerazko inprobisazinoak baditu berezitasun batzuk, esate baterako, gizartean daukan onarpen zabala. Nazinoartean hori guztia era labur eta errazean azaltzeko, ikus-entzunezkoa sortu dabe Mintzola Ahozko Lantegiak eta Etxepare Euskal Institutuak, Laboral Kutxaren babesagaz.

Donostian aurkeztu dabe What is Bertsolaritza? izeneko ikus-entzunezkoa. Ekitaldian izan dira Irene Larraza, Etxepareko zuzendaria; Marije Etxaniz, Laboral Kutxako komunikazino zuzendaria; Andoni Egaña bertsolaria; Eneritz Urkola, ikus-entzunezkoaren zuzendaria; eta Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua.

Aurkezpenean azaldu dabenez, nazinoartean ahozko inprobisazinoa ikertzen daben adituentzat aproposa da ikus-entzunezkoa, bertsolaritzeak dituan berezitasunak era erraz eta bizkor baten ikusi leikiezelako. Izan be, atzerriko ikerlari askoren interesekoa da bertsolaritzearen fenomenoa, baina eurentzako material gitxi dago.

Ganera, beste kultura batzuetako inprobisatzaileentzat eta eragileentzat be balio handikoa izan leiteke lan hau. Azken baten, bertsolaritzearen erakusleihoa dala dinoe sortzaileek. Xabi Payak idatzitako gidoian oinarrituta, eta Eneritz Urkola eta Jon Agirresarobe zuzendari dirala, Bertsozale Alkarteko ikus-entzunezko lantaldeak garatu dau proiektua.

What is Bertsolaritza? ingelesez dago, eta frantsesezko, gaztelaniazko zein euskerazko azpitituluak ditu. Hogei minutuko bideoan, bertsolaritzearen jatorri eta testuingurua azaltzen da, eta Bertsolari Txapelketa Nagusia abiapuntutzat hartuta, kantu inprobisaduaren deskribapena egiten da. Modu erakargarri eta argian azaltzen da, ganera, bertsoaren sormen prozesua. Gai unibersalen inguruko bertso bilduma batek osotzen dau proiektua.

Ikus-entzunezkoa sarean ikusi leiteke, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu