Zortzi faboritodun finala zapatuan

Dabi Piedra 2018-12-11 13:05   Bertsolaritzea

Ehun boluntario baino gehiago egongo dira Bilbao Arenan, eta milaka lagun harmailetan.

Zortzi finalistak eta Jon Enbeita, Bilbao Arenan | Ikusi handiago | Argazki originala

Faborito garbi-garbirik ez dauka 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak, pronostikoetan bardintasun handia dago. Zapatuan finala jokatuko dan lekuan bertan, Bilbao Arenan, alkartu dira zortzi finalistak, azken saiora zelan helduko diran azaltzeko. Irabazleari txapela jantziko deutsan Jon Enbeita eta Bizkaiko Bertsozale Alkarteko lehendakari Asier Ibaibarriaga be egon dira ekitaldian.

Danek nabarmendu dabe ez dagoala faborito garbirik, baina dana emotera eta ahalik eta ondoen abestera igongo dabela oholtzara. Izen bat edo bi ez dagozanez besteen ganetik, Jon Enbeitak dino final honek arrisku zoragarria daukala: Finalen amaieran, normalean, bertsolari bakarra aitatzen dau jenteak, irabazlea; oraingo honetan, saioaren kalidadea aitatuko dalakoan nago.

Aurten irabazleari txapela janztea egokitu jako Enbeitari, eta zeregin hori ohore handiz eta ilusinoz hartu dauela dino. Berak be final askotan kantau eban bere sasoian: Bizkaiko bostetan eta Euskal Herriko beste horrenbestetan. Bizkaikoan bi aldiz irabazi eban (1990 eta 1992). Txapelketea aurrera bidean ikusten dau Enbeitak: Garaian garaiko berezitasunak hartuta, bide onean doa.

Asier Ibaibarriagak informazino praktikoa emon dau, zapatuan finala ikusten Bilbao Arenara joango diranentzat. Saioa 17:00etan hasiko dan arren, sasoiz joateko eskatu dau, ateak 15:30ean zabalduko ditue. Garraio publikoa erabilteko deia be egin dau. Oholtza ganekoak izango dira protagonista, baina lan baliotsua egingo daben ehundik gora boluntarioen lana gogoratu eta eskertu dau Ibaibarriagak.

Bertsolarien adierazpenak

Etxahun Lekue: Gorputzaldi onagaz heldu naz finalera, ez dot prestakuntza berezirik egin egunotan, betiko kideakaz kantau baino ez. Trankil noa. 2016an txapeldun izan zan Lekue.

Jone Uria: Karrerako azterketetako sensazinoa daukat: Etxeko lanak eginda noa, ikasi beharrekoa ikasita. Lasai eta lanerako gogoz nago, helburua nota ona ateratzea da.

Aitor Bizkarra: Oso pozik nago finalera heltzeagaitik. Jolaserako prest eta ausart igongo dot oholtzara, helburu handi barik, disfrutetako asmoz. Saioko gazteena da Bizkarra, eta lehenengo finala dau.

Onintza Enbeita: Urduri nago, baina hankak lurrean dodazala noa finalera, daukadan guztia emotera. Jenteak disfrutetan badau, neuk be disfrutau dodan seinale.

Miren Amuriza: Gogotsu nago, maila aldetik parekatuta ikusten dot saioa. Horregaitik, bataila psikologikoa edo emozionala izango da batez be, nork ondoen eutsi izango da gakoa.

Xabat Galletebeitia: Gustura nago egindako lanketeagaz, zelan heldu nazen. Finalaurrekoetan ez neban ondo pasau, sufridu egin neban, eta horri bueltea emon nahi deutsat. Zor hori daukat neure buruagaz, eta zelan sufridu dodan dakien guztiakaz.

Eneko Abasolo, Abarkas: Bidea luze egin jat, udabarriko kanporaketetatik hona. Baina orain da urteko momenturik onena, finalera dana emotera joango naz.

Nerea Ibarzabal: Hau bigarren finala dot, eta oraingoan, zenbatgarren egiten dodan inportantea da. Finalisten artean lagun-giro ona dago, final ederra izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu