Jon Enbeitak jantziko deutso txapela Bizkaiko txapeldunari
2018-12-10 13:41 BertsolaritzeaPunta-puntako bertsolaria izan zan 1980ko eta 1990eko hamarkadetan.
Zapatuan, hilak 15, jokatuko da 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, Bilbao Arenan. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak jakitera emon dauenez, Jon Enbeita Ealo muxikarrak jantziko deutso txapela irabazleari. XX. mendearen bigarren erdiko Bizkaiko bertsolaritzearen ordezkari nagusietako bat izateagaitik, omenaldia egingo deutsie modu horretara.
Bertsolaritzea ardatz dauen familia bateko kidea da Jon Enbeita (Muxika, 1950). Balendin Enbeitaren semea da, eta haren bertsoak kantetan zaletu zan, txiki-txikia zala. Urte batzuk geroago, txapelketetan nabarmendu zan: 1980an Txapelketa Nagusian bigarren egin eban. Beste lau finaletan be egon zan (1982, 1986, 1989 eta 1993). Bizkaiko Txapelketan be bost bidar heldu zan finalera, artean Araba-Bizkaikoa zanean. 1990ean eta 1992an txapeldun izan zan.
Musikan be ibilbide oparoa egin dau Enbeitak. Nerabea zala hasi zan kantetan, gitarrea lagun, eta hainbat disko plazaratu ditu. Azkena, igaz. Bakarlari legez, Euskal Herri osoko kantaldietan parte hartu izan dau.
Zapatuan, beraz, bederatzigarren protagonistea izango da Jon Enbeita, zortzi finalistakaz batera. Saioaren amaieran izango da bere txandea: Epaimahaiak irabazlearen barri emoten dauenean igongo dau oholtzara, 2018ko txapeldunari txapela jazten. Enbeitak berak bi aldiz jantzi ebana, hain zuzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!